Eskuin muturra EBn: banatu eta galdu

Ultraeskuindarrek gora egingo dute Europako Parlamenturako bozetan. Hori aintzat harturik, buruzagiak kalkuluak egiten ari dira datorren legegintzaldian eragin handiagoa izateko. Von der Leyenek atea ireki dio alderdi horietako batzuekin itunak egiteari.

(ID_17176702866245) (/EZEZAGUNA)
Ezkerretik eskuinera: Alice Weidel (AfD, Alemania); Giorgia Meloni (FdI, Italia); Jaroslaw Kaczynski (PiS, Polonia); Marine Le Pen (RN, Frantzia); Geert Wilders (PVV, Herbehereak); eta Viktor Orban (Fidesz, Hungaria). BERRIA
ander perez zala
2024ko ekainaren 7a
05:15
Entzun

Berez, lortuko duten eserleku kopurua bainoago, berritasuna, edo albistea, zera litzateke: eskuin muturreko alderdiak eta eskuineko indar euroeszeptikoak talde parlamentario berean elkartzea Europako Parlamentuan.

Hori baita EB Europako Batasuneko alderdi ultraeskuindarren buruzagietako batzuek beren buruari jarri dioten helburua igandeko Europako Parlamenturako hauteskundeen ondorenerako. Botere balantza eskuinera mugituko da boz horietan, betiere inkesten arabera, eta balizko agertoki horretan zeresan handia izan lezakete eskuin muturrekoek eta eskuindar euroeszeptikoek, bigarren indarra bilakatzekotan baitira, alderdi horien guztien ordezkaritzak gehituz gero.

Festarako arrazoia, hortaz, baita buruhauste eta arazo iturri ere; eta ez edonolakoa. Urteotako esperientziak agerian utzi baitu alderdi horien guztien lankidetzarako gaitasunik eza, eta hori oztopo izan dela egiazko pisua izateko Europako Parlamentuaren eta EBren egunerokotasunean. Ez dute lortu, finean, hautetsontzietan izandako arrakasta talde komunitarioko eragin jokoan islatzea.

Azken legegintzaldian (2019-2024) bi multzotan banatu dira eskuin muturreko alderdiak eta eskuindar euroeszeptikoak Europako Parlamentuan. Batetik, ID Identitatea eta Demokrazia taldean daude, besteak beste, Italiako Lega —28 eserleku lortu zituen 2019ko hauteskundeetan—, Frantziako RN Batasun Nazionala —22 aulki— eta Flandriako VB Interes Flandriarra —hiru eurodiputatu—; gehienbat ultraeskuindarrak dira, eta talde komunitarioaren kontrakoak.

Eta, bigarrenik, ECR Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak talde parlamentarioan daude, esaterako, Poloniako PiS Legea eta Justizia —26 eserleku—, FdI Italiako Anaiak —bost aulki— eta Espainiako Vox —hiru eurodiputatu—; oro har, indar nazionalista, ultrakontserbadore eta populistak dira, EBrekiko kritikoak, eta beren herrialdeetako agintean daudenak, edo egon direnak.

IDn —73 eurodiputatu— eta ECRn —62 eserleku— egon diren alderdiek 2019an lorturiko aulkiak batu eta talde bakarra osatu izan balute, 135 ordezkariko multzo bat izan zitekeen, eta, hortaz, Europako Parlamentuko hirugarren indarra, Berdeak-EFA Europako Aliantza Librearen eta RE Renew Europeren —liberalen— aurretik; eta garai hartan EAP Europako Alderdi Popularrean zegoen Hungariako Fidesz Demokrata Gazteen Federazioaren hamabiak gehituz gero, 147 eserlekukoa, bigarrena izan den S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistaren 154etatik gertu.

Hori izan zitekeen eskuin muturrekoen eta eskuineko alderdi euroeszeptikoen indarra aurreko legegintzaldian, baina barne desadostasunek eta zatiketek ezinezko bilakatu zuten talde bakarra eratzea; eta, igandean ere ordezkaritza handituko duten arren, gauza bera gertatzea espero da. Desadostasun horien adibiderik argigarriena Errusiarekiko duten jarrera da: herrialde horretako armadak 2022ko otsailean Ukraina inbaditu zuenetik, ECRkoek Kieven eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren aldeko jarrera argia izan dute; IDkoak, aldiz, Moskurekin lerratu dira.

Eta bi taldeen arteko desadostasunez gain, badira taldeetako barne arazo eta gatazkak ere. Iragan hilabetera arte IDn egon den AfD Alemaniarentzako Alternatibari galdetzea besterik ez dago. Zeren eta, datorren legegintzaldiari eta normalizazio prozesuari begira —eta, bide batez, Frantziako 2027ko presidentetzarako bozetarako—, RNko Marine Le Peni iruditzen zaio ez zaiola komeni AfDrekin bat egitea, muturrekoegia delakoan, eta horregatik erabaki zuen alderdi hori ID taldetik botatzea. Aitzakia zera izan zen: Alemaniako eskuin muturrekoen zerrendaburu Maximilian Krahek orain aste batzuk esan zuela nazien garaiko SS Schutzstaffel indar paramilitarreko kide guztiak ez zirela nahitaez kriminalak —Krahek dimisioa eman zuen iragan maiatzaren 22an, adierazpen horrengatik—.

Hortxe datorren legegintzaldira begirako kalkuluetako bat, nahiz eta, inkestei erreparatuz gero, AfDk 2019an baino ordezkaritza handiagoa lortuko lukeen igandean, eta, beraz, ID galtzen aterako litzatekeen, aulki kopuruari dagokionez; betiere, talde gisa datorren legegintzaldian oraindik ere existitzen bada.

Alemaniako eskuin muturrari gertatuko zaionaz gain, Fideszen erabakia ere garrantzitsua izango da talde parlamentarioak osatzerakoan, ziurra baita berrantolaketa bat izango dela datorren igandeko bozen ondoren. Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren alderdia 2021ean atera zen EAPren talde parlamentariotik, zuzenbide estatua ez errespetatzeagatik jaso zituen kritikengatik, eta, berez, ECRn sartzea litzateke erabakirik koherenteena; baina Orban errusiazalea da, eta horrek ez du bat egiten multzo horretan dauden alderdiekin.

Le Penen deia Meloniri

ECR 2009an sortu zutenetik, eskuin muturrekoek eta eskuindar euroeszeptikoek ez dute lortu talde bakarrean elkartzea, nahiz eta urteotan hainbat saiakera izan diren. Baina badira batzuk ez dutenak amore eman: iragan maiatzaren 26an, Le Penek proposamen hori helarazi zion Meloniri, «aukera baliatu» eta Europako Parlamentuko «bigarren taldea» eratzeko.

Italiako lehen ministroaren erantzunak agerian utzi zuen hura ere kalkuluak egiten ari dela, Frantziako buruzagi ultraeskuindarrari esan baitzion eskuineko indar ororekin lan egiteko prest dagoela; hau da, ez zion atea itxi, baina ez zuen soilik harentzat utzi irekita. Horretan guztian aintzat hartzeko beste faktore bat: Le Penen eskaria baino hiru egun lehenago, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuela Meloniren alderdiko eurodiputatuekin lan egiteko prest dagoela datorren legegintzaldian.

(ID_13184656) ITALY MIGRATION
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa —eskuinean— Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari begira, iazko irailean, Lampedusan (Italia). CIRO FUSCO / EFE

Eta horri gehitu behar zaio Von der Leyenek berak joan den apirilaren 30ean jakinarazitakoa, Politico atariak antolaturiko eztabaida batean azaldu baitzuen ez duela baztertzen, oro har, ECR taldekoekin lankidetzan aritzea; bai, ordea, IDkoekin. Horrek hautsak harrotu zituen, eta, gerora, Europako Batzordeko presidenteak hiru baldintza zehaztu zituen balizko kolaborazio horretarako; lehenik, alderdiak europazaleak izatea; bigarrenik, zuzenbide estatua babestea; eta, hirugarrenik, Ukrainaren aldekoak izatea, eta ez errusiazaleak.

Egun gutxian, hortaz, Von der Leyenek —eta EAPko alderdikideek— kontakizuna finkatu zuten justifikatzeko kontserbadoreek datorren legegintzaldian eskuin muturreko alderdi batzuekin ados jartzea; hau da, desberdintasun bat egin zuen ultraeskuin onaren eta txarraren artean. Dena den, zatiketa hori ez da erabat berria; Europako Parlamentuan, ECR-rena da presidenteordetza bat —Roberts Zile, Letoniakoa—, eta dagoeneko lan egin du EAPrekin, S&Drekin, eta RErekin zenbait aferaren inguruan. IDren kasuan, aldiz, askoz ere euroeszeptikoagoak dira bere eurodiputatuak, eta horien kontrako babes hesi bat dago indarrean.

Inkestek diotenez, badira aukerak eskuin muturra eta eskuin euroeszeptikoa Europako Parlamentuko bigarren indarra bilakatzeko; eta, zundaketen arabera, lehena izatekoa ere bai. Testuinguru horretan, Meloni dago interes guztien erdian, Von der Leyen eta Le Pen baititu ate joka; baina Italiako lehen ministroak, oraingoz, ez ditu karta guztiak erakutsi.

Edonola ere, zeharka adierazitakoen arabera, eta aintzat hartuta ia ezinezkoa dela ECR eta ID osatzen duten alderdiak elkartzea, badirudi Melonik Europako Batzordeko presidentearen aldeko apustua egingo duela, urteotan izan duten sintonia onak eta elkar ulertzeak sustatuta. Eta norbere interesen arabera, noski.

EAP-k ez zuen sinatu eskuin muturrekoen erasoak salatzeko gutuna

Matthias Ecke SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren Europako Parlamenturako bozetarako zerrendaburua jipoitu zuten joan den maiatzaren 3an, haren alderdiaren kanpainarako afixak itsasten ari zela. Ecke ospitaleratu egin behar izan zuten, eta aferak oihartzun handia izan zuen herrialde horretan zein Europako Batasuneko beste estatu kideetan. Handik egun gutxira, eta eraso horren harira, ganberan ordezkaritza duten bost alderdi handik gutun bat sinatu zuten eskuin muturrekoek Alemanian, Belgikan, Espainian, Irlandako Errepublikan eta Suedian politikarien kontra egindako erasoak salatzeko; EAP Europako Alderdi Popularrak, ordea, ez zuen testu hori sinatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.