Eskuin muturra agintetik kanporatu dute liberalek Esloveniako bozetan

Mugimendu Askatasuna alderdi berriak botoen %34,5 jaso du. Lehen ministro izendatuko dute Golob, energia enpresa bateko buru ohia

Emakume bat, Esloveniako Parlamenturako hauteskundeetan botoa ematen, herenegun, Ljubljanan. ANTONIO BAT / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Esloveniako Parlamenturako hauteskundeek aldaketa behartuko dute herrialdeko gobernuan. Mugimendu Askatasuna alderdi liberala alde nabarmenarekin gailendu zitzaion Janez Jansa jarduneko lehen ministroaren Alderdi Demokratikoari, igandean egin ziren bozetan. Horrenbestez, eskuin muturreko gobernuburua agintetik kanporatuko du. Mugimendu Askatasunak botoen %34,5 lortu ditu, eta hamar puntutik gorako aldea atera dio Jansaren indarrari. Botoen %23,5 bildu ditu hark.

«Jendeak egiaz aldaketa nahi duela esan nahi du», adierazi zuen Robert Golob alderdi liberalaren liderrak, atzo, bideo bidezko mezu batean, bere etxetik, COVID-19arekin kutsatuta baitago. Bere jarraitzaileei adierazi zien atzokoa «dantzarako» eguna izango zela, baina gaurtik aurrera «lanean gogor» hasiko zirela eman dieten «konfiantza justifikatzeko».

Jansak liberalen garaipena aitortu zuen, botoen zenbaketa aurreratua zegoenean. «Emaitzak direnak dira. Zorionak irabazle erlatiboari». Alderdi Demokratikoak inoiz lortu duen boto kopururik handiena lortu zuen, baina,hala ere, urrun gelditu zen garaipenetik. Parte hartzeak zuzenean eragin zuen horretan. Aurreko bozetan, 2018koetan, %52koa izan zen, eta, herenegun, berriz, %67 ingurukoa.

Mugimendu Askatasunak 41 diputatu izango ditu 90 aulkiko parlamentuan; 27 egokituko zaizkio Alderdi Demokratikoari: zortzi Eslovenia Berria indar demokristauari; zazpi Sozial Demokratei, eta bost Ezkerrari. Beraz, Golobek ezkerreko indarren artean bilatu beharko du babesa, koalizio gobernu bat eratzeko edo, besterik ez bada, parlamentuan egonkortasuna lortzeko.

EBrekin talka

Bruselan, begi onez ikusiko zituzten Esloveniako emaitzak, EB Europako Batasunak Jansaren gobernua salatu izan baitu kazetarien kontrako erasoengatik, prentsa askatasunaren kontra jarduteagatik, eragin handiko postuetan bere hurbilekoak ezartzeagatik eta zuzenbide estatu bati dagozkion printzipioak urratzeagatik. Eslovenia sistema autoritario baterantz bultzatzea leporatu diote Jansari haren aurkari politikoek. Jarduneko lehen ministroak hainbatetan aurkeztu du bere burua Donald TrumpAEBetako presidente ohiaren miresle gisa, eta Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren aliatua izan da. Hark ez bezala, ordea, Jansak gaitzetsi egin du Errusiak Ukraina inbaditu izana, eta armak bidali dizkio Kievi. Hirugarren agintaldia izan du igandera artekoa (2004-2008, 2012-2013 eta 2020-2022).

Jansaren politiken kontrako erreakzio gisa eratu zen Mugimendu Askatasuna joan den urtarrilean. Golobek, norabidea aldatu, eta «normaltasuna» ezarriko duela hitzeman du. Bere lehentasunen artean aipatu ditu Esloveniako hedabide publikoa eragin politikoetatik babestea, udazkenera begira koronabirusaren beste agerraldi posible bati aurre egiteko prestatzea eta energia hornikuntza bermatzea.

Golob Esloveniako energia enpresa publiko bateko buru ohia izan da, 2004tik 2021era bitartean. Mugimendu Askatasuneko buru izendatu zuten, joan den urtarrilean. Esloveniako hurrengo lehen ministro izango denak agenda berde bat sustatzea, «gizarte ireki bat» bilakatzeko politikak, «normalizazioa» eta ongizate estatu moderno bat eraikitzeko urratsak agindu zituen orduan.

Esloveniak 2,1 milioi biztanle ditu. EBn biztanleriarik txikieneko herrialdeetan seigarrena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.