UDAKO SERIEAK. Autokraziak. Nikaragua (II)

Eskubideak Ortegaren erara okerturik

Azken urteetan handik erbesteratu diren giza eskubideen aldeko ekintzaileak mintzo dira, egoera laburbilduz: Nikaraguan «suntsituta» dago sistema politikoa, eta estatuaren botere bakar bat ere ez da independentea.

Rosario Murillo presidenteordea eta Daniel Ortega presidentea, 2018ko ekitaldi publiko batean. JORGE TORRES / EFE
Rosario Murillo presidenteordea eta Daniel Ortega presidentea, 2018ko ekitaldi publiko batean. JORGE TORRES / EFE
Igor Susaeta.
2024ko abuztuaren 7a
05:05
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Zalantza egiteko aukerarik ez du ematen esaldiak. «Nikaraguan ez dago erakunde bakar bat ere era independentean defenda ditzakeena giza eskubideak». Salvador Marenco abokatu nikaraguarra mintzo da, Nicaragua Nunca Mas taldeko kidea. Datu bat eman du: gizarte zibileko 3.766 erakunde indargabetu ditu Nikaraguako Gobernuak 2018az geroztik. «Disidentzia guztia izan da jazarria, kartzelatua, edo erbesteratu egin behar izan du». Costa Ricatik ari da, telematikoki. Han eta munduko besten toki batzuetan dauden errefuxiatu nikaraguarrekin lan egiten dute. «Nikaraguan ez dago modurik publikoki adierazteko ez zaudela ados erregimenarekin. Bazter batean gelditu eta 'askatasuna preso politikoentzako!' edo 'gora Nikaragua aske!' oihu egiten baduzu, segituan atxilotzen zaituzte», nabarmendu du.

2018. urtea ez du alferrik aipatu. Daniel Ortega buru zuen (eta duen) gobernuak Gizarte Segurantzaren erreforma bat hauspotu zuen, eta horrek herritarrak matxinatu zituen. Estatuko indarrek zein indar paramilitarrek gupidarik gabe aurre egin zioten matxinadari: lauzpabost astetan 355 pertsona hil zituzten gutxienez, Giza Eskubideen Interamerikako Auzitegiaren datuen arabera. «Rosario Murillok [presidenteordea eta Ortegaren emaztea] egun haietan bidalitako mezu elektroniko batzuk filtratu ziren. 'Egurra emango dugu' esaten zuen horietan», adierazi du Azahalea Solis abokatuak. Nikaraguako Emakumeen Mugimendu Autonomoko kidea da, eta hura ere erbestetik mintzo da, Costa Ricatik.

Marencoren esanetan, ordurako «autokrazia espiral batean» sartua zegoen herrialdea; «instituzionalizazioa deuseztatzen ari ziren, eta giza eskubideak pixkanaka okertzen». Gaur egun, «erabat» okertuta daude eskubide horiek. Zehaztu du aurretik ere bazirela «mehatxuak, kartzelatze arbitrarioak, torturak», baina, nolabait, «itxurak» zaintzen zituela Ortegak.

Dena den, 1970eko hamarkadaren amaieran Iraultza Sandinista ezkerreko mugimenduaren liderretako bat izan zenak 2000ko hamarkadaren bukaeran bultzatu zuen herrialdearen geroa baldintzatuko zuen erreforma bat. Konstituzioaren 147. artikuluak esaten zuen presidente batek ezin zituela bi agintaldi baino gehiago egin. Ortegak hori aldatzea hauspotu zuen, eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion bi urte geroago, 2009an. FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako buruak, hortaz, 2011ko presidentetzarako bozetara ere aurkeztu ahal izan zuen —aurrez, 1985etik 1990era eta 2007tik 2011ra ere izan zen presidente—. Karguan segitzen du.

Horren guztiaren ondorioz, Nikaraguako sistema politikoa «guztiz suntsituta» dagoela azpimarratu du Solisek. «Orduan, ezinezkoa da alderdiak solaskide gisa hartzea. Gainean, Asanblea Nazionaleko alderdi gehienak diktaduraren alde daude. Ortegak, urteetan, bere oposizio propioa sortu du. Horiek, beraz, ezin zuten mintzakide izan elkarrizketetan». 2018ko eta 2019ko Elkarrizketa Nazionalaz ari da. Elika katolikoak egin zituen bitartekari lanak, eta Solisek parte hartu zuen, Apezpiku Batzarrak eta gizarte zibilak deituta. «Prozesu hark, baina, egiazki ez zuen biderik egin».

Izan ere, Marencoren hitzetan, estatuak Nikaraguan dituen lau botereen artean —judiziala, legegilea, exekutiboa eta hauteskunde boterea— bakar bat ere ez da independentea. «Botere horiek guztiak bikote presidentzialaren menpe daude».

«Gizateriaren kontrako krimen horiek mundu guztiari eragiten diote, ez bakarrik Nikaraguari»

SALVADOR MARENCONicaragua Nunca Mas

Prozedura judizialetan, adibidez, zer gertatzen den esplikatu du. «Egun, bideo dei baten bidez egiten da. Kartzelan egiten da ustezko epaiketa bat, simulazio bat, eta inor ez da enteratzen. Senideek zailtasunak izaten dituzte kartzelatuekin harremanetan jartzeko, eta, gainera, mehatxatu egiten dituzte». Eta «modalitate berri bat» ere aipatu du: «Egun, atxilotu bezain pronto desagerrarazten zaituzte; ia atxilotu oro desagerrarazten dute».

(ID_13800665) -FOTODELDÍA- NICARAGUA CRISIS
Ortegaren kontrako protesta bat Managua hiriburuan, 2018ko apirilean. JORGE TORRES / EFE

Ortega pixkanaka lerratu da autokraziarantz. Eta autokraten jokabidean ohikoa izaten da mugimendu sozialak desagerraraztea, gutxiengoen kontra egitea. Duela ia hogei urte, 2006an, berriro presidente izan aurretik, FSLNk abortatzeko eskubidea indargabetzea babestu zuen. Urtebete geroago, Asanblea Nazionalak onartu zuen abortua penalizatzea. Aintzat hartu behar da abortatzeko eskubidea XIX. mendetik jasota zegoela herrialdeko zigor kodean.

«Nikaraguako emakumeen mugimendua izan da mugimendu aitortu bat Latinoamerikan. Parean, duela aspalditxotik, eskubideen kontrako mugimendu bat dago Latinoamerikan. Momenturen batean planteatu zen Nikaraguako feminismoa ukitu behar zela, eta moduetako bat izan zen abortua zigortuz», azaldu du Solisek. Nabarmendu du Nikaraguako emakumeen mugimenduak eduki zuela mobilizatzeko gaitasuna, eta, besteak beste, ustelkeriaren, legez kanpoko itunen eta konstituzioaren erreformaren kontra egin zuela. «Mugimendu horri iraultzaren amaieratik egun arte eutsi zaio. Sindikatuak-eta ere asimilatu ditu diktadurak. Emakumeena izan zen mobilizazioei eutsi zien mugimendu bakarra, herrialdean zein nazioartean eragiten. Beraz, suntsitu beharrekoa zen».

Herritartasuna kendu

Eta 2007an berriro presidentetzara heldu zenean, Ortegak egin zuen lehen gauzetako bat izan zen emakumeen erakundeen eta estatuko instituzioen arteko harremanak «txikitzea». Hau da, indarkeria nozitzen zuten emakumeak artatzeko sistema integrala eraitsi zuen. «2008an kanpaina oso biolento bat hasi zen emakumeen lidergoaren aurka, baita eraso pertsonalak eginez ere». Gaur egun arte.

«Emakumeena izan zen mobilizazioei eutsi zien mugimendu bakarra, herrialdean zein nazioartean eragiten»

AZAHALEA SOLISEmakumeen Mugimendu Autonomoa

Eta zer egin, horrenbestez, kontuan hartuta egoera «larria» dela, Marencok definitu moduan? Haren ustez, «guztiz beharrezkoa» da nazioarteko presioa. Joan den martxoan bertan, NBE Nazio Batuen Erakundearen aditu talde batek azpimarratu zuen arrazoi politikoengatik egindako gizateriaren kontrako krimenak ohikoak direla Nikaraguan. Giza Eskubideen Interamerikako Auzitegiak ere antzeko ondorioak plazaratu izan ditu. «Gizateriaren kontrako krimen horiek mundu guztiari eragiten diote, ez bakarrik Nikaraguari. Zeren krimen mota horrek beste nazioak ere iraintzen ditu, eta, orduan, ahalbidetzen die estatu guztiei, nazioarteko instituzio guztiei, eskubideak errespeta daitezela eskatzen jarraitzea. Presio hori eskatzea da nikaraguarrok dugun bide bakarra».

(ID_13800325) COSTA RICA NICARAGUA CRISIS
Ortegaren eta Murilloren aurkako kartel bat, 2018an Managuan egindako manifestazioetan. JEFFREY ARGUEDAS / EFE

Eta nazioartea aipatuta, Marencok gogorarazi du Ortega eta Murillo arduratu direla mundu osoan barreiatuta dauden oposizioko kideak, kazetariak —«2018tik 57 hedabide itxi dituzte Nikaraguan, eta gutxienez 270 kazetari erbesteratu dira»—, giza eskubideen aldeko aktibistak eta beste jazartzeaz. «Sare sozialean bidez mehatxatzen dituzte, zelatatuz, beren senideekin gauza bera eginez... Diktaduraren garroak Nikaraguatik haratago hedatu dira».

Diktaduraren beste maniobra bat izan da disidenteei herritartasuna kentzea. Gutxienez laurehun pertsonari kendu diete, Ortegak iazko otsailean hori agindu zuenetik. Solisi berari kendu zioten, esate baterako. «Herrialdean nolabaiteko lidergoa genuen feminista batzuei kendu digute, eta erbesteratu egin ginen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.