Morbihan, Ille-et-Vilaine, Cotes-d'Armor eta Finistere departamenduak biltzen dituen Bretainiako Eskualde Kontseiluak bretoieraren aldeko hizkuntza politikaren egitasmoa onartu zuen iragan astelehenean. Bretainia historikotzat jotzen diren bost departamenduetan ezarriko da proiektua, hau da, Administrazioak aintzat hartzen ez duen Loire-Atlantique departamenduan ere bai. Parisek Pays de Loire eskualdean ezarri du administratiboki Loire-Atlantique.
Bretainiako Eskualde Kontseiluko presidente Jean-Yves Le Drian sozialistak aurkeztu zuen bretoieraren erabilera sustatzeko egitasmoa, eta aho batez onartu zuten. Bretainako hizkuntzen artean, frantsesaz gain, bretoiera eta galiera ere (Ille-et-Vilaine eta Cotes-d'Armor departamenduetako nekazaritza guneetan hitz egiten den hizkuntza, alegia) aintzat hartzen ditu. Egitasmoaren helburuak hizkuntza horien iraupena, transmisioa eta garapena ziurtatzea da. Hezkuntza elebiduna, prestakuntza pertsonala eta eguneroko bizitzako erabilera ere bultzatu nahi dute, eta, horretarako, kultura eta hedabideak sustatzeko proiektuak egingo dira. Gainera, 2010a baino lehen, Diwanen, Div Yezh et Dihunen 20.000 ikasle eskola bretoietan eskolatzeko xedea dago. Loire Atlantiquen ere bretoierazko bigarren hezkuntzako institutu bat egiteko bidea zabaltzea nahi dute.Loire-Atlantiqueko Kontseilu Nagusiak egitasmoa ezartzeko asmoa azaldu du. Erakunde horrek, bretoierari babesa eman dio noiz edo noiz. Departamendu horretako Guerande eta Naoned udaletan, adibidez, aspalditik ematen diote sostengua bretoierari eta hizkuntza horretako eskolei.Departamendu horretan ekimena abian jartzeko, kultur arloko elkarte publiko bat eratuko dute. Patrick Mareschal departamenduko presidente sozialistaren arabera, egitasmoak Jacques Auxiette Pays de Loire presidentearen sostengua ere izango du.Era berean, Batasun Demokratiko Bretoiak pozik hartu du bost lurralde historiko horietarakorako onartutako egitasmoa.
Bretoieraren babeserako Storum Ar Brezonheg (SAB) elkartearen arabera, hizkuntzaren ezaguera eta erabilera gutxituz doa urtez urte, eta egoera larrian dago. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak galtzear dauden hizkuntzen barruan sartu du bretoiera. 1983. urtean bost departamendu historikoetan 600.000 pertsonak hitz egiten zuten (biztanleriaren %16,3k). 1999an eginiko azken erroldaren arabera, berriz, 304.000 pertsonak hitz egiten zuten (%7,5ek). Bestalde, hitz egin ez arren ulertzen dutenak 350.000 dira. Azken ikerketen arabera, biztanleriaren %64k 60 urte baino gehiago ditu (40 urtetik beherakoak %4 bakarrik dira), eta biztanleriaren zahartzearen ondorioz, 10.000 hiztun galtzen dira urtean.
Itxaropena badago
Finisteren, Cotes-d'Armorren eta Morbiharnen hitz egiten da hizkuntza eta, beraz, badago itxaropenik. Gainera, bretoi gehienak hizkuntza mantentzearen aldekoak dira (%92, azken azterketen arabera) eta gero eta gehiago dira elebitasunaren aldekoak.
Helduentzako gau eskolak eta posta bidezko ikastaroak dira ikasteko gehien erabiltzen diren bideak. Orain arte 40.000 lagunek era horretan ikasi dutela adierazi dute eta, egun, 6.000 ari dira ikasten. Horretaz gain, eskola bretoiek gero eta ikasle gehiago dituzte urtez urte. Lehen Hezkuntzan, adibidez, 1989an 937 ikasle besterik ez zen, eta aurtengo datuen arabera, 8.263 izatera iritsi dira. Bost departamendu bretoietan, oinarrizko hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan 9.700 ikasle daude matrikulatuta orotara.Ikasgela gehiago irekitzeko eskaera gero eta handiagoa da, baina irakasle faltak eta Administrazioaren, politikarien eta irakasle frantsesen borondate ezak atzera botatzen ditu asmo horiek.Herritarren borondatearen emaitzak, ordea, agerikoak dira. Bretainia osoan, hamabost eta hemeretzi urte bitarteko gazteen artean %0,8k bakarrik hitz egiten dute bretoiera, baina bost eta hamalau urte bitartekoen artean, %3k hitz egin eta %4,5ek ulertzen dute. Kopurua gero eta handiagoa da, eta urte batzuk barru 20 urtetik gorako hiztunak bretoiera hitz egiten duten guztiena baino gehiago izatea espero da (biztanleriaren %5ek 200.000 lagun ordezkatzen ditu). Beraz, brezhoneg-a salbatzea posible da, betiere bitartekoak izanez gero.
BRETAINIA
Eskualde Kontseiluak aho batez onartu du bretoiera sustatzeko egitasmoa
Bretainia historikoko bost departamenduetan ezarriko da egitasmoa, administrazioaren baitan ez dagoen Loire-Atlantiquen ere bai, alegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu