Esku hartze adeitsuari keinua

Denbora beharko da neurtzeko AEBetako presidente batek 88 urtean egindako lehen bisitaren garrantzia, baina lehen begiratuan ikus daiteke AEBek bere printzipioetan oinarritu nahi dutela Kubarekiko harremana; orain artekoa ahaztu eta etorkizuna eraikitzen hasi nahi du Obamak.

Barack Obama AEBetako presidentea, Kuba utzi aurretik, Jose Marti aireportuan, Habanan, asteartean. ORLANDO BARRIA / EFE.
Habana
2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Denbora beharko da jakiteko zein garrantzia izan duen Barack Obama AEBetako presidenteak Kuban igarotako 50 bat orduren bisitak, eta beharrezkoa izango da ezagutzea bilera pribatuetako edukiak. Dena den, itxuraz gertatutakoaren analisia eginez gero, esan daiteke harreraeguraldiaren parekoa izan zela: euriak eta haizeak lagundutako ongietorri hotza izan zuen AEBetako presidenteak; aireportuan maila ertaineko batzorde batek egin zion harrera, Bruno Bruno Atzerri ministroak eta Josefina Vidalek gidaturik. Vidalek zuzendu ditu zorrotz eta duinki bi herrialdeen arteko negoziazioak, 2014ko abendutik hona. Hala ere, Obamaren etorrerak ez zuen zerikurisik izan, adibidez, Francisco aita santuak izan zuen harrera beroarekin.

Atertu ahala, eguna hozten joan zen, eta Obama sendiak arropa bila joan behar izan zuen AEBen enbaxadara, Habanako malekoian. Bertatik zuzenean eraman zituzten Gune Historikora; han, euripean egin zuten ibilaldia, segurtasun arrazoiengatik herritarren begiradatik urrun. Katedralera iristean Ortega kardinalak egin zien ongietorria.

Obama haizearen kontra zebilen, baina giroa xamurtzeko prest zetorren; hala, irribarre egiten jarraitu zuen, denekin gertuko eta adeitsu agertuz, bere familiak inguratuta (emazteak, bi alabak eta amaginarrebak).

Astelehenean hozberoak dezente egin zuen behera, baina Obamak, arropa gehiagoren babesean, temati jarraitu zuen, bere irribarre argia bandera moduan erabiliz. Iraultzaren Plazan Jose Martiri lore eskaintza egin zion, eta erabat lasai, konplexurik gabe, argazkiak egitea onartu zuen, bere atzean Che eta Camilo Cienfuegosen irudiak zituela. Hori egin eta berehala, bi ordu inguruko bilera pribatua izan zuen Raul Castro Kubako presidentearekin, eta ondoren, bi presidenteek prentsaurrekoa egin zuten. Lasai ziruditen bi agintariek, eta ez zuten arazorik izan bi herrialdeen artean ezberdintasun handi-handiak daudela onartzeko. Alderantziz, ezberdintasun horiek normalizazio prozesuaren ezinbesteko parte direla adierazi zuten. Tentsio handiagokoa izan zen komunikabideek galderak egin zituzten unea. Azken txanpan, argi utzi zituzten beren eskaerak: giza eskubideak, askatasuna eta demokrazia eskatu zituen Obamak; bahimendua kentzea eta Guantanamoko basea itzultzea Castrok.

Handik beste bilera batera joan zen Obama, kontuan hartzekoa hori ere: AEBen eta Kubaren arteko negozio foroaren bilerara eraman zuten. Bi alderdientzat gai garrantzitsua da hori. Foroak abian dituzten barne aldaketetako batzuk babesten dituela berretsi zuen 200 parte hartzaile kubatarren aurrean, autonomo nahiz estatuarentzat lanean dihardutenentzat. Hain justu, AEBetako politikak badirudi bereziki itxaropena jarria duela bere kabuz lan egiten dutenengan.

Gaueko derrigorrezko atsedenaldiaren ondoren, AEBetako presidenteak ezohiko erronka zuen aurrean: Kubako herritar guztiei hitz egitea telebista kate publikoan, zuzenean.

Gazteei mintzatu zitzaien

Zalantzarik gabe, esperientzia handia duen hizlari baten hitzaldia izan zen, begi bistakoa zen entzule gazteenak erakarri nahi zituela. Ez Kubako etorkizuna beren esku egongo delako bakarrik; memoria selektiboa eta interesatua delako premisatik abiatzen baita AEBetako presidentea.

Hitzaldian aipatu zuenez, bere bidaiaren helburua Gerra Hotzaren azken arrastoak lurperatzea da. Etorkizun oparo baten atarian, irudi luke ahaztu egin behar dela aurreko 55 urteetan bi herrialdeen artean gertatutako guztia, atzean utziz eta ahaztuz bost hamarkadetan jasandako sufrimenduaren ardura.

Dudarik gabe, proposamen erakargarria da, arbuiatzen zaila, baina Obamaren esandakoetan bada lerro artekorik, hark esan bezala, «hipokrisia gabeko hitzak» izan diren horietan: zehaztasunez, argi, esan du pentsatzen duena kubatarrek egin behar dutenaz bizi garen mundu globalera sartzeko, eta nola bideratu nahi dituen mundu horretara.

Adiskidetsu, baina esku hartzetik hurbil dira haren proposamenetako asko: Made in USA erara, demokrazia eta askatasunaren onurei buruzko irakurketak eta ideiak txertatu zituen. Azken hamarkadan zanpatu dituzten eta jazarri zaizkien hainbat herrik ezbaian jarriko lituzkete balio horiek euren errealitate triste eta odoltsuekin, baina hori beste gai bat da.

Printzipioen adierazpen bat izan zen hitzaldia, ezohikoa den aldetik azpimarratu beharrekoa, ez ahazteko: «Kubak jakin behar du AEBek bere subiranotasuna eta independentzia errespetatuko dituztela».

Kontuan hartu, hautazko amnesia historikoa, bi ahoko ezpata izan daitekeela, asmo onetatik urrun. Duela 110 urte AEBetako presidente William Mc Kinleyk gauza bera baieztatu zuen, Kuban Espainiaren porrotaren ondoren, eta Platt Emendakinarekin erantzun zuen, 40 urtean Kubako barne gaietan esku hartzeko eskubide konstituzionalarekin, baita Guantanamoko basearekin ere.

Batzuek pentsatu zutenaren kontra, Raul Castro presidenteak ez zuen gezurtatu Obamaren hitzaldia beste hitzaldi batekin. Entzuleak agurtu besterik ez zituen egin. Gertaera ezohikoa da beste herrialde bateko presidente batek —bost hamarkada baino gehiagotan erasotzaile izan denak, nahiz eta ez den Obamaren ardura— Kubako herrialdeari esatea zer egin behar duen, inolako trabarik eta lotsarik gabe.

Ia arnasik hartu gabe bere atzerri politikari buruzko hitzaldia egin ondoren —une batzuetan barne politika zirudien—, Barack Obama eta Raul Castro Kubaren eta Liga Handietako talde Tampa Bayren arteko partidara joan ziren. Floridako taldeak 4 eta 1 irabazi zuen, Kubako beisbolaren osasun txarraren isla. Duela urte gutxi batzuk ikur nazionala zen.

Partida amaitu aurretik joan zen AEBetako presidentea: enbaxadan zeukan hitzordua «barne oposizioko» hogei bat lagunekin. Haiek eskatzen dutenari buruzko oharrak hartu, eta Air Force One hartu zuen segituan. Argentinara abiatu da, 20.000 bat dokumentu estatubatuar desklasifikatzeko agindu exekutiboa eskuan duela, Kondor operazioaren eta Hego Amerikako diktaduren garai gogorrei buruzkoak. 30.000 desagerrarazi zituzten Argentinan bakarrik. Amnesia selektibo horren araberako atzerri politika berria dirudi, zeinak iragana atzean utzi nahi duen, arduradunik eta barkamenik gabe, begirada orainaldian eta etorkizunean jartzeko. Izan ere, AEBentzat oso balio interesgarriak zabaltzen ari baitira Latinoamerikan.

Agerikoa da Obama gizon atsegina dela, gertukoa, hiztun ona, gogokoa eta konfiantza eragiten duena, baina Kubako herriak egunez egun egiteko dauzkanak idazten jarraitu beharko du, eta agian horiek ez dira AEBetako presidente batek telebistaz diktatu dizkionak. Ikusteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.