Kolonbia. Bake akordioak

ESKU ARTETIK IHES EGIN DIE

Lau urte bete dira Kolonbiako Goberanuak eta FARC gerrillak bake akordioak sinatu zituztenetik. Azken urtean hitzarmenek jasotakoaren %6 soilik sartu da indarrean. Askok Ivan Duque eskuineko presidentea jotzen dute prozesuak aurrera egin ez izanaren erantzule nagusitzat.

Juan Manuel Santos akordioak sinatu zirenean Kolonbiako presidente zena eta FARCeko buru Rodrigo Londoño elkarri eskua ematen. A. L. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Badira lau urte FARCKolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek eta Juan Manuel Santos presidentearen gobernuak bake akordioak sinatu zituztela mende erdiko gatazkari amaiera emateko asmoz. Ez zen urrats erraza izan bietako inorentzat. Lau urteko elkarrizketen ostean, heldu zen behin betiko su-etena 2016ko ekainaren 23an, eta hiru hilabete geroago akordioa bera. Egun horretako irudi esanguratsuena da Santos bera eta FARCeko orduko buru Rodrigo Londoño elkarri eskua ematen ageri direna, Kubako presidente Raul Castro bien artean dela. Prozesuak,ordea, ihes egin die esku artetik.

Lau urteotan zangotraba ugari izan dituzte akordioek. Lehena, Kolonbiako herritarrek eurek egin ziotena, urte bereko urrian egindako erreferendumean akordioaren aurka bozkatuz —herritarren %50,21ek bozkatu zuten aurka, eta %49,79k alde—. Ondorioz, bi aldeek hitzarmena moldatu behar izan zuten.

Prozesuak aurrera jarraitu zuen, eta, 2017an, alderdi bilakatu zen FARC gerrilla, Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea izenarekin, eta presidentetzarako bozetara ere aurkeztu zen, Londoño bera hautagai zela. Bozak, ordea, Ivan Duquek irabazi zituen, eskuineko hautagai eta erreferendumean ezezkoaren aldeko botoa eskatu zuen buruzagietako batek. Duque, Alvaro Uribe presidente ohia bezala, hasieratik agertu zen negoziazioen eta akordioen aurka —Uribe bera izan zen erreferendumean ezezkoaren defendatzaile sutsuenetariko bat—. Hala, askok egozten diote Duqueri bake prozesua nahita oztopatzea. Izan ere, akordioak jasotzen dituen puntu nagusiek betetzeke jarraitzen dute: besteak beste, desagertutako pertsonak aurkitzeko unitatea, zeina iaz jarri zuten martxan hasieran iragarritako aurrekontua baino %68 gutxiagorekin. Horrez gain, Justizia Jurisdikzio Berezia indarrean sartzeko estatutu legearen aurka jo zuen Kongresuan, eta auzitegi bereziaren barruan beste areto bat sortzeko eskatu zuen gatazkan delituak egin zituzten militarrak epaitzeko. Duqueren asmoa egitasmoak aurrera ateratzea bazen, huts egin zuen, baina prozesuari beste kolpe bat ematea lortu zuen.

Dortoka plana

Kolonbian, zerbitzu publikoan lan egiten duten baina, protesta gisara, lana modu txarrean edo motel egiten dutenengatik esaten da dortoka plana dutela martxan. Hori bera diote askok Duque presidenteari buruz, bake prozesua geldiarazi ezin duenez, hura ahalik eta gehien trabatzen igaro baititu azken bi urteak.

Kolonbian bakea eskubide bat da, eta Konstituzioaren 95. artikuluaren arabera, hura betearazi behar du estatuburuak. Hala, 2017an Bogotako Colon antzokian sinatutako Bakerako Azken Akordioa betetzera derrigortuta dagoen arren, dortokaren abiaduran ari da bertan jasotako puntuak indarrean sartzen. Krock Institutuaren azken txostenaren arabera, 2018ko abendu eta 2019ko azaro bitartean, %6 soilik egin zen aurrera akordioan jasotako edukiak gauzatzeko orduan. Aurreko urteetan baino askoz ere gutxiago.

DeJustizia erakundeko kide Juana Davilaren iritziz, Duquek akordioen aurka egiteko arrazoi nagusietako bat da hitzarmenak parekatu egiten dituela gerrilla eta armada: «Duquek eta Centro Democratico alderdiak ez dute onartzen biak berdintzea, nahiz eta hori izan Habanako hitzarmenen oinarrietako bat. Horregatik proposatu zuten auzitegi berezi bat sortzea militarrek egindako delituak epaitzeko, eta horregatik ari dira etengabe akordioetako puntu hori zangotrabatu nahian».

Hori ez da, hala ere, eskuinari ezinegona eragiten dion puntu bakarra. Bakerako Jurisdikzio Bereziak ez baititu zigorrak aurreikusten delitugileentzat; aldiz, egia esatearen truke barkatu egiten dizkie delituak. «Hori onartezina da egun gobernuan dauden indarrentzat; mendekua nahi dute haiek, eta zigorrak nahi dituzte FARCeko gerrillarientzat. Onartezina zaie haiek aske ikustea», azaldu du Davilak.

Bestalde, eskuinarentzat zaila izan da onartzea mende erdi iraun zuen gatazkari amaiera eman zion hitzarmena Santosek lortu izana; batez ere, Uriberen ahaleginek huts egin ostean. «Santosen legealdian aukeratutako guztiak etsaitzat dituzte, baita auzitegietako epaileak ere, eta, beraz, ez dira haietaz fidatzen. Ez dute nahi gatazkan gertatutakoak haiek argitzerik». Alde horretatik, Seuxis Paucias Hernandez Jesus Santrichen AEBetarako estradizioa atzera bota izanak eta, urtebeteren ostean, auzitegiek hura aske uztea onartu izanak mesede egin zioten Duqueren kanpainari. Batez ere, urtebete geroago, hark eta Ivan Marquez FARC gerrillako buruak iragarri zutenean borroka armatura itzultzeko asmoa.

FARC alderdi politikoko kideek eta Marquez eta Hernandezen kide izandakoek kritikatu egin dute borrokara itzultzeko erabakia, baina, aldi berean, Duqueren gobernuari egotzi diote urrats hori egin izanaren erantzukizuna. Harik eta FARC gerrillari kide ohiak hiltzeko egitasmo bat martxan jarri izana leporatzeraino. «Indarkeria barruan darama gobernuak, hari esker bizi da. Bera da gorrotoa bultzatzen aritu dena», salatu zuen joan den otsailean Pastor Alapek, gerrillako buruzagietako batek.

Ez dira iritzi hori duten bakarrak. Bakerako Jurisdikzio Bereziak ohartarazi du akordioak sinatuz geroztik 200 gerrillari inguru hil dituztela, eta beste askok arriskuan jarraitzen dutela. Hala, uztailean eskatu zion Bakerako Ordezkari Bereziari har zitzala neurriak gizarteratutako gerrillari ohien segurtasuna bermatzeko.Antzeko ohartarazpena egin zuen joan zen astean NBE Nazio Batuen Erakundeko Auzi Politikoetarako idazkariordeak, Rosemary DiCarlok: «Denen ardura da Kolonbiako historia irauli zuten akordioak indarrean sartzea. Baina bakea gauzatzea beti da zaila, eta are gehiago epe luzera; arriskuak beti daude. Horietako bi dira legez kanpoko ekonomiak eta talde armatuak».

Duque ez da, dena den, kritikak jaso dituen bakarra. Kolonbiako enbaxadore izandako Juan Carlos Pinzonen jarrera ere gogor salatu dute askok —2022ko presidentetzarako bozetan eskuinaren hautagai izateko aukeretako bat da—. Izan ere, orain arte gobernuak bake prozesuan egin dituen urratsak nazioartearen presioen ondorio izan dira hein handi batean, eta presio hori nolabait arindu nahi izatea egozten diote Pinzoni. Bake akordioen sinatzaileetako bat izanagatik, gerora egin zen erreferendumean haien aurka bozkatu zuen hark. Azken hilabeteetan, Egiaren Batzordearen aurka jo du, aditzera emanez batzordeko kideek «harremanak edo gertutasun ideologikoa» dituztela talde armatuekin.

Nekazaritza erreforma

Lur pilaketen arazoa konpontzea eta nekazarien bazterketa amaitzea izan ziren Habanan adostutako hitzarmenaren zutabeetako bi. Haren garrantzia neurtzeko nahikoa da datu hau: akordio osoa indarrean sartzeko aurreikusitako funtsa 111.000 milioi eurokoa bada, nekazaritza erreformarentzat lirateke 94.500 milioi.

Kolonbiako Bakerako ordezkari berezi Emilio Archilaren esanetan, aurrerapauso handiak egin ditu gobernuak erreformen arloan. Aldiz, gerrillako kide ohien iritziz, hartu diren neurriak kolokan daude, eta egitasmoa ez da oso-osorik jarri indarrean.

Nekazariei emandako lurretan dago eztabaida nagusia. Lurrik gabekoei lurrak emateko sortu zuten Lurren Funtsa, zeinaren helburua litzatekeen hiru milioi hektarea lortzea nekazarien artean banatzeko. Lurren Agentzia Nagusiak zabaldutako azken datuen arabera, aurtengo martxorako milioi bat hektarea pasa zeuden funts horretan. Hau da, kopuru osoaren %30 inguru. Gerrillari ohiek, ordea, zehaztu dute lur horietako hektarea bakar bat ere ez dela oraindik iritsi nekazariengana. Hala, batzuen salaketa eta besteen kritiken artean, urteak igaro ahala, itzaliz doa historiako gatazkarik luzeenetako bat amaitu zuten bake akordioek piztutako itxaropena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.