Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia (2007-2014) eta 2014an egindako independentzia erreferendumaren sustatzaile handienetako bat izandakoa hil da, gaur arratsaldean. Ipar Mazedonian hitzaldi bat eman ondoren hil da. 69 urte zituen.
Salmondek Eskoziako independentziaren aldeko borroka izan zuen ardatz bere ibilbide politikoan. SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru izendatu zuten 2004an, eta hiru urte geroago, 2007an, Eskoziako gobernuburu, SNPk hauteskundeak lehenengo aldiz irabazi ondoren. Hiru agintaldi egin zituen kargu horretan, harik eta 2014ko irailean egindako independentziari buruzko erreferendumaren ondoren dimisioa eman zuen arte. Ezezkoa gailendu zen galdeketa hartan, independentziaren aurkako botoa eman baitzuten Eskoziako herritarren %55ek, eta horren harira utzi zuen kargua Salmondek.
Aurreikusita zegoen gisan, Nicola Sturgeonek hartu zion erreleboa. Hura izan baitzen, Salmondekin batera, independentziaren aldeko Yes Scotland kanpainaren aurpegi ezagunenetako bat —Eskoziako lehen ministro izan zen 2014tik 2023ra—. Politikaren lehen lerrotik aldenduta egon arren, independentziaren aldeko borrokari eutsi zion Salmondek. Erresuma Batuko Komunen Ganberarako 2017ko bozetan, ordea, eserlekua galdu zuen, eta urte hartan bertan politika uztea erabaki zuen.
Politikatik aldenduta egon zen urteetan prozesu judizialetan murgilduta egon zen Salmond. Eskoziako lehen ministro izandakoari hamahiru sexu eraso egitea leporatu zioten. Salaketaren arabera, eraso horiek 2008ko ekain eta 2014ko azaro artean egin zituen, hain justu gobernuburu zenean. 2020ko martxoan egin zuten haren aurkako epaiketa; lau aste irautekoa zen, baina, horren erdia pasatuta, bi asteren ondoren eman zuen Eskoziako Auzitegi Nagusiak bere erabakiaren berri. Absolbitu egin zuten, leporatutako hamahiru erasoetatik hamabitan errugabea zela iritzita; bestea ezin zuten egiaztatu ahal izan.
Nolanahi ere, Salmondek ez zuen inoiz onartu sexu erasorik egin zuenik. Haren arabera, salaketa horiek asmo politikoekin «propio sortutakoak» ziren.
Zatiketa SNPn
Sexu erasoen aferak barne zatiketak eragin zituen SNPn. Izan ere, Eskoziako Gobernuak jarri zuen Salmonden aurkako salaketa, 2018an, eta hari lekukoa hartutako Sturgeon arduratu zen horretaz, alderdiko beste politikari batekin batera. Barne ika-mikak areagotu ziren, eta urte hartan bertan utzi zuen alderdia Salmondek.
Hiru urte geroago eman zuen politikara itzultzeko pausoa, haren aurkako prozesu judizialak bukatu eta urtebetera, 2021ean. Independentziaren borrokari eutsi zion, baina SNPtik aldenduta. Alba alderdia sortu zuen, urte hartako bozetatik «supergehiengo independentista bat» ateratzea helburu hartuta. Garai horretan, gogor egin zuen bere alderdi ohiaren eta Sturgeonen aurka.
Dolua Eskozian
Ezustekoa izan da Salmonden heriotza, eta berehala iritsi dira lehen erreakzioak. Eskoziako lehen ministro John Swinneyk kaleratu ditu hari buruzko lehen adierazpenak: «Alexek nekaezin egin zuen lan maite zuen herrialdearen eta haren independentziaren alde. Hastapenetik Eskoziako Gobernuko lehen lerroraino eraman zuen Eskoziako Alderdi Nazionala, eta ia lortu zuen independente bihurtzea». Erresuma Batuko Gobernuko lehen ministro Keir Starmerrek ere hitz egin du Salmonden heriotzaren inguruan: «Ezinbesteko figura politikoa izan da 30 urtean baino gehiagoan».
Salmonden alderdi ohiko kideek ere hartu dute gogoan haren ibilbidea. Besteak beste, Humza Yusaf SNPko lider ohi eta Eskoziako lehen ministro izandakoak: «Alexek eta nik gure desadostasunak izan ditugu azken urteotan, baina ezin da zalantzan jarri sekulako ekarpena egin diola Eskoziako eta Erresuma Batuko politikagintzari».