SNP Eskoziako Alderdi Nazionala laugarren aldiz jarraian izango da boto kopuru eta ordezkaritza handiena lortuko duen indar politikoa Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetan, baina garaipen horrek zapore mikatza izan lezake, gehiengo osoa lortzeko helburua kolokan geratu baitzaio zenbaketaren lehen partea amaitu ostean. Edizio hau ixterako, SNPk 39 eserleku lortu ditu, baina hego-mendebaldean dagoen Dumbarton barrutian Eskoziako Alderdi Laborista gainditu ez izanak zalantza handiak sortu ditu xede horri begira.
Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, ostegunean egindako bozen emaitzak atzo goizean hasi ziren zenbatzen, herenegun gauean beharrean, baina soilik jokoan dauden barrutietako 48. Eskoziako Parlamentuak 129 diputatu ditu, eta, oraingoz, SNPk banaturiko aulkien gehiengoa lortu du, besteak beste, Eskoziako Alderdi Kontserbadoreari bi eserleku kenduta, eta Alderdi Laboristari, beste bat; hala, toryek hiru ordezkari lortu dituzte, eta laboristek, bakarra. Haien aurretik dago, behin-behinean, Eskoziako Liberal Demokratak alderdia, lau aulki jaso baititu.
SNP 65 diputatura —edo gehiagora— iristean dago egunotako gakoetako bat, hori izan baitzen David Cameron 2011n Erresuma Batuko gobernuburu zenak eman zuen arrazoi nagusia lehen independentzia erreferendumari baiezkoa emateko; unionismoa, beraz, zenbaki horri begira egongo da, uste baitu Boris Johnson Erresuma Batuko egungo gobernuburuari arnasa emango diola Eskoziako alderdi independentista nagusia gehiengo osora ez iristeak. Gaurkoa izango da, hortaz, hitzorduko egun erabakigarria, emaitza guztiak ematekotan baitira.
Eskoziako bozketarako sisteman, herritarrek bi boto ematen dituzte; bata, barrutietako hautagaiak izendatzeko —73 eserleku dira, eta boto gehien biltzen duenak lortzen du aulkia—, eta bestea, eskualdeetako diputatuak aukeratzeko —56 postuak alderdien zerrenden artean banatzen dituzte, proportzionalki—.
73 diputatuetako 48 atzo izendatu zituzten, eta, beraz, gainontzekoak gaur jakinarazi beharko lituzkete, argitzeko SNP gehiengo osora iritsiko al den. Orain arteko emaitzak kontuan harturik, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren indar politikoak baditu 65eko kopurura iristeko aukerak, baina oso urriak dira; horietako bat da Aberdeenshire Mendebaldean Eskoziako Alderdi Kontserbadoreari aurrea hartzea, eta bestea, eskualdeetako ordezkaritzan 2016an baino aulki bat gehiago eskuratzea.
Azken hori litzateke zailena, aurtengo inkesta askok beherakadak aurreikusi baitizkiote alderdien zerrenda bidezko lehian; SNPk Eskozia hegoaldean ere gal lezake babesa, eta horrek behin betiko blokeatuko lioke gehiengo osorako aukera. Sturgeonek, badaezpada, atzo gauean Sky News telebista kateari emandako elkarrizketan ez zuen iritzirik eman auziaz, adierazi baitzuen 65 eserlekura iristeko bidea «oso luzea» izan daitekeela.
Ikusteko dago, gainera, alderdi unionisten oinarriek erabilitako boto taktikoak zer eragin izango duen, batez ere eskualdeetako babesetan, indar horiek han lortzen baitute ordezkaritzarik handiena, Eskoziako Alderdi Berdeak bezala, eta SNPren kontrara.
Alex Salmond, ezkor
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiaren Alba Alderdia ere lehiatu da parlamenturako hauteskundeetan, diputatugaiak soilik eskualdeetan aurkeztuta. Salmondek ordezkaritza lortzea du helburu, baina atzo hedabideen aurrean egindako adierazpenetan ezkor agertu zen: «Orain arte ikusitako emaitzak kontuan hartuta, ez dut uste hori gertatuko denik».
Alba Alderdirik gabe ere, independentistak gehiengo izango dira, ezustekorik ezean, inoizko ordezkaritza handiena lortuta. Halere, atzoko joerak bere horretan jarraitzen badu, SNP ez da gehiengo osora iritsiko eta, hortaz, Johnsonek lasaitua hartuko du, bigarren independentzia erreferenduma egiteko eskariari ezezkoa emateko oinarri handiagoa izango baitu.
Baina, egiazki, SNPrentzat eta ekologistentzat hori ez da oztopo izango, Eskoziako Gobernuak bigarren galdeketa egiteko lege proiektuaren zirriborroa aurkeztu baitzuen iragan legealdiaren amaieran; printzipioz, 2023a amaitu aurretik egingo lukete, betiere pandemia amaitu eta gero.
Eskoziako lehen emaitzek kolokan jarri dute gehiengoa lortzeko SNPren helburua
Sturgeonen indarrak 39 eserleku bildu ditu oraingoz, baina barruti giltzarri bateko aulkia lortu ez izanak zalantzak sortu ditu. Unionistek boto taktikoa erabili dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu