Eskoziako Gobernuak Alex Salmond salatu du, bi sexu eraso egitea egotzita

2013an etxeko langile gisa ziharduten bi emakumeri jazartzea egotzi diote lehen ministro ohiari. Akusatuak kereila jarri du salatzaileen aurka

Salmond BERRIA-ri emandako elkarrizketan, 2016an, Bilbon. M. RAMIREZ / FOKU.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Eskoziako Gobernuko bi kidek herenegun gauean salaketa jarrizuten Alex Salmond lehen ministro ohiaren aurka, bi emakumeri sexu erasoak egitea leporatuta. Salmondek, atzo, albistea ezagutarazi bezain laster, kereila jarri zuen salaketaren aurka. 2013an, oraindik lehen ministro zela, etxeko bi langileri jazartzea egotzi diote, baina akusatuak ukatu egin du erasoak egin izana. «Auzitegi Gorenari kasua berraztertzeko eskatu diot. Hari dagokio ireki ditzaten prozedura judiziala legezkoa den erabakitzea», nabarmendu du Salmondek. Erabakiaaurkakoa izanez gero, erantzukizunak eskatuko dizkio gobernuari.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak jarri zuen salaketa, alderdiko beste politikari batekin «barne ikerketa zorrotz» bat egin ostean. Urtarrilean hasi zuen ikerketa gobernuak, sexu erasoa salaketak aztertzeko, eta martxoan eman zioten ikerketaren berri lehen ministro ohiari. «Bi pertsonak eman ziguten Alex Salmonden sexu jazarpenen berri, eta gaia ministroekin eztabaidatu eta gero, 2017ko abenduan adostu genuen ikerketa zabaltzea», azaldu du Sturgeonek. Hala ere, ikerketaren gaineko informazio gehiago ez dutela argitaratuko esan du, epaileak erabakiren bat hartu arte. Salmondek «defendatzeko inolako aukerarik» ez eskaini izana egotzi dio gobernuari, eta uste du «egokiago» litzatekeela egoera modu «lagunkoiagoan» tratatu izan balitz. Lehen ministroa salaketa jartzeaz arduratu bazen ere, ikerketan parte hartu izana baztertu du, baina esan du ikerketaren berri bazuela. «Ez nuen ikerketaren buru izan nahi, bestelako erantzukizunak baditut, eta ikerketaren xehetasunak jakingo banitu, orain horiek ezagutarazteko konpromisoa izango nuke. Zorionez, ordea, ez dut», gaineratu du Sturgeonek. Leslie Evans Eskoziako Gobernuaren idazkari nagusiari mintzatu zaio Salmond, eta esan dio prozedura «bidegabea eta legez kanpokoa» dela. Evansen aginduetara daude Eskoziako 5.000 funtzionario, eta, Poliziaren lana gainbegiratzeaz gainera, Sturgeonen aholkularia ere bada.

Salmond Eskoziako lehen ministro izan zen 2007tik 2014ra. Eskoziako erreferendumeko emaitzak atera zirenean, biztanleen %55ek independentziaren aurka bozkatu zutenean, dimisioa eman zuen. Eskoziako Alderdi Nazionalistako kidea zen, eta independentziaren alde zegoen. Erreferenduma egiteko elkarrizketak ere berak eraman zituen aurrera, baina gehiengoak independentzia nahi ez zuela ikusita, dimisioa aurkeztu zuen. Sturgeonek ordezkatu zuen nola gobernuan hala Eskoziako Alderdi Nazionalistaren buruzagitzan. Delituak, beraz, oraindik karguan zela eginak izango lituzke.

Edinburgoko Bute House etxe ofizialean gertatu ziren salatu erasoak, 2013ko abenduan. Orduko lehen ministroaren etxeko bi langile ziren salaketaren arabera, sexu erasoak jasan zituztela. Sturgeonek ez du zehaztu gobernuari jazarpenen berri eman zietenak erasoak jasandako emakumeak izan ziren. Hala ere, sexu erasoen aurkako salaketa jartzera deitu ditu gobernuak erasoak jasan dituzten emakumeak , gertaeren «antzinatasuna», pertsonen «identitatea» edo «erasotzailearen lan postupolitikoa» dena delakoa izanda ere.

Politikarien sexu delituak

Alex Salmond ez da izan sexu delitu kasuen harira salatu duten politikari bakarra azken hilabete hauetan. 2017ko azaroaren hasieran Michael Fallon Erresuma Batuko Defentsa ministroa ere salatu zuten, 2002an Julia Hartley-Bewer kazetariari ukituak egitea leporatuta, baina ez zuten salaketarik jarri. Harvey Weinstein Hollywoodeko produktorearen sexu delituak argitaratu eta hurrengo aste eta hilabeteetan Erresuma Batuko politikari bati baino gehiagori egotzi zieten gisa horretako delituak egin izana «lanpostu politikoaz baliatuta».

Berriki, 2018ko uztailaren hasieran, Guatemalako presidenteJimmy Moralesi hainbat emakumeri eraso sexualak egin izana egotzi zion Edgar Gutierrez Atzerri ministroak. Jazarpena jasan zuten zenbait emakumerekin hitz egin zuela berretsi zuen ministroak, baina beldur zirela salaketa jartzeko. 2015ean, ordea, emakume batek salaketa jarri zuen Moralesen aurka, presidentegai zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.