ERRESUMA BATUA. Bozen azken txanpa (IV). 

Eskozia, neke zantzuekin

'Brexit'-a eta independentziarako bigarren erreferenduma eztabaida politikoaren erdian egon arren, Glasgowko boto emaileen artean animo gutxiko giroa nabaritu da bozen egunean.

Boto emaileak euripean, atzo, Glasgowko hautesleku batera bidean. MIREN MANIAS.
Miren Manias.
Glasgow
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Glasgow euripean esnatu zen atzo, eta Eskoziako hiri handieneko herritarrek ez zuten etenik izan egun osoan. Hala ere, eskoziar asko gerturatu ziren bozkalekuetara. Maryhill auzoko Dunard Primary School-en, adibidez, goizeko lehen orduak izan ziren jendetsuenak. Bozak jasotzeko mahaian zegoen emakumearen arabera, langileria bizi den auzoa da, eta, beraz, lanorduetatik kanpo etorri behar dute. Eguraldiaren eraginaz galdetuta, honako hau erantzun zuen: «Bozkatzeko ohitura dugu, bozkatu nahi duenarentzako euria ez da oztopo». Kanpoan aurkitutako giroa, baina, ez zen hain animatua.

Izan ere, 2014ko independentziari buruzko erreferendumaren ondotik, Nicola Sturgeon buru duen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak babesa galdu du. Sturgeonek Glasgowko Southside barrutian eman zuen botoa. Azken hamar urteotan Eskoziako Parlamentuan gehiengo argia izan du SNPk, eta kanpainako diskurtsoaren zati handiena zentratu du kontserbadoreak Downing Street-etik botatzean, bai eta bigarren erreferenduma egitean ere. Azken mitinean, Sturgeonek SNPren aldeko botoa eskatu zuen, «tory-en aurkako botoa ez banatzeko». Baina 2014ko erreferendumeko ezetzaz geroztik, eskoziar batzuk nekatuta daude. «Une honetan larriagoak diren bestelako arazoak ditugu: pobrezia handia dago, esaterako. Jada ez dugu petrolioaren industriarik, ez eta arrantzarena ere. Gainera, agindutako gauza gutxi egin du SNPk», adierazi zuen Maryhill auzoko 44 urteko emakume batek.

Berdeen jarraitzaileak

Glasgowko herritar askoren ustez, Alderdi Laboristak eta SNPk jasoko dute boto gehien Eskozian. Beharbada, Highlands-etan (Eskozia iparraldean) Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadorearen aldeko boto asko zenbatuko dira; hala uste du Hillhead Primary School bozkalekuaren kanpoaldean zegoen 26 urteko laboristen aldeko gazte batek. «Beldurra da nagusi gizartean, horri erantsi brexit-a ez dela indarrean sartu oraindik eta ez dugula nabaritu haren eragin ekonomikorik. Zer gertatuko da? Jendeak kontserbadoreen alde egingo duela are gehiago».

Hillhead auzoan, berriz, erdiko klaseko jendea bizi da. Ikasle ugari daude bertan, eta haiei galdetuta, ikuspegia bestelakoa da. Alderdi Berdearen jarraitzaileak ikus zitezkeen tartean: «Tokiko egoera hobetzeko politikak behar ditugu, eta aukera bakarra Alderdi Berdea da. Giza balio onak aldarrikatzen dituen alderdia da; gainerakoek ez dute ezer berririk aurkezten euren manifestuetan», aipatu zuten 20 eta 21 urteko bi ikaslek.

SNPrekin batera, 2014an independentziaren aldeko botoa eskatu zuen parlamentuko indar bakarra izan zen Alderdi Berdea, eta, brexit-aren ondoren, beste erreferendum bat egitearen alde agertu da. Hala ere, haren jarraitzaileen artean kritiko dira SNPren jardunarekin. «Pentsa daiteke tokiko eredua aldatzearen aldeko boza ematea zakarrontzira botatzea bezala dela, baina nahiago ditut berdeak hemen; SNPk ez du ezer egin, gezurrak bota besterik ez», adierazi du mutil gazte batek.

Independentziaren aldeko nahia ez dago hilik. Noiz ospatu beharko litzakeen galdetuz gero, erantzun bat ematea zaila dela aitortu zuten hainbat eskoziarrek. «Ez litzaidake gustatuko Europatik irtetea, baina ez dakit esaten bihar egingo balitz baiezkorik izango genukeenik, jendeak esperantza galdua du, eta hori berreskuratu behar da. Beraz, ez dakit egokia den laster egitea; hori bai, hobe dugu brexit-a baino lehen egitea», azpimarratu zuen 33 urteko irakasle batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.