ESKOZIA. ERREFERENDUMA. Independentziaz hausnartuz

Eskoziako independentziari buruzko orain arteko gogoeta sakon eta zehatzena osatu du Alex Salmonden gobernuak

2009ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Eskoziar orori hausnar dezan eskatzen diot. Baina hausnarketak ez du soilik dugunaren gainekoa izan behar, izan gaitezkeen eta izan beharko genukeen herrialdearen ingurukoa baizik». Lehen ministro kargutik Alex Salmondek esandakoak gogora ekarriz hasten da Eskoziako Gobernuaren plana. Gainera, Eskoziako independentziaz orain arte egin den analisi sakon eta zehatzena da argitaratutakoa. Egun seinalatuan kaleratutakoa, Zure Eskozia. Zure ahotsa izenburupean. Atzo, St Andrews egunean, eman zuenSNP Eskoziako Alderdi Nazionalak independentziarako erreferendumaz duen ikuspuntua; luze egin ere. Ia berrehun orritan, Eskoziaren balizko etorkizun konstituzionalari errepaso egiten dio. Eta, lau egoeratan herrialdearen geroa aztertu ondotik, independentzia dagoen biderik egokiena dela ondorioztatzen du. Eta aski oinarritzen du Gobernuak hautu hori; gainontzeko alternatibek dituzten hutsuneak agerian utzita, haiek betetzeko bide bakarra estatu subirano bihurtzea dela azaltzeko asmo argiz.

Helburu pedagogiko handiz osatu du SNPk bere lana. Herritarrak independentziaz informatu eta independentziaz erabaki dezaten, hain zuzen. Gizartea horretarako gai ikusten du Gobernuak. Eta hitza eman nahi dio horregatik. «Eskoziaren hobe beharrez aurrera begiratzeko modu ezberdinak daude, eta aurrera begiratzeko modu horiek guztiak hartu behar dira kontuan. Ez bakarrik politikarienak, ordea. Eskoziar orok izan behar du iritzia emateko aukera», dio txostenak, herritarren parte-hartzerik gabe autodeterminazioaz hitz egitea ezinezkoa dela nabarmenduz.

Alde horretatik, erreferenduma egiteari ezinbesteko deritzo lehen ministroak: eztabaida ezin da Eskoziako Parlamentura mugatu, herritarrek euren ikuspuntua bide formal batetik kaleratzeko modua izan behar dute. «Eskozia eta eskoziarrak aski gai dira horretarako. Heldu da garaia Europako eta munduko beste nazioen artean Eskoziak bere tokia exijitu dezan». Horixe da argitaratu berri duten lan mardulari eusten dioten ideia nagusietako bat. Aldarrikapen hutsetik ekintzara salto egiteko duen konpromisoa argiro azaltzen du SNPk amaitu berri duten gogoetan.

Erreferendumari buruzko lege proiektua datorren urtearen hasiera aldera aurkeztuko dute Parlamentuan. SNPren asmoak beteko badira, hala, diputatuek erreferendumari oniritzia ematea ezinbestekoa izango da. Gauzak, gaur-gaurkoz, ez daude Salmonden alde, ordea. Legebiltzarrean berdeen sostengua baino ez du lortu. Eta legea onartzeko, berdeen bi botoez gain, beste hamasei diputatuk proiektuaren alde egitea erdietsi behar du.

Oposizioaren kritikak

Laboristak, kontserbadoreak eta liberalak, baina, aurka ditu Salmondek. Erreferendumaren kontuarekin «burugogorregi» aritzea eta, beraz, «lehentasun handiagoa» duten gainontzeko gaiak bazterrean uztea leporatzen diote lehen ministroari. «Abertzale gisa jokatu beharko lukete garai zail hauetan, eta ez nazionalista gisa bakarrik. Ez lukete euren alderdia Eskoziaren aurretik jarri behar», adierazi du, besteak beste, Jim Murphy Eskoziarako Erresuma Batuko ministroak. «Alderdi nazionalista obsesionatuta dago, kaltegarri izateraino egon ere», gaineratu du politikari laboristak.

Tonu berean egin du Tavish Scott liberalen buruak proiektuaren aurka: «Garai zail hauetan, Eskoziako herritarrei benetan eragiten dieten gaiez arduratzen egon beharko lukete ministroek, hala nola lanaz, eskolez eta ospitaleez».

Eskoziako Alderdi Nazionalak, haatik, oposizioak leporatzen dizkion kritika horiei denei erantzuteko astia hartu du txostenean. Datorren urteko erreferenduma -St Andrews egunerako dago aurreikusita- galdera bakar baten inguruan egitea ezinezko izango dela ikusita, Eskoziaren egungo estatusarekiko, baina baita Eskozia independente batekiko ere, alternatibo diren egoerak aztertu ditu. Jakin badaki, izan ere, erreferenduma egiteko legezko oinarria lortzen badute behintzat, aukera baten baino gehiagoren artean hautatzeko aukera eman beharko dietela herritarrei.

SNPk ez du erabaki botopaperean zein aukera agertuko diren oraindik; baina independentziaz gain, Eskoziari autonomia gehiago ematearen hautuak behintzat egon beharko duela dirudi. Horiek denak, dena dela, airean daude, eta ez dirudi errazago izango denik adostasuna lortzea. Hala ere, balizko hautu horien aurrean herritarrek aski informazio dutela bermatzeko, aldez aurreko lana egin du Salmonden alderdiak.

Lau egoera, lau gogoeta

Lau etorkizun posible ditu Eskoziak. Lehenak egungo estatusarekin jarraitzen hobetsiko luke; horrek «kasuan kasuko interes edo presioen arabera garatzeko aukera» emango lioke herrialdeari. Eskumenen transferentziarako Batzordearen proposamenak aplikatzea litzateke bigarren aukera -transferentzien berrazterketa bat egiten du batzorde horrek, baina ez du independentzia aipatzen-. Hirugarrenak, berriz, estatu izatera iritsi gabe, Erresuma Batutik transferitu daitezkeen eskumen guztiak eskuratzea hobetsiko luke. Azken irtenbidea independentzia litzateke.

Lau egoera horietan Eskoziak izango lukeen etorkizun konstituzionala aztertu du Gobernuak; eta egoera batean zein bestean ekonomia, migrazio, ingurumen, garraio edota energia politikek jasango lituzketen erreformak zerrendatu ditu. Analisi sakona egin du, puntuz puntu; herritarrek independentziak ekarriko lituzkeen aldaketa guztien berri izan dezaten eta, beraz, independente bihurtzeari beldurra gal diezaioten. Aldaketa, izan ere, ezinbestean etorriko da, Salmonden ustez:«Eztabaida politikoa ez da aldaketa bai ala ez; eztabaida aldaketa motari buruzkoa da jada».



%50

Galdeketa. Asteburuan egindako inkesta baten arabera, erreferenduma laster egin beharko litzatekeela uste dute eskoziarren erdiek; %20k, aldiz, ez dute nahi inolako galdeketarik egitea; eta %25, berriz, ahalik eta azkarren egitearen aldekoak dira.





Subiranotasuna lortzekobide luzea

2007ko maiatzaren 3a. Legebiltzarreko 47 eserleku eskuratu zituen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, eta Berdeekin egindako koalizioari esker baita agintea bereganatu ere.

2007ko abuztuaren 14a. Independentziari buruzko erreferenduma egiteko lehen proposamena aurkeztu zuen Alex Salmond lehen ministroak. Hiru aukera jasotzen ziren bertan: berdin jarraitzea, zenbait eskumen bereganatu eta Londresen menpe jarraitzea, eta independentzia.

2007ko abenduaren 6a. Calman Batzordea osatu zuten Londres eta Edinburgoko ordezkariek, Eskoziari eskumenak itzultzeko. 2008ko apirilean egin zuten lehen bilera.

2009ko abuztua. Erreferendumerako lege proposamena 2010eko urte hasieran eztabaidatuko zutela iragarri zuen SNPk.

2009ko azaroaren 30a. Eskoziako Alderdi Nazionalak erreferendumera eraman nahi dituen lau aukerak aurkeztu zituen, eta iragarri zuen, ondo bidean, galdeketa datorren urte bukaeran egingo dela.





Krisitik atera ezinean jarraitzen du herrialdeak

Ernst & Young Item Clun erakundearen arabera, Erresuma Batuaren menpeko lurraldeetatik Eskozia ari da jasaten krisiaren ondorioak larrien. Horiek hala, aurten ekonomiak %4,9 behera egingo duela iragarri dute adituek, eta datorren urterako, berriz, %0,7ko hazkundea espero dute.





Michael Russell.Eskoziako Kultura, Konstituzioeta Atzerri ministroa
Alderdiak benetan demokratikoak badira eskoziarren erabakitzeko eskubideabermatu behar dutela uste du Russellek.

«Politikariek herriaren erabakia errespetatubehar dute»

Arantxa Elizegi.

Itxaropentsu ageri da Eskoziako Kultura, Konstituzio eta Atzerriministroa, Michael Russell (1958, Bromley). 1999an aukeratu zuten lehen aldiz Eskoziako Parlamenturako, eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko kide gehienek bezala uste du epe ertainean independentzia lortu ahalko dutela, eta horretarako bere esku dagoen guztia egiteko prest dago.

SNPren helburu nagusietako bat da independentzia eskuratzea...

Egia da gure helburu nagusietako bat dela, baina Eskozia ekonomikoki hazten jarraitzea nahi dugulako. Hori da gure lehentasuna, Eskoziaren hazkunde iraunkorra bultzatzea, eta hori bermatuko dugu independentzia lortzen badugu.

Baina nola lortuko duzue halakorik liberalen eta kontserbadoreen sostengurik gabe? Oraingoz haiek uko egin diote zuen proposamenari.

Hala da, bai. Badakigu hemendik aurrerako bidea motela eta kontu handiz egin beharrekoa izango dela. Lehenik eta behin, nazio mailako elkarrizketak bultzatuko ditugu, eta, horretarako, alde guztiekin bilduko gara, batzuen eta besteen jarrerak bat egiteko asmoz. Gaur [atzo] argitaratu dugun dokumentuan jasotzen dira Eskoziak aukera ditzakeen bide posibleak, eta, gure iritziz, horietatik independentziarena da egokiena. Hori gaindituta, hurrengo urratsa galdeketarako lege proposamena aztertzea litzateke. Egitasmoa Legebiltzarrean eztabaidatuko da, eta alderdiek, benetan demokratikoak badira, onartu egingo dute eta erabakitzeko eskubidea errespetatuko dute. Politikari askok uste dute demokraziaren gainetik daudela, eta beste inork baino gehiago dakitela gai honen inguruan; baina eskoziarrek erabaki behar dute zein izango den eman beharreko hurrengo pausoa. Horregatik uste dut lege proposamena onartu behar dugula, hemendik urtebetera, eskoziarrek aukeratu ahal izateko.

Zeintzuk dira dokumentuak jasotzen dituen lau aukerak?

Lehenengoa orain arte bezala jarraitzea da. Aukera hori baliagarria izan da iraganean, baina orain arazoak sortzen ditu, eta uste dugu badela aldatzeko garaia. Bigarrena batzorde berezi bat sortzea da, egun Londresen esku dauden hainbat eskumen itzultzeko. Ekainetik horretan ari gara lanean, Erresuma Batuko Gobernuarekin. Hori aukera bat da, baina gure alderdiak harago joan nahi du. Hirugarren aukera Defentsa eta Atzerri politika ez beste eskumen guztiak Edinburgoren esku geratzea da. Eta azkena independentzia da. Gure hautua azken hori da. Baina, hala ere, aurretik inoiz egin ez den zerbait eskaini nahi izan diegu eskoziarrei; alegia, lau puntu horien artean erabakitzeko aukera.

Dena den, badira diotenak hau ez dela momentua galdeketak egiten hasteko, halako zerbait garestiegia litzatekeelako. Hori uste dutenetako bat da laboristen burua, Iain Gray.

Iain Gray ez da herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzearen aldekoa. Berarekin hitz egiteko abagunea izan dudan guztietan galdetu diot zergatik dagoen erreferenduma egitearen aurka, eta ez du erantzuten jakin. Uste dut haren jarrera ez dela demokratikoa.

Uste duzu eskoziarrek independentziaren alde egiten badute Londresek onartuko duela?

Uste dut politikariek herriaren erabakia errespetatu behar dutela. Eskoziarrek independentziaren alde egiten badute bai Eskoziako eta bai Erresuma Batuko legebiltzarrek ulertu egin beharko dute.

Zer gertatuko da lege proposamenak porrot egiten badu?

Orduan ezin izango dugu galdeketarik egin. Baina ezin dugu hori pentsatu. Gure proposamena argia da eta uste dugu herriari hitz egiteko aukera eman behar zaiola, eta horixe egingo dugu. Horretarako ari gara lanean eta espero dugu beste alderdietako kideek ere gurekin bat egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.