Maiatzaren hasieran hasi zen Pakistan murrizketak arintzen, kurba oraindik goia jo gabe zegoela. Imran Khan lehen ministroaren esanetan, arrazoiak ekonomikoak izan ziren: «Txiroenei egin die kalterik handiena berrogeialdiak. Koronabirusak hemen jarraituko du, gutxienez urtea bukatu arte, eta ezin diogu itxialdiari horrenbeste eutsi. Beraz, segurtasun neurriekin bizitzen ikasi beharko dugu». Hala, gobernuak baimena eman du merkataritza gune eta bulegoak zabaltzeko, baina eskolek eta jatetxeek itxirik jarraitzen dute. Ondorioz, auzo txiroenetan haurren artean zabaldu da gehien gaitza, eskoletan ez bezala etxeetan ez dutelako segurtasun neurriei eusteko nahikoa baliabide.
Eskola Pribatuen Elkarteko buru Haider Aliren esanetan, ez du zentzurik eskolak irailera edo urrira arte itxirik egoteak. «Arriskutsuagoa da haurrak kalean edo bazter auzoetan geratzea. Han ez dute modurik garbitasun neurriak edo segurtasun tarteak betetzeko». Sindh probintzian dute egoerarik okerrena. Han bizi dira herrialdean kutsatutako 100.000 biztanletik 25.000 —hildakoak 2.000tik gora dira herrialde osoan—. Eskualde hartan, 10 urtetik beherako 900 haurrek eman dute positibo, eta gobernua aztertzen ari da berrogeialdia ezartzea.
Zurrumurruak
Osasun eta ekonomia krisiaz gain, beste arazo bat sortu berri zaio Pakistango Gobernuari. Pandemiaren inguruko zalantzak zabaldu dira herritarren artean. Sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan zurrumurruen arabera, Osasunaren Mundu Erakundearen soldatapean daude medikuak, eta ustezko gaixo bakoitzeko komisioa eramaten dute; ondorioz, medikuek benetako kopuruak handitzen omen dituzte.
Gobernuak bide bera baliatu du zurrumurru horiek gezurtatzeko. Hala esan du Twitterren zabaldutako txio batean: «Halako zurrumurruek arriskuan jartzen dute milioika herritarren osasuna, batez ere nekazaritza eremuetan».
Koronabirusa munduan
Eskolak itxi izanak koronabirusa zabaltzea azkartu du Pakistanen
Islamabaden arabera, 100.000dik gora dira kutsatuak eta 2.000 baino gehiago hildakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu