Eskiak Gran Vian, eta kolapsoa ospitaleetan

Iragarrita egon arren, 'Filomena' denboraleak kaosa eragin du Espainiako hiriburuan. Madrilgo alkatea aztertzen ari da hiria «hondamendi eremu» izendatzeko eskatzea. Herritarrak hasiak dira eskura dutenarekin kaleak garbitzen.

Barajasko aireportua itxita egon da asteburuan, Filomena denboralea dela eta. FERNANDO VILLAR / EFE.
Madril
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Igande eguerdian, oraindik bazirudien Madrilen ibiltzeko modurik errazena eskiak hartuta zela. Elurrezko panpinek zaintzen zituzten bazterrak, eroritako zuhaitzak bideetatik baztertu zituzten, baina metro erdiko elurra pilatuta zegoen zenbait tokitan. Erdiguneko hainbat tokitan terrazak zabaltzen hasiak ziren arren, beste askotan itxita zeuden oraindik ere, eta Madrilgo zenbait herritarrek elurrez egindako blokeen gainean jartzen zuten bermuta.

Atzo, Gran Via bere onera etortzen hasia zen. Sare sozialetan, txantxak ziren nagusi: baten bati otu zitzaion hainbat txakur elkartu eta Hortaleza auzoa lerangurutzatzea; beste batzuek, goitik behera prestatuta, muino zurietan snowboard taularekin surf egiten aritu ziren. Oinezkoak ziren kaleen jaun eta jabe; norbaitek musika jarri zuen, eta Puerta del Sol plaza dantzaleku bilakatu zen.

Filomena-k kolpetik itxi zuen hiriburua, koronabirusak berak baino indar handiagoarekin. Erkidegoko presidenteak, Isabel Diaz Ayusok, ez zuen ezer esan denboraleari buruz. Hala esan zuen telebistan: «Momentu honetan, instituzioek gainezka egin dute». Errepideak moztu egin zituzten, Barajasko aireportua itxi egin zuten, eta metroa soilik ibili zen gauean. Lau geltoki lo egiteko aterperik ez zuten pertsonentzako babesleku bilakatu zituzten.

Hurrengo egunean, Madrilgo alkate Jose Luis Martinez-Almeidak aitortu zuenean hiria hondamendi eremu izendatzea proposatzeko asmoa zuela, erkidegoko agintariek eskatu zieten elurraz gozatzera irten zirenei hartzeko eskura zuten edozer, eta bideak garbitzeko: palak, erratzak, ontziak... Almeidak, hain zuzen, gatza jasotzeko guneak ezarri zituen, erorikorik izan ez zedin.

Denboralearen lehen egunean, kolapsatutako errepideetan harrapatutako ehunka ibilgailu erreskatatu behar izan zituzten, eta pertsona asko erregairik gabe geratu ziren, auto barruko berogailuak piztuta izateko. Irudi batek piztu zuen batez ere eztabaida: bertan, Majadahondako merkataritza gune bateko langileak lurrean lotan agertzen ziren. Langileak denboraleak harrapatuta geratu ziren, zuzendaritzak ez zielako lehenago ixteko baimenik eman.

Udalerri horretan bertan, Canal Isabel II.a enpresako langile batzuen autoa harrapatuta geratu zen bide bazterrean, etxerako bidean zeudela. Ostiraletik, enpresa horretako ehun langiletik gora hainbat ur araztegitan harrapatuta egon dira, eta lankideek utzitako janariarekin igaro dituzte egunak.

Ospitaleetan, pandemiaren hirugarren olatuaren erdian, nahasmena eta guztia berriz antolatzeko beharra izan dira nagusi. La Paz erietxeak gimnasioa prestatu behar izan zuen langileek bertan lo egin zezaten, eta Gregorio Marañonek COVID-19 duten gaixoentzat prestatutako hotel medikalizatua zabaldu zien etxera joan ezin zuten langileei. Igande gauean zabaldu zituzten erietxeetarako bide guztiak.

Parlako erietxean, denboralerako hobekien prestatutako osasun langileek orduak egin zituzten oinez, lankideei txandak egin ahal izateko; hala ere, askok bi eta hiru txanda ere egin behar izan zituzten jarraian. Errepideak moztuta zeudenez, erkidegoko pandemietarako Isabel Zendal erietxe berria bakartuta geratu zen ia asteburu osoan.

Eta kaleetan, herritarrak lanean aritu ziren, palak eskuetan hartuta. Larrialdi zerbitzuak ere gainezka eginda zeuden, eta Telegram kanalaren bidez egindako deialdiari esker, erkidego horretan oso ohikoak ez diren lur orotako ibilgailuak zituzten herritarrak antolatu egin ziren, erietxera iristeko premia zuten gaixoei eta lanera joan behar zuten osasun langileei laguntzeko.

Gaua gerturatu ahala, Gabonetako argiak pizten dira, eta haiek gogorarazten dute erdigunetik hogei kilometro eskasera, Cañada Realen, ehunka familiak ehun egun baino gehiago daramatzatela argindarrik gabe, Madrilek mende erdian izan duen denborale handienaren erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.