Esekitako amantalen greba

Emakumeen greba egin dute Bartzelonan, lan erreproduktiboetan jarduten duten kolektiboen eskubideak aldarrikatzeko

«Emakumeok galdu dugu izua»; manifestazioko une bat. DANI CODINA.
Bartzelona
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
«Emakumeok nazkatuta gaude gure eskubide, duintasun eta askatasunen aurka doazen politika ekonomiko eta juridikoez». Horrela hasten zen Les dones movem el món. Ara l'aturarem! (Emakumeok mugitzen dugu mundua, eta orain gelditu egingo dugu) izenburuarekin, emakumeak grebara deitzeko, Bartzelonako zenbait talde feministak kaleratutako lehen manifestuak. Hasiera batean, joan den urteko urriaren 22a jarrita zegoen emakumeek dohainik egiten duten erreprodukzio -lana ikusarazteko helburuz deitutako greba feminista, baina, Azaroaren 9ko kontsultak tartean, aurtengo maiatzaren 9ra atzeratu zuten data.

Ohiko greba androzentrikoetatik haratago joan nahi izan dute greba honekin, langabetuak, prekarioak, etxekoandreak, etxeko langileak, sexu-langileak, paperik gabeko etorkinak, erretiratuak eta, oro har, lan-mundu produktiboaren martxa ahalbidetzen duen lan erreproduktibo guztia egiten duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko. Era berean, nabarmendu nahi dute krisia iritsi aurretik ere emakumeak krisian bizi zirela, eta egungo krisiak gizarte zerbitzuetan eragindako murrizketek areagotu egin dutela emakumeen lan-karga, beren gain hartu behar izan baitituzte lehen erakundeek betetzen zituzten zaintza-lan asko eta asko.

Izan ere, Emakumeen, Gizonen eta Eguneroko Bizitzaren Behatokiaren 2011ko datuen arabera, Kataluniako emakumeen %24ek lanaldi erdian dihardute, haien jarduera-tasa —lan-merkatuan dihardutenak gehi langabetuak— %53,8 da, aldi baterako kontratuen %97 emakumeei dagozkie, eta seme-alabak nahiz menpekotasunen bat daukaten senideak zaintzeko baimenen %93,8 eta %89 haiek hartzen dituzte, hurrenez hurren. Behatoki beraren arabera, bakarrik bizi diren emakumeen lan-karga areagotu egiten da gizonezko bikotekide batekin bizitzen jartzean.

'Emakumeen greba'

Sindikatu tradizionalek historikoki deitu izan dituzten grebek soldatapeko lana izan dute ardatz, baina feminismoak hainbat urte daramatza azpimarratzen lanez hitz egin beharko litzatekeela; pluralean, asko eta era askotakoak baitira lanak, fabrika eta lantokietara mugatu ordez. Horixe bera aldarrikatzen du ekonomia feministak, politika ororen erdigunean bizimodu bizigarri bat, bizitzaren iraupena, jarri beharko litzatekeela dioenean. Eta bizirik iraute hori zaintzan oinarritzen da, emakumeek inolako aitortza sozial zein ekonomikorik jaso gabe egiten dituzten ezkutuko lan guztietan. Horiexek dira emakumeen grebak bistaratu nahi dituenak.

Lehendik ere izan da emakumeen grebarik. 1918ko urtarrilean, adibidez, emakumeek greba deitu zuten Bartzelonan eta inguruko herrietan, oinarrizko jakien garestitzea salatzeko; 1913an oihalgintzako langileek greba bultzatu zuten lanaldiaren murrizketa eskatzeko; 1931n alokairuen greba egin zuten, espekulazioak eragindako prezio igoerari aurre egiteko. Eta munduan barrena ere egin izan dituzte antzeko ekimenak: New Yorken, 1909tik 1910era bitartean, emakumeen lan-baldintza duinen alde, eta, 1970ean berriro ere, soldaten arteko parekidetasunaren eta emakumeen eskubide politikoen alde; Erresuma Batuan, 1968an, Ford auto-fabrikako jostunen lan-eskubideen alde; Islandian, 1975ean, berdintasun ekonomiko eta sozialaren alde…

Aspalditik dator, beraz, emakumeen bizi- eta lan-baldintzak mugimendu sozial eta politikoen erdigunera eramateko premia. Xede horrekin, ekintza ugari prestatu dituzte Herrialde Katalanetan, modu guztiz deszentralizatuan antolatu diren greba-batzordeek. Besteak beste, El treball invisible en 10 preguntes (Lan ikusezina hamar galderatan) dokumentala eman dute Valentziako La Saforren; Bartzelonako Poble Sec auzoan bazkaria egin dute kale erdian, kalea emakumeena ere badela aldarrikatzeko; zenbait auzotako komiteek estatua, balkoi eta leku ikusgarrietan amantalak jartzeko deia egin dute.

Greba egunetan produkzioa gelditu ohi den bezala, emakumeen greba honetan kontsumo greba zegoen deituta: alde batetik, ekonomiaren produkzio-egituratik kanpo dauden emakume eta gainerako prekarioek ere eragina eta protagonismoa izan zezaten, eta, bestetik, ikusarazteko «zaintzarik gabe ez dagoela bizitzarik, ez eta kontsumorik ere, bizitzarik gabe».

Eguneko ekitaldiak amaituta, Katedraleko plazan elkartu dira hainbat auzotatik zutabean etorritako feministak, eta handik Portal de l'Angel-era jo dute, Bartzelonako arropa-denden gune komertzial nagusira, kontsumoa etetearekin batera, «sektore guztiz feminizatu horretako miseriazko lan-baldintzak» salatzeko asmoz. Merkataritza gune horretako dendak ordubetez itxiarazi ondoren, amaitutzat eman dute eguna, etxeko lan ezkutatua denon begi-bistara ateratzeko amantalez jantzitako emakume grebalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.