Errusiak Krivi Rih hirian (Ukraina) egindako erasoaren harira AEB Ameriketako Estatu Batuek hartutako jarrera kritikatu du gaur Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, sare sozialetan: «Horren herrialde indartsua, horren herritar indartsuak, eta horren erantzun ahula». Atzo gauean, misil batekin egindako eraso batean, hemezortzi pertsona hil zituzten eta beste 62 zauritu Krivi Rih hirian, Zelenskiren jaioterrian. Ukrainako presidenteak eman du kopuruaren berri gaur, sare sozialetan, eta jakinarazi du hildako horietatik bederatzi adingabeak zirela.
Zelenskik esker hitzak izan ditu Europako zenbait herrialderentzat, baita EB Europako Batasunarentzat ere, atzoko erasoaren ostean zabaldutako mezuengatik. Kontrara, Etxe Zuriaren jarrera gaitzetsi du: «Zoritxarrez, AEBen [Kieveko] enbaxadaren erantzuna etsigarria izan da». Erasoa gaitzesteko orduan Errusia aipatu ez izana kritikatu du Ukrainako presidenteak.
Bridget Brink AEBen Ukrainako enbaxadoreak bart sare sozialetan idatzitako mezuan «izugarritzat» jo du «jolastoki baten eta jatetxe baten ondoan» izandako erasoa; ez du, ordea, erasoaren egilea aipatu. Hildakoen artean sei haur zeudela ere jakinarazi du —oraindik ez zen zabaldua hildakoen kopuru osoa—, eta horregatik gaineratu du «beharrezkoa» dela gerra amaitzea. Goizean, honela erantzun dio Zelenskik: «Bai, gerra amaitu behar da, baina, gerra amaitzeko, ez dugu beldurrik izan behar gauzei dagokien izenaz deitzeko». Errusia estuago hartzeko eskatu du; hura baita, Zelenskiren hitzetan, «su etena aukeratu beharrean haurrak hiltzea aukeratzen duena».
Ukrainako erdialdean dago Krivi Rih hiria, Dnipropetrovsk eskualdean. 2022. urtean, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenean, herrialdeko hiririk populatuenetan zortzigarrena zen: 600.000 biztanle baino gehiago bizi ziren han, Ukrainako Gobernuaren errolda datuen arabera.
Errusiako Defentsa Ministerioak bere Telegram kanalean baieztatu du misil batekin jatetxe bati eraso ziola atzo gauean. Ministerioak azaldu du Ukrainako armadako komandanteak biltzen zirela han, eta horiek zirela erasoaren jomuga.
Nazioarteko hedabideek zabaldutako irudietan, bizitoki eremu bat ageri da erasoak hondatutako gunean, baita haurrentzako jolas parke bat eta suntsitutako hainbat ibilgailu ere. Gainera, Ukrainako presidenteak sare sozialetan zabaldu duenez, larrialdi zerbitzuak iritsi ostean, Moskuk beste eraso bat egin zuen, droneak erabiliz, eta beste pertsona bat hil zuen.
Energia instalazioei erasoka
Martxoaren 18an, energia azpiegiturei 30 egunez erasorik ez egitea hitzartu zuten Kievek eta Moskuk, AEBen bitartekaritzarekin. Ordutik, baina, behin baino gehiagotan egotzi diote elkarri tregoa partzial hori urratzea. Gaur, Errusiako Defentsa Ministerioak bere Telegram kanalean jakinarazi duenez, Ukrainako armadak Errusiako hamalau azpiegitura energetiko bonbardatu ditu azken egunean; eraso horiek elektrizitate mozketak eragin dituzte zenbait eskualdetan. Ministerioaren arabera, Zelenskik ez du bete Donald Trump AEBetako presidenteari emandako hitza; are, ministerioak salatu du Kievek Errusiako energia instalazioen aurkako erasoak «areagotu» dituela azken egunetan.
Instalazio energetikoetarako menia adostu baino astebete lehenago, martxoaren 11n, Etxe Zuriaren 30 eguneko menia proposamena onartu zuen Kievek; ez, ordea, Moskuk. Martxoaren 25ean, beste su eten partzial bat adostu zuten bi aldeek: Itsaso Beltzeko erasoak bertan behera uztea. Kieven aliatuentzat, baina, erabaki horiek ez dira nahikoa, eta Errusiari exijitu diote erabaki bat hartzea AEBek egindako proposamenaren inguruan. Atzo amaitu zen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko Atzerri ministroen goi bilera. Hartan, besteak beste Erresuma Batuko eta Frantziako Atzerri ministroek Vladimir Putin Errusiako presidenteari egotzi zioten «luzamendutan» ibiltzea. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak jakinarazi zuen Trumpek ez duela onartuko Errusiak negoziazioak «etengabe» luzatzea.