GERRA UKRAINAN

Errusiaren eraso batek gutxienez 11 pertsona hil ditu Kramatorsken

Hirurogeitik gora pertsona zauritu dituzte Moskuk Donetskeko hiriko jatetxe bati jaurtitako misilek; hildakoen artean hiru adingabe daude. Kieven arabera, kontraerasoaren «emaitza nagusiak» iristeko daude.

Ukrainako erreskate zerbitzuetakoak lanean, eraikinaren hondakinen artean, misilek jo ondotik, Kramatorsken (Ukraina). UKRAINAKO POLIZIA NAZIONALA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 28a
11:59
Entzun

Errusian urak zertxobait baretu diren honetan, Kieven eta Moskuren arteko borrokak gogortu egin dira gerra frontean. Esaterako, Errusiako indarrek bi misilekin eraso diote Donetsk eskualdeko Kramatorsk hiriko jatetxe bati, eta gutxienez 11 pertsona hil ditu, tartean hiru adingabe, Kyiv Post egunkariak hiriko alkate Oleksandr Gontxarenkoren adierazpena jaso duenez. Gontxarenkok azaldu du atzo gauean izan zela erasoa, eta jendea hil ez ezik 60 lagun baino gehiago ere zauritu zituela. Erreskate taldeek uste dute litekeena dela hildako gehiago egotea eraikinaren hondakinen artean.

Erasoa gertatu eta gutxira, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik gogor gaitzetsi zuen, herritarrei igorritako mezu batean. «Errusiak gerran galtzea eta auzipetzea merezi du». Eta, gaur, Ukrainako zerbitzu sekretuek esan dute pertsona bat atxilotu dutela Kramatorskeko erasoarekin lotura duelakoan; operazioan atzemandakoa «Errusiako zerbitzu berezietako agente bat» da. «Errusiako Federazioko agenteak, zalantzarik gabe, Ukrainako auzitegi batetik igaro beharko du», ziurtatu du Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko buru Vasil Maliukek.

Bada, Kramatorsken gertatutakoaren harira, Kremlinek esan du Errusiak helburu militarrei bakarrik erasotzen diela, eta ez zibilei. Hala nabarmendu du Dmitri Peskov gobernuko bozeramaileak eguneroko prentsaurrekoan. Gainera, errefusatu egin du NBE Nazio Batuen Erakundeak kaleratutako txosten bat, jasotzen duena Errusiak haurren eskubideak urratzen dituela. NBEk Moskuri egozten dio iazko otsailetik zortziehun zibil baino gehiago atxilotzea, horietako batzuk haurrak. Peskovek, berriz, nabarmendu du indar errusiarrek haurrak babesteko neurriak hartu dituztela, gatazka guneetatik ateraz, besteak beste.

Bestalde, Moskuko indarrek beste hiru pertsona hil dituzte Kharkiv probintziako Vovtxanski Khutori hirian egindako eraso batean, bertako alkateak Telegramen jakinarazi duenez. Errusiak ez ezik Kievek ere egin ditu erasoak; horietako bat Lisitxansken, Luhansk eskualdean. Hiriko Poliziako bozeramaile batek salatu du Ukrainako indarrek HIMARS misilak jaurti dituztela etxebizitza zibilen aurka. «Hainbat eraikin hondatu dituzte, eta egiaztatzen ari gara ea biktimarik izan den». TASS Errusiako berri agentziaren arabera, zortziehun Himars misil inguru bota dituzte Ukrainako tropek Luhanskeko herri errepublikan azken urtean, eta 90 zibil baino gehiago hil dituzte.

Bien bitartean, Ukrainako Defentsa ministro Oleksii Reznikovek esan du armadak «aurrerapen batzuk» egin dituela gerra frontean. Halere, gogorarazi du Kieven kontraerasoaren «emaitza nagusiak» iristeko daudela «oraindik»: «Gertatzen denean, mundu guztiak ikusiko du», adierazi du Financial Times egunkariari emandako elkarrizketa batean. Halaber, gezurtatu egin ditu hedabideek tropa ukrainarren aurrerapen motelaren inguruan emandako informazioa. Ministroaren arabera, «oraindik ez dute operazioan parte hartu» erreserba nagusiek, Mendebaldeko estatuetan trebatu berri diren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko tankeekin armatuta dauden brigadak barne.

Uztailaren 11n eta 12an Vilniusen (Lituania) egitekoa den NATOren goi bilera gerturatzen ari den honetan, Reznikovek berretsi du Ukraina prest dagoela aliantzara batzeko, baina onartu du «ezinezkoa» dela liskarrak amaitu baino lehen gauzatzea hori. «Badakigu fase bero batean nekez har daitekeela aho batez erabaki politiko bat. Baina [bidal daiteke] keinu argiren bat», zehaztu du. Hain zuzen, goi bileraren harira, Lituaniako presidente Gitanas Nauseda eta Andrzej Duda Poloniakoa Zelenskirekin izan dira gaur, Kieven, Ukrainako Konstituzioaren 27. urteurrenaren testuinguruan. Nausedak eta Dudak Ukrainari NATOn sartzeko babesa helarazi diote, eta Lituaniako estatuburuak iragarri du NASAMS aireko defentsa sistemak erosi dituela —9,8 milioi euroren truke—, Kievi emateko.

Matxinadaren osteko ikerketa

Errusiako Wagner talde paramilitarreko buruzagi Jevgeni Prigozhinek Errusiako buruzagitza militarraren aurka matxinatzeko asmoen berri bazuen Errusiako jeneral Sergei Surovikinek, The New York Times-ek gaur jakinarazi duenez. Egunkariak AEBetako funtzionarioak aipatzen ditu iturri gisa, eta adierazi du inteligentzia zerbitzua saiatzen ari dela Prigozhinek zer-nolako babesa izan zuen Errusiako armadaren buruzagitzan, eta Surovikinek joan den asteburuan Defentsa Ministerioaren aurkako matxinada prestatzen lagundu ote zuen.

Ikusi gehiago: Wagnerrekoen aurkako zigor auzibidea artxibatu du Kremlinek

Surovikin, Errusiako tropen buru ohia izan zena Ukrainan, buruzagi militar «errespetatua» da, eta Moskuren defentsa sendotzen lagundu zuen iazko Ukrainako kontraerasoaren ondoren, New York Times-ek aipatzen dituen analisten arabera. Buruzagi militarra urtarrilean ordezkatu zuen Kremlinek, baina bere eragina mantendu zuen gerra operazioen zuzendaritzan, eta militarren artean pertsona ezaguna da oraindik ere, New Yorkeko egunkariak gaineratu duenez.

Kremlinek, berriz, gezurtatu egin du New York Times-ek kaleratutako informazioa, eta «espekulaziotzat» jo du. «Gertakari horien inguruak espekulazio eta uste asko izango dira orain. Nire aburuz, hori adibide horietako bat da», esan du Peskovek. Matxinadarekin lotuta, halaber, Kremlineko eledunak nabarmendu du Moskuk «erabat» babesten duela Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkok Wagnerren matxinada gerarazteko izan zuen posizioa.

Ostera, Etxe Zuriko maizter Joe Bidenen esanetan, talde paramilitarraren ekintzak «gehiago ahuldu» du Errusiako presidente Vladimir Putin. Washingtonetik Chicagora joan aurreko agerraldian, Bidenek zehaztu du «zaila» dela matxinadak Putini nola eragin dion jakitea, baina uste du Ukrainako gerra «argi eta garbi galtzen» ari dela. «Etxean bertan galtzen ari da, eta munduko paria bat bihurtzen ari da», erantsi du.

Suedia NATOn noiz sartuko den zehaztu gabe

Suediako lehen ministro Ulf Kristerssonek gaur adierazi duenez, Suediak NATOn sartu nahi du datorren hilean egitekoa den NATOren goi bileran edota batzarraren aurretik, baina ez da ziurra ordurako aliantzara batzeko azken urratsa egingo duenik. Stockholmek eta Helsinkik urte luzeko neutraltasun estatusa utzi zuten Errusiak iaz Ukrainan abiatutako inbasioaren ondotik, NATOrekin bat eginez segurtasuna handiagoa lortzeko asmoz. Finlandia erakundeko kide bihurtu zen apirilean, baina prozesua motelago doakio Suediari.

Hain zuzen, Stockholmek aliantzaren goi bileran bertan sartzea proposatu du, eta, nahiz eta beste kide gehienen babes irmoa izan —AEBena barne—, Turkiak eta Hungariak ez dute onartu NATOko kide izateko eskaera. Kristerssonek, ordea, bereari eutsi dio: «Suedia NATOko kide bihurtuko da». SVT telebista publikoan egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok lehen ministroak. «Inork ez du agindu zehazki Vilniusko goi bileran edo aurretik gertatuko denik, nahiz eta hori izan gure anbizioa denbora guztian. Eta anbizio horretan bat gatoz NATOko gainerako herrialde guztiekin ere».

Ankarak, ostera, esana du «terroristatzat» jotzen dituen taldeetako kideak daudela Eskandinaviako herrialde horretan, hots, PKK Kurdistango Langileen Alderdikoak eta YPG Herriaren Babes Unitateetakoak —Suediak ukatu egiten du akusazio hori—, eta haien estradizioa eskatzen duela, Stockholmen atxikimendua berretsi aurretik. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan, gainera, haserre azaldu da batez ere Suedian turkiarren aurka egindako manifestazioengatik.

Bada, NATOk Suedia goi bilera egin aurretik aliantzan sartzea nahi du, eta, horretarako, bi aldeetako ordezkariei eskatu die bilera bat egin dezatela, ados jar daitezen. Akordioa lortu dutenak aliantza militarreko 31 kide izan dira, Jens Stoltenbergek beste urtebetez idazkari nagusi izaten jarrai dezan, Norvegiako Verdens Gang egunkariak gaur jakitera eman duenez. Stoltenbergek oraindik ez du ofizialki onartu kargua luzatzea, baina aurki baieztatuko duela espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.