GERRA UKRAINAN

Errusiaren bonbardaketa batek gutxienez 51 pertsona hil ditu Kharkiven

Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, denda baten eta kafetegi baten kontrakoa izan da erasoa. «Nahita egindako terrorismo ekintza bat da», salatu du Zelenskik.

Erasoan hildakotako batean gorpua jasotzen. PAVLO PAKHOMENKO / EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 5a
16:45
Entzun

Errusiako armadaren bonbardaketa baten ondorioz, gutxienez 51 pertsona hil dira, gaur, Kharkiv eskualdeko Kupiansk hirian, Ukraina ekialdean. Associated Press berri agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, denda bati eta kafetegi bati egin diete eraso Kremlinen indarrek, han 13:15 inguru zirenean. «Krimen izugarri bat egin du Errusiak; nahita egindako terrorismo ekintza bat da», salatu du Volodimir Zelenskik, Telegramen. Ukrainako presidenteak Europako Komunitate Politikoaren bileran parte hartu du, Granadan (Espainia).

Oleg Sinegubov Kharkiveko gobernadoreak nabarmendu du «zibil asko» zeudela kafetegian eta dendan, erasoa gertatu den unean. «Etsaiak beste gerra krimen bat egin du». Jakinarazi duenez, orain gutxi hildako hango auzotar baten omenez bilduta zeuden bi lokal horietan. Besteak beste, sei urteko haur bat hil da. Larrialdi zerbitzuek dagoeneko eten dituzte erreskate lanak.

Horren guztiaren harira, Ukraina Errusiatik babesteko orduan «Europaren batasunari eustea» eskatu du gaur Zelenskik, Europako 40tik gora estatutako liderrei mintzatu baitzaie. Europako estatuen laguntza ziurtatzeko beharra sentitu du Ukrainako presidenteak, kontuan hartuta AEBek emandako babesean arrakala bat sortu dela, behin AEBetako Kongresuak onartutako azken aurrekontutik kanpo utzi ondoren Ukrainari laguntza militarra emateko diru sailak. Europak ere ez du bakarrik geratu nahi laguntza ematean.

Errusiaren base bat Abkhazian

Georgiako Gobernuak salatu du «probokazio bat» dela Errusiak base militar bat edukitzea Abkhazian, horrek «urratu» egiten duela haren subiranotasuna. Georgiako errepublika autonomo bat da, 1992tik independentea dena de facto. Abkhaziako presidenteak jakinarazi du, gaur, Moskurekin akordio bat egin dutela, han base militar bat izan dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.