Europako Batasuna

Errusiaren aurkako zigorren kontra bozkatuko du Eslovakiako lehen ministro berriak

Ukrainari inolako laguntza militarrik ez diola emango berretsi du ezker nazionalistako Fico gobernuburuak

Slovakiako lehen minstro Robert Fico, atzo, Bratislavan. JAKUB GAVLAK / EPA / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 26a
14:53
Entzun

Eslovakiak lehen ministro berria du atzotik, Robert Fico ezkerreko nazionalista, eta Bruselara joan da gaur Europar Kontseiluaren bileran parte hartzeko. Hegazkinera igo aurretik, argi utzi du zer jarrera izango duen Eslovakiak bileran: Errusiari zigor neurri gehiago jartzearen aurka bozkatuko du, eta berretsi du ez diola inolako laguntza militarrik emango Ukrainari.

«Zigorrek geuri egin behar badigute kalte, ez diot zentzurik ikusten horien alde egiteari», adierazi du. Izan ere, Baltikoko herrialdeek zigor neurri gehiago proposatu asmo zuten gaurko bileran. Europar Kontseiluari txosten bat eskatu nahi dio Ficok, zigorrek Eslovakiari nola eragingo dioten jakiteko, horien alde egin aurretik.

Horrez gain, Hungariako gobernuburu Viktor Orbanek egin bezala, adierazi du ez diola «batere laguntza militarrik» emango Ukrainari.

Ficok esan duenez, «Ukrainan operazio militarrak berehala gelditzeko» aukera bultzatu nahi dute beren jarrerarekin, eta mezua helarazi die Europako Batasuneko gainerako herrialdeei: «EB, arma hornitzaile barik, bake sortzaile bihurtu beharko litzateke». Europak Ukrainarako bake planaren bultzatzaile nagusia izan beharko lukeela gaineratu du, ardura hori Ameriketako Estatu Batuei utzi gabe.

Uste du Bakea lurren truke formula saihetsezina dela, eta Errusia ez dela erretiratuko Krimeatik eta Donbassen okupaturiko eremuetatik.

Iraileko hauteskunde kanpainan agindutakoa betez hasi du agintaldia. Izan ere, laguntza militarra etengo zuela hitzeman zuen, Eslovakiaren atzerri politika «independentea» izango zela, eta mugak «legez kanpoko etorkinen aurka» indartuko zituela.

Ezkerreko eta eskuineko nazionalisten koalizio batek osatu du gobernua Eslovakian, eta, besteak beste, Hlas (Ahotsa) alderdi sozialdemokrataren eta eskuin muturreko Eslovakiako Alderdi Nazionalaren sostengua du.

Lehen ere izan da Fico lehen ministro, 2006tik 2010rako agintaldian, eta 2012tik 2018ra. Kargua utzi zuen orduan, Jan Kuciak kazetariaren hilketaren ostean. Ficoren Smer alderdia ikertzen ari zen Kuciak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.