Europako Komunitate Politikoa

Errusiaren aurkako batasuna irudikatu dute 44 herrialdek

Europako Komunitate Politikoaren lehen bilkurak agerian utzi du Moskuren bakartzea kontinentean. Orbanek eskatu du zigor ekonomikoez «berriz gogoeta egiteko».

Europako Komunitate Politikoa osatzen duten agintariak —Zelenskik bideokonferentzia bidez parte hartu du—, gaur, Pragako Gazteluan. RADEK PIETRUSZKA / EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 6a
19:52
Entzun

Giro ona, irribarreak eta adierazpen baikor eta ez hain baikorrak. Europako Komunitate Politikoaren lehen goi bilerak gehiago balio izan du mezu bat bidaltzeko, egiazko ondorioak eragingo dituzten erabakiak hartzeko baino, eta hori utzi du agerian 43 herrialdetako agintariei —Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bideokonferentzia bidez parte hartu du— Pragako Gazteluan egin dieten argazkiak: Errusiaren aurkako batasuna eta une zailetan ezinbestekotzat daukaten elkartasuna irudikatu dute goi bileran parte hartzen ari diren gobernuburu eta estatuburuek.

Bilkura bera historikotzat jo daiteke, lehen aldia baita Europako herrialdeetako agintari guztiak ekitaldi berean elkartu direla, Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiakoa izan ezik. Eta horrek, ezinbestean, agerian utzi du Putin zein bakarrik dagoen kontinentean aliatuei dagokienez; agintari batzuek besteek baino harreman hobea edota gertukoagoa dute Errusiako estatuburuarekin, norbere herrialdearen interes eta beharrengatik, baina irudiak ez du zalantzarik utzi Ukrainako gerraren aferan. Inork ez du gatazka hori nahi.

Petr Fiala Txekiako lehen ministroak, Europako Komunitate Politikoaren lehen goi bileraren antolatzaileak —EB Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza duelako—, bileraren hasieran esan du Europak «arazo asko» dituela, baina egun aurrean duen «arazorik handiena gerra oldarkor bat» dela: «Errusiak aurrera jarraitzen du Ukrainaren kontrako eraso bidegabearekin. Vladimir Putin negoziazioen aurka dago, haren helburu bakarra lurraldeak konkistatzea da, eta iragan asteko azken ekintzek hori baieztatzen dute».

Gobernuburu eta estatuburu guztien ahotan egon da Ukrainako gerra eta Putin goi bilerara gonbidatu ez izana; Belgikako lehen ministro Alexander de Crooren arabera, «hori arrazoi on batengatik» izan da. Hain justu, parte hartzaileek, Zelenskik bilkuran adierazi duenez, «bakea berriz ezartzeko aukeratzat» daukate Europako Komunitate Politikoa; edo, beste era batera esanda, «gerra oldarkor horren kontra elkartuta» dagoen Europa islatzeko tresnatzat, Katrin Jakobsdottir Islandiako lehen ministroak azaldu duen modura.

Hori bai, izan da beste agintarien bidetik erabat jo ez duen gonbidaturik ere, Viktor Orban Hungariako gobernuburuak argudiatu baitu, goi bilera hasi aurretik, Europako herrialdeek «berriz gogoeta egin behar» dutela Errusiaren aurka agindu dituzten zigor ekonomikoez.

Ukrainako gerra alde batera utzita, Erresuma Batuaren presentziak ere arreta piztu du, besteak beste EBtik atera zelako —2020ko otsailean—, eta urteotan Europako Batzordearekin desadostasunak izan dituelako. Hasieran, Liz Truss herrialde horretako gobernuburua ez zen goi bileran parte hartzekoa, uste zuelako Europako Komunitate Politikoa EBren «apendize bat» izango zela, baina, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bermea jaso ostean, Pragara joatea erabaki zuen.

Baliteke Erresuma Batuak rol garrantzitsua izatea lantalde berri horretan, EBko kide ez diren estatuen artean indartsuenetako bat delako, eta herrialde horrek elkartasun eta babes handia erakutsi diolako Ukrainari hilabeteotan. Gainera, Trussek Europako Komunitate Politikoa balia lezake Londresen eta Bruselaren arteko harremana hobetzeko.

Lankidetza helburu

Talde berriaren helburua da talde komunitarioaren parte ez diren Europako estatuei bide bat eskaintzea Batasunarekin elkarlanean aritzeko. EBko estatu kide bihurtu nahi duten baina oraindik horretarako baldintza ekonomikoak betetzen ez dituzten estatuentzat da proposamena, bai eta talde komunitarioko kide bihurtzeko interesik ez duten baina blokearekin harreman estuagoa nahi duten Europako herrialdeentzat ere.

Hori sortzeko proposamena Macronek sustatu du, iritzita beharrezkoa zela talde komunitarioaren eta haren bizilagunen arteko «elkarlan politikorako plataforma bat». Denera, 44 herrialde dira horren parte: EBko 27 estatu kideak, eta Albania, Armenia, Azerbaijan, Bosnia eta Herzegovina, Erresuma Batua, Georgia, Ipar Mazedonia, Islandia, Kosovo, Liechtenstein, Moldavia, Montenegro, Norvegia, Serbia, Suitza, Turkia eta Ukraina.

Halere, oraindik ez dago erabat argi zer den Europako Komunitate Politikoa, ezta zertarako balio duen ere, agintariek orain arte ez baitute erabat azaldu talde berri horren funtzionamendua, ezta zergatik den beharrezkoa ere, esaterako.

Behintzat, badirudi 44 gobernuburu eta estatuburuak agertu direla Europako Komunitate Politikoaren alde, oraindik ere interpretazio eta interes kontrajarri asko dauden arren, eta, Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak azaldu duen modura, segurtasunaren, ekonomiaren, energiaren eta klima aldaketaren arloetan aurrera egiteko erabili nahi dute lantalde hori.

Agintarien asmoa da urte erdian behin elkartzea, eta EBko barneko eta kanpoko estatuek txandaka antolatzea goi bilera hori. Bigarren topaketa Moldavian egingo dute, talde komunitarioko estatu kide bilakatzeko hautagai estatusa duen herrialdeetako batean, 2023ko apirilean; Natalia Gavrilita hango lehen ministroarenganako keinu bat da, oposizioa eta talde errusiazaleen presioa jasaten ari baita. Hirugarren bilkura Espainian egingo dute, eta laugarrena, Erresuma Batuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.