Errusiaren aurkako batasuna irudikatu dute 44 herrialdek

Europako Komunitate Politikoaren lehen goi bilerak agerian utzi du Mosku bakarturik dagoela Europan. Hungariako lehen ministroak eskatu du «berriz gogoeta egiteko» zigor ekonomikoez

Olaf Scholz (Alemania), Emmanuel Macron (Frantzia), Katrin Jakobsdottir (Islandia, bizkarrez) eta Von der Leyen (Europako Batzordea), atzo, Pragan. M. D. / EFE.
ander perez zala
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Giro ona, irribarreak, eta adierazpen baikor eta ez hain baikorrak. Europako Komunitate Politikoaren lehen goi bilerak gehiago balio izan du mezu bat bidaltzeko, egiazko ondorioak eragingo dituzten erabakiak hartzeko baino, eta hori utzi du agerian 43 herrialdetako agintariei —Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bideokonferentzia bidez parte hartu du— Pragako Gazteluan atzo egin zieten argazkiak: Errusiaren aurkako batasuna, eta garai zailetan ezinbestekotzat daukaten elkartasuna irudikatu zituzten goi bileran parte hartu zuten gobernuburuek eta estatuburuek.

Topaketa bera historikotzat jo daiteke, Europako herrialdeetako agintari guztiak lehen aldiz elkartu baitira ekitaldi berean, Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiakoa izan ezik. Eta horrek, ezinbestean, agerian utzi du Putin zein bakarrik dagoen kontinentean aliatuei dagokionez; agintari batzuek besteek baino harreman hobea edota gertukoagoa dute Errusiako estatuburuarekin, norbere herrialdearen interesengatik eta beharrengatik, baina gaurko irudiak ez du zalantzarik utzi Ukrainako gerraren aferan. Inork ez du gatazka hori nahi.

Petr Fiala Txekiako lehen ministroak, Europako Komunitate Politikoaren lehen goi bileraren antolatzaileak —EB Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza duelako—, bileraren hasieran esan zuen Europak «arazo asko» dituela, baina «gerra oldarkor bat» dela egun duen «arazorik handiena»: «Errusiak aurrera jarraitzen du Ukrainaren kontrako eraso bidegabearekin. Vladimir Putin negoziazioen aurka dago, haren helburu bakarra da lurraldeak konkistatzea, eta iragan asteko azken ekintzek hori baieztatzen dute».

Gobernuburu eta estatuburu guztien ahotan egon zen Ukrainako gerra eta Putin goi bilerara gonbidatu ez izana; Belgikako lehen ministro Alexander de Crooren arabera, «hori arrazoi on batengatik» izan da. Hain justu, Zelenskik bilkuran adierazi zuenez, parte hartzaileek «bakea berriz ezartzeko aukeratzat» daukate Europako Komunitate Politikoa; edo, beste era batera esanda, «gerra oldarkor horren kontra elkartuta» dagoen Europa erakustekotresnatzat, Katrin Jakobsdottir Islandiako lehen ministroak azaldu zuen modura.

Hori bai, izan zen beste agintarien bidetik erabat jo ez zuen gonbidaturik ere; izan ere, goi bilera hasi aurretik, Viktor Orban Hungariako gobernuburuak argudiatu zuen Europako herrialdeek «berriz gogoeta egin behar» dutela Errusiaren aurka agindu dituzten zigor ekonomikoez.

Ukrainako gerraz gain, Erresuma Batuaren presentziak ere arreta eman zuen; besteak beste, EBtik atera baitzen —2020ko otsailean—, baita urteotan Europako Batzordearekin izan dituen desadostasunengatik ere. Hasieran, Liz Truss herrialde horretako gobernuburua ez zen goi bileran parte hartzekoa, Europako Komunitate Politikoa EBren «apendize bat» izango zela uste zuelako, baina, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bermea jaso ostean, Pragara joatea erabaki zuen.

Erresuma Batuak eginkizun garrantzitsua izan lezake lantalde berri horretan, EBko kide ez diren estatuen artean indartsuenetako bat baita, eta herrialde horrek Ukrainaren aldeko elkartasun eta babes handia erakutsi baitu hilabeteotan. Gainera, Trussek Europako Komunitate Politikoa balia lezake Londresen eta Bruselaren arteko harremana hobetzeko.

Lankidetza helburu

Talde berriaren helburua da talde komunitarioaren parte ez diren Europako estatuei bide bat eskaintzea Batasunarekin elkarlanean aritzeko. EBko estatu kide bihurtu nahi duten baina oraindik horretarako baldintza ekonomikoak betetzen ez dituzten estatuentzat da proposamena, bai eta talde komunitarioko kide bihurtzeko interesik ez duten baina blokearekin harreman estuagoa nahi duten Europako herrialdeentzat ere.

Macronek sustatu du hori sortzeko proposamena, iritzita beharrezkoa zela talde komunitarioaren eta haren bizilagunen arteko «elkarlan politikorako plataforma bat». Denera, 44 herrialde dira horren parte: EBko 27 estatu kideak, eta Albania, Armenia, Azerbaijan, Bosnia eta Herzegovina, Erresuma Batua, Georgia, Ipar Mazedonia, Islandia, Kosovo, Liechtenstein, Moldavia, Montenegro, Norvegia, Serbia, Suitza, Turkia eta Ukraina.

Halere, oraindik ez dago erabat argi zer den Europako Komunitate Politikoa, ezta zertarako balio duen ere; lerro hauek idazterakoan, antolatzaileek ez zuten egin goi bilera osteko agerraldia, ezta zalantzak argitu ere, agintariek orain arte ez baitute erabat azaldu talde berri horren funtzionamendua, eta zergatik den beharrezkoa ere ez, esaterako.

Behintzat, badirudi 44 gobernuburuak eta estatuburuak agertu direla Europako Komunitate Politikoaren alde, oraindik ere interpretazio eta interes kontrajarri asko dauden arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.