Errusiako oposizioaren erbesteko bizimodua

Errusiako armadak Ukrainaren kontrako erasoa hasi zuenean, ikaragarri ugaritu ziren herrialdetik alde egin nahi zutenak. Ahots disidenterik garrantzitsuenetako batzuek ere atzerrira joatea erabaki dute urteotan.

(ID_17099785015305) REFORUM ESTONIA
Reforum erakunde zibilaren egoitzan, Estoniako hiriburuan, zenbait protestaren irudiak dituzte. ALEX BUSTOS
Alex Bustos
Tallin - Vilnius
2024ko martxoaren 10a
05:10
Entzun

Errusian askatasunari ezarritako mugen ondorioz, lehendik ere handik alde eginak ziren aktibista, disidente eta hedabide independente batzuk. Errusiako armadak Ukrainaren kontrako erasoa hasi zuenean, ordea, ikaragarri ugaritu ziren Errusiatik alde egin nahi zutenak, eta hori askoz agerikoagoa izan zen errekrutatze partzialaren berri eman zuten egunetan, ihesaldi erabatekoa izan baitzen orduan. Egindako kalkuluen arabera, milioi bat errusiar baino gehiago irten ziren herrialdetik 2022an, eta beste herrialde batzuetan bizi diren 25 milioi errusiarrak ere aintzat hartu behar dira. Azken urteetan joan diren askok arrazoi politikoengatik alde egin dute. Ahots disidenterik garrantzitsuenetako batzuek ere joatea erabaki dute, edo espetxeratu egin dituzte, eta zigor luzeak ezarri; Aleksei Navalni —iragan otsailean hil zen—, Vladimir Kara-Murza eta Ilia Yaxin dira haietako batzuk.

Sorlekutik urruti egonda ere, askok pentsatzen dute eutsi egin behar diotela Errusiako boterearen kontrako borrokan. Hala dio Tallinngo Reforum guneko buruetako batek, Artiom Tiurin-ek. Erakunde zibil bat da Reforum, eta asmo jakin bat du 2020tik: publikoki eztabaidatzea Errusiak zer aldaketa behar dituen. Horretarako, Errusiako disidentziaren babesa izan du, hala nola Kara-Murza atxilotuarena, Ekaterina Schulman politologoarena —Errusiako agintariek atzerriko agentetzat daukate— eta Leonid Volkovena —Navalniren taldeko kidea da—, baita beste eragile garrantzitsu askorena ere.

Bulegoetan, Errusiako erregimenaren aurkako askotariko pankartak daude, baita Ukrainan bakea ezartzearen aldekoak ere, eta manifestazio eta protestetan erabiltzen dituzte. Batzuetan, Errusiaren enbaxadaren parean ere biltzen dira, eta, protesta horietan, askotariko pankartak erakusten dituzte Putin barregarri uzteko eta Kieven bakea ezartzea eskatzeko; Ukrainako banderak ere erabiltzen dituzte.

Tiurinek azaldu du 2021ean egin zuela ihes Errusiatik. «Navalniren erakundearekin lanean» ari zen orduan, Ustelkeriaren Aurkako Funtsarekin, harik eta erakunde hori muturrekotzat eta, beraz, legez kanpokotzat jo zuten arte. Orduan erabaki zuen alde egitea; izan ere, aktibistak dioenez, «espetxeratua izateko arrisku handia» zuen han geratuz gero. Kontatu du ez zuela kasualitatez aukeratu Estonia: gertu dago, eta, haren ustez, aukera ezin hobea da «prentsa askatasuna eta legedi argia izateari» dagokionez.

Gainera, ontzat jo ditu herrialde baltiko horrek hartutako neurriak, eta uste du etorkizunean «Errusian ere ezartzeko» modukoak direla. Baikor dago, eta sinetsita, gainera, «Errusia guztiz bestelakoa» izan daitekeela. Haren hitzetan, posible da erreformak egitea «estatu bakezale, demokratiko eta progresista» izan dadin eta «giza eskubideak errespeta daitezen».

Datorren astean presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Errusian. Egun erabakigarria izango da putinismoarentzat, nahiz eta aurrez ia ziurtatua daukan garaipena. Tiurinen arabera, ordea, bozak erronka bat izango dira Kremlinentzat. «Hauteskundeak oso estresagarriak izan daitezke sistemarentzat; gainera, baliteke eliteko zenbait kide frustratuta sentitzea eta baten batek Putinen aurka egitea».

Esan duenez, Errusiako presidentea «ez da gai herrialdeko segurtasunari eusteko eta beste kolpe bat izatea eragozteko». Optimista da Errusiaren geroari begira, eta uste du etorkizunak berekin ekarri behar lituzkeela zenbait gauza: «Okupatutako lurralde guztiak bueltatzea Ukrainari, gerra kriminalak epaitzea, preso politikoak aske geratzea, eta hauteskunde libre, justu eta demokratikoak egitea». Labur-labur, hauxe nahi du: «Askatasuna Errusiarentzat eta Bielorrusiarentzat, eta garaipena Ukrainarentzat».

«Hauteskundeak oso estresagarriak izan daitezke sistemarentzat; gainera, baliteke eliteko zenbait kide frustratuta sentitzea eta baten batek Putinen aurka egitea».

ARTIOM TIURIMEstoniako Reforum erakunde zibileko buruzagietako bat

Reforumeko beste kide bat, Nikolai Artemenko, urtebete geroago iritsi zen, 2022an. Errusia Ukrainari erasotzen hasi eta berehala, horren kontra protesta egitera atera zen, eta atxilotu egin zuten. «Orduan hamalau egun pasatu nituen behin-behineko espetxealdian», azaldu du.

Kartzelatik atera zenean, erabaki zuen bazuela garaia bere gauzak bildu eta herrialdetik alde egiteko. Geroztik kide aktiboa izan da Reforumeko komunitatean. Errusiaren propagandak enfasi handia egin du herrialde baltikoetako biztanleen «errusofobian», baina Artemenko eta beste zenbait ez datoz bat: «Kaleko jendearen inguruan ez dut inongo kexarik; beso-zabalik hartu gaituzte».

Nolanahi ere, atsekabez azaldu du Estoniako politikari batzuek ez dituztela gogo onez hartu; izan ere, besteak beste, debekatu egin dute Errusiako matrikula duten ibilgailuak herrialdean sartzea, eta, haren hitzetan, horrek «kalte egiten dio Errusiatik ihes egin nahi duen jende xeheari». Neurri horiek gorabehera, Estonian eskandalua sortu zen beste kontu baten harira, argitara atera baitzen Kaja Kallas egungo lehen ministroaren senarrak negozioak egiten zituela Errusiarekin.

Estonian egin dieten harrerari buruz, Tonis Leht politologo estoniarrak hau esan du: «Errusiarrak etortzeak kezka pizten die estoniarrei». Estonia, Letonia eta Lituaniako gobernuak dira Errusiarekiko harremana guztiz eteteko asmorik sendoena dutenetako batzuk, eta hura zigortzeko asmoa ere badute, batez ere beldur direlako Errusiak ez ote dituen berriz inbadituko 40ko hamarkadan bezala; hain zuzen, hori eskatua dute Errusiako estatu hedabide batzuetan. «Ulertzen dugu ahotsa goratzera ausartu diren errusiarrek ihes egin nahi izatea, atxilotu ez ditzaten. Disidenteak ongi hartzen ditugu hemen, baina, errusiar askoz gehiago iritsiko balira, itxura susmagarria hartuko luke», gehitu du Lehtek.

Errusiatik Vilniusera

Errusiatik gertuko beste herrialde batean, Lituanian, errusiarren komunitatea antolatuta dago, elkarri laguntzeko eta Errusia bera aldatzen saiatzeko. Errusiarrak Vilniusko erdialde bohemioan biltzen dira, Uzupis auzoan, kultur ekitaldiak, eztabaidak eta abar egiteko.

Proiektatu izan dituzten dokumentaletako bat Moskuko mutina da: talde anarkista baten martxa kontatzen du, 2011n Putinen kontrako protestak izan zirenekoa. Horren ondoren izandako eztabaidaren moderatzailea, Konstantin Fomin, kide garrantzitsuenetako bat da Vilniusko taldean, eta iaz Errusiako Greenpeaceko prentsa arduradun aritu zen. «Estatu autoritario bat izateari utzi eta erabateko diktadura bihurtu zenean, alde egitea erabaki genuen, ikusita zer bide hartuko zuen hurrengo hilabete edo urteetan», azaldu du.

Fominek dioenez, Errusiako Estatuak «komunikabide independente guztiak itxi ditu, eta egiaren bertsio bat besterik ez dago orain; erraza da, beraz, milaka lagun konbentzitzea, eta, gainera, informazio kontrajarriak ematen dituzte, eta hori oso nahasgarria da bestelako informazio iturririk ez duenarentzat». «Erregimenarentzat, oso garrantzizkoa da jendea ez egotea politikan mobilizatua», gehitu du. Horregatik, uste dute «kanpotik informazioa iristea segurtatu» behar dutela handik alde egin ezinik bestelako informazio iturririk ez dutenentzat.

«2020an, oposizioko bielorrusiar asko etorri ziren hona, eta 2022an, berriz, errusiar asko, gerratik ihesi: orain Lituania da gure etxea».

SVETLANAErrusiako kazetari independentea

Svetlana —ez da egiatako izena— kazetari independentea da, eta azaldu du gatazka hasi zenean Errusiatik joana zela kasualitatez, arrazoi pertsonalengatik. «Maleta txiki bat besterik ez nuen hartu, kanpoan egun gutxi batzuk pasatuko nituelakoan, baina, handik bi astera, kanpoan geratzea erabaki nuen, eta ezin nintzen itzuli Errusiako etxera, ezta nire gauzak jasotzera ere». Egoera bihurrian dago bere enpresarekiko harremanean, atzerriko agentetzat jo baitzuten. Izendapen horrek oso kutsu txarra du sobietarren garaitik, eta gobernuak halakotzat jotzen ditu atzerriko gobernuen dirua ustez jaso duten komunikabideak, enpresak eta norbanakoak.

Zorte ona izan zuen, zeren haren konpainiak, Krimearen anexioa ikusita, erabaki zuen Lituanian ere ezartzea enpresa: «Badaezpada egin, eta, azkenean, halaxe suertatu; beraz, hona etorri ginen». Esker onekoa da: «Esker ona agertu behar diot Lituaniari, eskaintzen digun guztiagatik; 2020an, oposizioko bielorrusiar asko etorri ziren hona, eta 2022an, berriz, errusiar asko, gerratik ihesi: orain Lituania da gure etxea». Kontatu duenez, ez dute sekula diskriminatu nazionalitateagatik, nahiz eta Kremlinek besterik esaten duen.

Ibilia da Errusiako komunikabideekin lanean; horrek «halako arrisku bat dakar», haren hitzetan, eta kezkagarria da inguruko jendearentzat, errepresaliaren bat izango ote duen beldurrez.

Kaukasotik lagunduz

Gatazka eta mobilizazioa hasi berriak zirenean, Georgia izan zen alde egindako errusiar asko eta askoren jomuga: erraz sar liteke han, bisarik gabe ere; Errusiatik gertu dago; askok dakite errusieraz, eta abar. Errusiar gehien hartu duten herrialdeetako bat da —3,7 milioi biztanleko herrialde batean, 112.000 errusiar hartu dituzte—, eta han izan da istilu gehien bertakoen eta 2022an iritsitako errusiarren artean.

Hainbeste errusiar iristeak susmoak piztu zituen hangoen artean, haien etorreraren ondorioz bizimodua garestitu egin zelako batez ere, alokairua gehienbat. Kalean sumatzen da haserrea, han eta hemen ikusten baitira itsasgarriak eta grafitiak honelako leloak dituztenak: «Segi bueltan etxera, errusiarrok». Prezioak goratzeaz gainera, desatsegina izan zen iritsi berri batzuen jokabidea: agerian eramaten zuten Kremlinen armadari babesa agertzeko Z letra; errusieraz hitz egin ziezaietela exijitzen zuten; eta, tarteka, liskarrak izaten zituzten lokal publikoetan.  

«Putinen kontra bazaude, Errusiaren kontra zaude, hori esaten dute gure agintariek».

NIKITAErrusiako disidentea Georgian

Nolanahi ere, errusiar askok nahiago izan dute, hoberik ezean, han geratu, eta halaxe egin du Nikitak, honexegatik: «Putinen kontra bazaude, Errusiaren kontra zaude, hori esaten dute gure agintariek». Haren ustez, kanpotik badago «disidenteei laguntza ematea protesta egin dezaten eta antola daitezen». Errusiar disidente aktiboa da Georgian, eta parte hartu du protesta askotan, Ukrainaren alde eta Putinen kontra, eta ibili zen Putinen aurpegidun panpina bat erre zuten batean ere. Protesta horietako askotan, errefuxiatu ukrainarrak, georgiarrak eta disidente errusiar eta bielorrusiarrak biltzen dira.

Tbilisin dagoen beste errusiar batek azaldu du urrutiago jo duela eta hasia dela janaria eta dirua biltzen Ukrainara bidaltzeko, nahiz eta jakin gogor epaitu ditzaketela Errusian, traidoretzat hartuta. Dmitrik —ez da egiatako izena— azaldu du ez dela Errusiara itzuliko «diktadura bat den bitartean». Ordu arte, Ukraina babesten segituko du, «ahal duen guztian». Nahiago du egiazko izenik ez eman, Errusiatik «atera ezinik» baitaude inguruko batzuk, eta haietaz kezkatuta baitago. Errusiako diasporako beste kide batzuekin batera, janaria, arropa eta dirua biltzen ditu zibil eta militar ukrainarrentzat: hori gogor zigortzen du Errusiako legeak, eta oso gaizki ikusia dago errusiar askoren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.