Errusiako presidente Vladimir Putinek barne garbiketa esanguratsu bat egin du armadan, joan den asteburuan Wagner talde paramilitarra matxinatu ondotik. Hain zuzen, Sergei Surovikin jenerala atxilotu dute ustez matxinadarekin lotura duelakoan, The Moskow Times egunkariak Defentsa Ministerioko gertuko bi iturri aipatuta atzo gauean jakinarazi zuenez. Larunbataz geroztik, Surovikin ez da jendaurrean azaldu, baina Defentsa Ministerioak ez du haren atxiloketaren berririk eman.
«[Surovikinekiko] egoera ez zen ona, batez ere agintariei dagokienez. Ezin dut besterik esan», esan zion iturrietako batek The Moskow Times-i. Bigarren iturriaren arabera, atxiloketa «Wagnerreko buruzagi Jevgeni Prigozhinen testuinguruan» egin dute. «Antza denez, [jeneralak] hark Prigozhinen bandoa aukeratu zuen, eta barrabiletatik heldu diote», gehitu zuen besteak. Surovikin non dagoen galdetuta, batek zera erantzun zuen: «Gure barne iturrietan ez dugu informazio hori komentatzen». Moskuko Eco irratiko zuzendari Alexei Venediktoven arabera, haren familiak ere ez daki non dagoen matxinadaz geroztik. Bada, Vladimir Romanov Errusiaren aldeko blogariaren esanetan, jenerala Moskuko Lefortovo behin-behineko espetxean giltzapetuta dago.
Horrekin lotuta, The New York Times-ek atzo kaleratu zuenez, Surovikinek bazekien Prigozhinek asmoa zuela Errusiako buruzagitza militarraren aurka matxinatzeko. Egunkari horrek AEBetako funtzionarioak aipatu zituen iturri gisa, eta adierazi informazio zerbitzua saiatzen ari dela argitzen Prigozhinek zer-nolako babesa izan zuen Errusiako armadaren buruzagitzan, eta Surovikinek joan den asteburuan Defentsa Ministerioaren aurkako matxinada prestatzen lagundu ote zuen.
Surovikin, Errusiako tropen buru ohia izan zena Ukrainan, buruzagi militar «errespetatua» da, eta Moskuren defentsa sendotzen lagundu zuen iaz Ukrainak Khersonen eta Kharkiven egindako kontraerasoaren ondoren, The New York Times-ek aipatzen dituen analisten arabera. Halere, buruzagi militarra urtarrilean ordezkatu zuen Kremlinek, eta Valeri Guerasimov ezarri zuen haren lekuan. Bere eragina, ordea, mantendu egin zuen gerra operazioen zuzendaritzan, eta militarren artean ezaguna da oraindik ere, New Yorkeko egunkariak gaineratu zuenez.
Kremlinek, berriz, gezurtatu egin zuen atzo The New York Times-ek kaleratutako informazioa, eta «espekulaziotzat» jo zuen. «Gertakari horien inguruak espekulazio eta uste asko izango dira orain. Nire aburuz, hori adibide horietako bat da», esan zuen Errusiako Gobernuko eledun Dmitri Peskovek.
Wagner kontrolatzeko operazioa
Mendebaldeak Kremlini atzemandako ahultasun zantzuak zokoratze aldera, Putinek Wagnerren kontrola bereganatzeko operazioa abiatu duela aipatu du The Wall Street Journal egunkariak. Ukrainatik kanpo, Errusiako talde paramilitarra ekintza militarrak egiten ari da Sirian, Afrika Erdiko Errepublikan, Malin eta beste zenbait herrialdetan ere.
Hori kontuan hartuta, Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Verxinin Damaskora joan da Siriako presidente Baxar al-Assadi Putinen mezua helarazteko. Atzerri Ministerioko beste goi funtzionario batek, berriz, Afrika Erdiko Errepublikako estatuburu Faustin-Archange Touaderari deitu dio berriki; The Wall Street Journal-en arabera, Wagnerreko paramilitarrak armada pertsonalean ditu, eta diru kopuru bat ordaintzen dio Moskuri.
Putinek datorren larunbatera arteko epea eman die matxinadan parte hartu zuten Wagnerreko miliziei hauetako erabakiren bat hartzeko: «familia eta lagunengana itzuli», armadan sartu edo Bielorrusian erbesteratu. Prigozhinek, ordea, Bielorrusian erbesteratu zenetik ez du ezer esan Wagnerren kontrola mantentzeari buruz, eta behin baino gehiagotan adierazi izan du bere gizonek Defentsa Ministerioaren kontratuak baztertu egingo dituztela, New Yorkeko egunkariaren arabera. Putinek «traizioa» egotzi zion larunbatean orain dela hilabete gutxira arte aliatutzat zeukanari, Prigozhini.
Bada, Wagnerreko borrokalariak aurrerantzean ez dira Ukrainan ariko. Hala esan du gaur Errusiako behe ganberako defentsa batzordeko buru Andrei Kartapolovek. Azaldu duenez, matxinada saiakera baino egun batzuk lehenago, Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen «borroka misioak egiten dituzten talde guztiek» kontratu bat sinatu behar zutela ministerioarekin, TASS Errusiako berri agentziak jaso duenez. Prigozhinek ezezkoa eman dionez horri, Wagnerrek ez du gehiago Ukrainako «operazio militar berezian» parte hartuko. «Hau da, [Wagnerri] ez zaio funtsik edo baliabide materialik emango», ziurtatu du diputatuak. Kremlinek, ordea, ez du erabaki horren inguruko baieztapenik egin.
Gerra frontean, aurrerapenak
Ukrainaren kontraerasoari dagokionez, Defentsa ministrorde Hanna Maliarrek gaur jakinarazi duenez, tropek kilometro bat baino gehiago egin dute aurrera, batez ere ekialdeko eta hegoaldeko zenbait frontetan; besteak beste, Donetsk eskualdeko Bakhmuten, non azken hilabeteetako borrokaldirik gogorrenak izan baitira, eta Zaporizhia probintziako Melitopolen eta Berdiansken. Ziurtatu du, halaber, indar ukrainarrek «galera handiak» eragin dizkiotela Errusiako armadari.
Bestalde, hamabira igo da Errusiako indarrek herenegun Donetsk eskualdeko Kramatorsk hiriko jatetxe bati egindako erasoan hildakoen kopurua; tartean hiru adingabe daude, hiriko alkate Oleksandr Gontxarenkok Kyiv Post egunkariari egindako adierazpenetan jaso dutenez. Misilekin egindako oldarraldiak, jendea hil ez ezik, 60 lagun baino gehiago ere zauritu zituen.
Atzo, gainera, Ukrainako armadak bi lagun hil zituen Donetsk eskualdeko Kirovski barrutian egindako eraso batean, bertako agintariek salatu zutenez, TASS Errusiako berri agentziaren arabera. Erasoa gertatu eta gutxira, Donetskeko herri errepublikako buruzagi Denis Puxilinek iragarri zuen beste zortzi lagun zauritu zirela; horietatik bost adin txikikoak ziren.