Errusiako hiri bat ebakuatu dute, Ukrainako erasoen ondorioz

Ukrainaren eta Errusiaren arteko mugatik 460 kilometrora dauden arma biltegi batzuen aurka droneak jaurti ditu Ukrainak, Tver eskualdean. Bizilagunak haien etxeetara itzul daitezkeela esan dute eskualdeko agintariek.

Ukrainako soldadu bat, drone batekin, Donetskeko eskualdean, artxiboko irudi batean. MARIA SENOVILLA / EFE
Ukrainako soldadu bat, drone batekin, Donetskeko eskualdean, artxiboko irudi batean. MARIA SENOVILLA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 18a
16:45
Entzun

Ukrainako gerra azken hilabeteetan estutu egin da Ukraina Errusiaren aurka egiten ari den erasoak direla eta. Gaur egin duen erasoak, baina, ezberdintasun nagusi bat du: erasoa mugatik urrun egin dute, 460 kilometrora, hain zuzen. Erasoaren ondorioz, Errusiak Toropets hiria ebakuatu behar izan du.

Gauean abiatu du operazioa Ukrainak, Errusiako armadak Tver eskualdean —Toropets bertan dago— dituen arma biltegi batzuen aurka droneak jaurtiz, Ukrinform Ukrainako albiste agentziak argitaratu duenez. Ukrainak antzeko erasoak egin ditu azken egunetan —mugatik gertuago—, Errusiaren gaitasun militarra ahuldu nahi duela argudiatuta.

Moskuk hiriko zenbait gune ebakuatu dituen arren, ez dizkio kalteak Ukrainako droneei aitortu. Tvergo gobernadore Igor Rudenyak, droneak eraitsi dituztela esan du, eta ebakuazioaren arrazoia sute bat dela adierazi. Ez du esan zehazki zer zegoen sutan. Reuters albiste agentziak bertako bizilagunei galdetuta argitaratu duenez, eztanda baten ostean hasi da sutea, eta aditzera eman du Ukrainak jaurtitako drone batek eragin duela.

Agentziak kaleratu du lurrikara bat eragin duela eztandak. Sare sozialetan argitaratutako bideoak aztertu ditu Reutersek, eta 200 tona lehergai inguruk egin dute eztanda ondorioztatu du. Eskualdeko agintariek, bestalde, bizilagunei eskatu diete ez zabaltzeko gertatutakoaren inguruko irudirik, «segurtasun arrazoiak» argudiatuta.

Goizean goizetik erasoak hondatutako guneak ebakuatzeko ihesbide bat jarri dute martxan; eguerdi aldera, ostera, ebakuazioa bertan behera utzi dutela adierazi du Rudenyak: «Etxera itzuli nahi dutenentzako autobusak ahalbidetu ditugu. Hiriko zerbitzu guztiak ondo daude». Jakinarazi duenez, ez da inor hil, ez «larri zauritu».

Mendebaldeko armak

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik behin baino gehiagotan azpimarratu du haren Mendebaldeko aliatuek —batez ere NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak— emandako armak Errusiako lurren aurka erabili nahi dituela. Oraingoz, aliatuek ez dute eskaera onartu; halere, joan den astean Erresuma Batua eta AEB Ameriketako Estatu Batuak Zelenskiren ideiaren inguruan solastatu ziren.

NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, berriz, herenegun LBC irrati katean Zelenskiren eskaera onartzeko Mendebaldearen ahaleginak «txalotu» zituen. Adierazpen horiek ez dituzte begi onez ikusi Moskun. Errusiako presidentetzaren bozeramaile Dmitri Peskovek gaur prentsaurreko batean esan duenez, Stoltenbergen hitzak «probokazio bat» dira. Are gehiago, bozeramaileak nabarmendu du NATOko idazkari nagusiak «jarrera arriskutsua» hartu duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.