Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen buru Igor Kirillov teniente jenerala hil dute gaur goizean, bonba eraso batean. Errusiako Ikerketa Batzordeak Telegram bidez jakinarazi duenez, eztanda Moskuko eraikin bateko atarian izan da, Kremlinetik zazpi kilometrora; lehergailua patinete elektriko batean zegoen ezkutatuta. Kirillov ez ezik, haren laguntzailea ere hil da erasoan. Ukrainak bere gain hartu du.
Ukrainako zerbitzu sekretuen iturri anonimo bat aipatuta Ukrinform albiste agentziak kaleratu duenez, zerbitzu horien «eraso berezi bat» izan da. Reuters eta AFP France-Press berri agentziek ere informazio hori bera argitaratu dute, eta, BBCren arabera, Kieventzat «helburu legitimo bat» zen, argudiatuta Kirillovek agindu zuela erabil zitezela arma kimiko debekatuak Ukrainako soldaduen kontra. Moskuk, nolanahi ere, ikerketa bat jarri du abian gertatutakoa argitzeko. Errusiako Tass berri agentziaren arabera, lehergailuak 300 gramo TNT zituen.
Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropek aldagai erradioaktiboak eta kimikoak dituzten armekin egiten dute lan; hori egotzi dio Kievek. Atzo bertan, Ukrainako auzitegi batek leporatu zion Kirillovi —hura ez zen han izan— Ukrainaren aurka debekatuta dauden arma kimikoak erabiltzea. Horren arabera, 2022ko otsailean inbasioa hasi zuenetik, Errusiak 4.800dik gora alditan erabili du «munizio kimikoa» Ukrainako lurretan.
Errusiak ukatu egin ditu akusazio horiek. Kontuan hartu behar da Errusiak 2017an jakinarazi zuela bere esku zuen arma kimikoen azkeneko saila suntsitu zuela. Zeremonia bat egin zuten horretarako, eta Vladimir Putin presidenteak adierazi zuen orduan une hori «historikoa» zela. Arma Kimikoen Hitzarmena sinatua eta berretsia dute munduko herrialde gehienek, eta Errusia izan zen hori izenpetu zuten aurreneko herrialdeetako bat; 1997tik dago indarrean.
Kirilloven hilketaren harira, Moskuk «mendekua» hartuko duela adierazi du gaur Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluaren buruak, Errusiako RIA albiste agentziak jaso duenez. «Militarki porrot egin duenez, bakean dauden hiriei koldarki eraso eginez erantzuten du [Ukrainak]». Besteak beste Kremlinen informazioa zabaltzeaz arduratzen da Rossiyskaya Gazeta egunkaria, eta gaur kaleratu du Kirillov hiltzea izan dela Kieventzat hura «isilarazteko» modu bakarra.
Ipar Koreako soldaduak
Ukrainako zerbitzu sekretuek adierazi zuten atzo Ipar Koreako 30 soldadu hil edo zauritu dituztela gutxienez Kurskeko frontean (Errusia), eta AEBek gauza bera esan dute gaur goizaldean. Pentagonoaren bozeramaile batek agerraldi batean baieztatu duenez, soldadu iparkorearrak hil edo zauritu dituzte fronte horretan —eskualde horrek Ukrainarekin muga egiten du—; hori baieztatu ahal izateko «zantzuak» dituzte.
Kieveko iturri militarrek argazki batzuk kaleratu zituzten igandean, eta dozenaka soldadu hilda agertzen ziren; ustez, Ipar Koreakoak. Nazioarteko zenbait hedabideren arabera, Ukrainako armada Kursken paskin batzuk jaurtitzen ari da airez, eta horietan koreeraz idatzi dute ohar bat, eskatuz soldaduei amore eman dezaten; bozgorailuak dituzten droneekin ere mezu hori bera ari dira koreeraz hedatzen.
Eta Hego Koreak ere azaldu du, gaur, litekeena dela egia izatea Ipar Koreako soldaduak hil dituztela Kursk eskualdean. Zerbitzu sekretuen iturri batek Yonhap albiste agentziari esan dionez, bildu duten informazioa egiaztatzen ari dira.
AEBetako, Ukrainako, Hego Koreako zerbitzu sekretuek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak azkeneko asteetan adierazi dutenez, urriaz geroztik Ipar Koreako armadako 10.000 soldadu inguru Kursk eskualdera iritsi dira Errusiako armadarekin batera Ukrainaren kontra borrokatzeko. Ukrainak erasoaldi bat hasi zuen eskualde hartan abuztuan. Dena den, Kievek berak onartu zuen duela hiru aste eskualde hartan konkistatutako lur eremuaren %40 inguru galdu duela. Belgorod eskualdera ere eraman dituzte Ipar Koreako soldaduak, Ukrainaren esanetan.