Errusiako atzerriko agenteen legeak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen du

Legedi horren helburuak pertsonak eta erakundeak «zigortzea zein beldurtzea» direla ebatzi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

Atzerriko agenteen legea urratzeagatik Memorial GKEa desegiteko agindu zuen Errusiako Auzitegi Gorenak, 2021ean. Irudian, protestak. YURI KOCHETKOV / EFE
Atzerriko agenteen legea urratzeagatik Memorial GKEa desegiteko agindu zuen Errusiako Auzitegi Gorenak, 2021ean. Irudian, protestak. YURI KOCHETKOV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko urriaren 22a
17:24
Entzun

Errusiako atzerriko agenteen legeak Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko hiru artikulu urratzen dituela ebatzi du gaur Giza Eskubideen Europako Auzitegiak: adierazpen askatasuna, elkartzeko askatasuna eta bizitza pribatuaren zein familiaren errespetua. Estrasburgon egoitza duen epaitegiak esan du legedi hori «neurriz kanpo» erabiltzen dela; eta gehitu du legearen asmoa ez dela segurtasun nazionala babestea edo gardentasuna sustatzea, baizik eta pertsonak eta erakundeak «zigortzea zein beldurtzea».

Atzerritik laguntza jasotzen duten edo atzerriko influentziaren mende dauden GKE gobernuz kanpoko erakundeei, hedabideei eta pertsonei eragiten die legeak. Horiek «atzerriko agente» gisa hartzen ditu Moskuk, eta behartzen ditu argitalpen guztietan beren burua izendapen horrekin identifikatzera. Gainera, pertsona horiek ezin dute hauteskundeetan parte hartu, irakaskuntzan lan egin, ezta publizitatetik dirurik jaso ere. Neurri horiek bete ezean, zigorrak jasaten dituzte; Estrasburgoren arabera, «neurriz kanpokoak».

2012an, Errusia atzerritik laguntza jasotzen zuten zenbait GKEri hasi zitzaien lege hori aplikatzen; ordutik, zabalduz joan da: lehenik, hedabideei aplikatzen hasi ziren, eta, gerora, Kremlinaren arabera «jarduera politikoa» zutenei. Legedia 2022an moldatu zuten azkenengoz; eta, Estrasburgoko epaitegiaren hitzetan, «are eta gehiago zabaldu zuten» atzerriko agenteen definizioa. Antzeko lege proiektu bat onartu zuen maiatzean Georgiako Parlamentuak, eta protesta ugari egon ziren.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia Europako Kontseiluak sortutako epaitegia da. Errusia 2022an kanporatu zuten Europako Kontseilutik, Ukrainako inbasioa hasi zuenean. Halere, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu dezaketen kasuak epaitzeko eskumena izaten jarraitzen du Estrasburgoko auzitegiak, baina 2022ko irailera artekoak.

BRICSen goi bilera, ostegunera arte

BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) taldeak goi bilera hasi du gaur Kazanen (Errusia), eta ostegunera arte iraungo du. BRICS taldea nazioarteko erakunde ekonomiko zein politikoa da, gorabidean diren potentzia ekonomikoak batu eta G7aren pareko izateko asmoz sortu zuten.

Lehen aldiz batzartuko dira iazko goi bileran taldea zabaltzea onartu zutenetik. Horregatik, bost herrialde horietako ordezkariak eta Egiptoko, Arabiar Emirerri Batuetako, Etiopiako eta Irango agintariak bertaratuko dira. Ez da bertan izango Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva Lula, osasun arazoak direla medio.

10

Zenbait murriztu den Ukrainako populazioa, milioitan. 2022an Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik, herrialde horretan 10 milioi biztanle gutxiago bizi dira UNFPA Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsaren arabera.

Gaur, Vladimir Putin Errusiako presidentea Narendra Modi Indiako estatuburuarekin batzartu da. Modik jakinarazi dio India Ukrainako gerra amaitzearen alde dagoela, betiere bakezko bitartekariak erabilita. Kremlinak jakinarazi duenez, NBE Nazio Batuen Erakundeko zuzendari nagusi Antonio Guterresekin ere hitz egingo du Putinek. Ostegunean izango litzateke bilera hori, baina NBEk ez du halakorik baieztatu.

Bestalde, Ukrainari 35.000 milioi euroko mailegua ematea onartu du gaur Europako Parlamentuak. Moskuk Ukrainako inbasioa hasi zuenean Errusiari izoztutako aktiboen irabaziak erabili ahal izango ditu Kievek EB Europako Batasunak onartutako mailegua ordaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.