Ukrainak jaurtitako 11 drone suntsitu ditu Errusiak Moskun

Errusiak salatu du Ukrainako armadak 30 zibil baino gehiago hil dituela Kurskeko erasoan azken hiru asteetan. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren kide bihurtu da Ukraina.

Kursk Errusiako eskualdearen aurkako Ukrainaren erasoak suntsitutako eraikin bat, igandean. EFE
Kursk Errusiako eskualdearen aurkako Ukrainaren erasoak suntsitutako erakin bat, igandean. EFE
2024ko abuztuaren 21a
15:57
Entzun

Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Moskuri gaur goizean eraso egin behar zioten 11 drone suntsitu dituela. Moskuko alkate Sergei Sobianinen hitzetan, hiriburuaren aurkako «drone eraso handienetako bat» izan da, baina ez du biktimarik eragin. Horrekin lotuta, Tass Errusiako berri agentziak kaleratu du, eskualde horretako osasun langile baten hitzak erabiliz, Ukrainak azken hiru asteetan 30 zibil baino gehiago hil dituela eta 143 zauritu Kursk Errusiako eskualdearen aurkako erasoan. Bestalde, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren kide bihurtu da gaur Ukraina, hango parlamentuak Erromako Estatutua berretsi ondoren.

Errusiako hiriburua ez da izan Ukrainako armadak azken 24 orduetan jomuga izan duen leku bakarra: Errusiako agintariek jakinarazi dute lau misil ukrainar eta dozenaka drone suntsitu dituela gaur Ukrainarekin muga egiten duten zenbait eskualdetan. Kurskerantz zihoazen lau misil horietako bi, hango gobernadore Aleksei Smirnovek Telegram bidez ohartarazi duenez; eta Kursk ondoko Belgorod eskualdeko aire defentsek 40 drone inguru suntsitu ditu, hango gobernadore Viatxeslav Gladkoven arabera. Iragan abuztuaren 6an egin zieten eraso Ukrainako soldaduek Errusiako mugazainei, Kursken, eta, Oleksandr Sirski Ukrainako armadaren buruak atzo agerraldi batean azaldu zuenez, geroztik eskualdeko 1.260 kilometro koadro eta 93 herrixka bereganatu dituzte. Haren esanetan, 28 eta 35 kilometro artean egin dute aurrera.

Kurskeko erasoaren harira, Sergei Txemezov Rostec Errusiako konpainia publikoaren zuzendariak Reuters berri agentziari gaur adierazi dioenez, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Mendebaldeko herrialdeak «mundu gerra» bat probokatzen ari dira Kievi bide ematen baitiote Errusiako eskualdeei eraso egiteko. Ukrainaren aurkako inbasioan Moskuk erabiltzen dituen arma ugari Rostecek eginak dira, eta, Txemezoven iritziz, Errusiako armada «konfiantzaz» dago gatazkaren hurrengo hilabeteei begira, gutxienez bi urterako «baliabide militar nahikoa» baitu.

Vladimir Putin Errusiako presidentearekin erlazio estua du Txemezovek: 1980. urtean ezagutu zuten elkar, biak KGB Sobietar Batasuneko Estatuaren Segurtasunerako Komitean zeudela Alemaniako Errepublika Demokratikoan, eta 2007an, Putin herrialdeko presidente zela, Txemezov izendatu zuen Rosteceko zuzendari gisa. Haren ustez, «Mendebaldearen eta Errusiaren arteko borroka» da Ukrainako gatazka, eta adierazi du «prest» egon behar dutela Ukrainak gerra «probokatuz» gero.

«EBra sartzeko urratsa»

Ukraina Nazioarteko Zigor Auzitegiaren 125. kidea bihurtu da gaur, hango parlamentuak Erromako Estatutua berretsi ondoren. Herrialdeko Atzerri ministro Dmitro Kulebak ohar batean adierazi duenez, «erronkez beteriko» ibilbidea izan da: «Erabaki honekin, Ukrainak nazioarteko justizia indartzeko konpromisoa erakutsi du». Gainera, Kulebak gogorarazi du Kiev aurretik ere elkarlanean aritu dela zigor auzitegiarekin, Errusia zigortua izan dadin hark egindako «bortizkeriengatik». Kulebak erantsi du lan hori «eraginkorragoa» izango dela orain.

Ukrainako Atzerri ministroak esan du EB Europako Batasunera sartzeko «urrats garrantzitsua» dela Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide izatea. 2022ko ekainean, EBko estatuburuek eta gobernuburuek Ukrainari herrialde hautagaiaren estatusa ematea erabaki zuten. Ukrainak duela hamar urtetik Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikzioa onartzen zuen arren, gaur arte ez zuen berretsia Erromako Estatutua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.