GERRA UKRAINAN

Errusiak AEBei ohartarazi die «alferrik» ari direla Ukrainari laguntzen

Moskuren ustez, Washingtonen parte hartzea «Vietnamen eta Afganistanen» bezala bukatuko da. Zelenskik lehentasunak jarri ditu jasotzekoa den laguntza militarrean: aireko defentsa sistemak eta irismen luzeko armak.

Ukrainako armadako soldadu bat tiro egiten duela hilabete inguru, Donetsk inguruan. OLGA KOVALOVA / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat tiro egiten, duela hilabete inguru, Donetsk inguruan. OLGA KOVALOVA / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 21a
19:30
Entzun

AEBak prest daude Ukrainarentzako laguntza militarrean 61.000 milioi dolarreko —57.000 milio euro inguruko— diru sail bat onartzeko. Errusiako Gobernuak Washingtoni ohartarazi dio, ordea, «alferrik» ari dela Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea «salbatzeko» ahaleginean. «Washington parte hartze geroz eta sakonagoa ari da izaten gerran, baina porrot handi eta umiliagarri batekin bukatuko da, Vietnamen eta Afganistanen gertatu bezala», nabarmendu du gaur Maria Zakharova Atzerri Ministerioko bozeramaileak, ohar batean.

Zakharovaren esanetan, Moskuk «irmoki» erantzungo du. Gainera, Zelenskik azken orduetan adierazitako poza zapuztu nahi izan du, iruditzen baitzaio diru sail horren helburua zera dela, Ukrainako armadak azaroaren 5ean AEBetan egitekoak diren presidentetzarako bozetara arte eustea gudu zelaian, modu horretan Joe Biden Etxe Zuriko maizterraren irudia «zuritu» ahal izateko. AEBetako Ordezkarien Ganberak atzo onartu zuen diru sail hori, baina, indarrean sartzeko, Senatuak ere aurrera atera beharko luke; azken urratsa litzateke Bidenek lege proiektua sinatzea.

Goi ganbera asteartean da proiektuaz eztabaidatzen hastekoa, eta, AEBetako hedabideek Kongresuko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, datorren astearen amaierarako dira onartzekoak —demokratek gehiengoa dute Senatuan—. Zelenskik eskatu du «ahalik eta azkarrena» onartu dezatela. AEBetako NBC telebista katean elkarrizketatu dute gaur, eta azpimarratu du laguntza militarrerako diru saila bideratuz «mezu indartsu bat» helarazi duela Washingtonek, erakutsiz Ukraina babesten duela, eta ez duela nahi hura «beste Afganistan bat» izatea.

Jasotzekoak diren material militarrari dagokionez, «lehentasunak» zeintzuk diren zehaztu du Ukrainako presidenteak: irismen luzeko armak, eta aireko defentsa sistemak. Zelenskik hilabeteak daramatza laguntza militar handiagoa eskatzen —2027ra bitartean Ukrainari laguntza ekonomikoa, militarra, diplomatikoa eta humanitarioa emateko 50.000 milioi euroko diru sail bat onartu zuen Europako Batasunak otsailean—, gerrako ekialdeko fronteko lerroan Errusiak pixkanaka aurrerantz egiten duen bitartean. «Uste dut laguntza honek egiazki indartuko dituela Ukrainako indar armatuak, eta irabazteko aukerak edukiko ditugula», esan du estatuburuak.

Aldea gudu zelaian

Errusiako behe ganberako presidente Viatxeslav Volodinek Telegramen idatzi du, baina, AEBak ematekoak diren laguntzak ez duela aldaketarik eragingo gudu zelaian. The Washington Post egunkariak Etxe Zuriko iturriak aipatuz atzo argitaratu zuenez, artilleriako munizioaren, irismen luzeko misilen eta aireko defentsa sistemetarako baterien lehen sorta astebete barru entregatuko diete Ukrainako indarrei. Dena den, AEBen laguntza ez da nahikoa gudu zelaian Errusiak duen nagusitasun militarrari aurre egiteko. 2024rako Errusiako Defentsa Ministerioaren aurrekontua 129.000 milioi eurokoa da; hau da, aurrekontu guztiaren %40 inguru gastu militarrerako erabiliko du Errusiak.

Horren guztiaren harira, azken hilabeteetan ohikoak izan dira Ukrainako armadako kideek hedabideetan adierazitako kexak. Horien arabera, Errusiak, batez beste, Ukrainak baino 6-10 aldiz jaurtigai gehiago botatzen ditu egunean. Eta, Ukrainak laguntza militarrean izandako etenaren ondorioz, Ukrainaren aireko defentsa sistemen eraginkortasunak nabarmen egin du behera. Iaz, %80 ingurukoa zen; orain, aldiz, Kievek emandako datuek diote %60koa dela. The Daily Telegraph Erresuma Batuko egunkaria areago joan zen martxo hasieran: Ukrainako armadako iturriak aipatuz argitaratu zuen Errusiak jaurtitako bost misiletik bat erorarazteko gaitasuna duela egun Kievek. 

Fronteari dagokionez, hain zuzen, Errusiak iragarri du gaur Bogdanivka herria hartu duela, Txasiv Yar puntu estrategikotik gertu, Donetsk eskualdean, herrialdearen hego-ekialdean. Han, Kharkiveko frontean ez bezala —ekialdean—, pixkanaka ari da lur gehiago konkistatzen. Ukrainak Kramatorsken du Donbassko gune militar nagusia, Txasiv Yarretik 30 bat kilometrora, eta hari eraso egiteko helburua du Errusiak.

Moldaviako bozetara begira koalizio errusiazale bat sortu dute

Datorren urriaren 20an presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Moldavian, eta, horiei begira, hango alderdi errusiazaleak koalizio baten barruan aurkeztuko dira. Hori jakinarazi dute gaur diputatu errusiazaleek, Moskun egindako bilkura batean. Adierazi dute Errusia «bazkide historikoa» dela. Kontuan hartu behar da, gainera, egun horretan bertan erreferendum bat egingo dutela Moldavian, eta hango herritarrei galdetuko dietela ea EB Europako Batasuneko kide izan nahi duten. Moldavia talde komunitarioan sartzeko negoziazioak hastea adostu zuen Europar Kontseiluak aurreko abenduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.