Gerra Ukrainan

Errusiak multipolaritatea lantzera eta babes bila jo du Latinoamerikara

Lavrov Atzerri ministroa Brasilen, Venezuelan, Nikaraguan eta Kuban egongo da datozen egunetan

Brasilgo Atzerri ministro Mauro Vieira (ezkerrean) eta Errusiako haren homologo Sergei Lavrov, atzo. ANDRE BORGES / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Errusiak, Txinak bezalaxe, mundu multipolar bat aldarrikatzen du, Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) bukatu zenetik indarrean dagoen statu quo-a indargabetzeko. Iruditzen zaio Latinoamerika dela gisa horretako munduko ordena bat eraikitzeko orduan lagungarria izan dakizkiokeen lekuetako bat. Hori adierazi zuen, atzo, Maria Zakharova Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eta, horregatik, Sergei Lavrov Atzerri ministroak eskualdean bira bat egingo du datozen egunetan. Lehen geldialdia Brasilen egingo du—atzo iritsi zen hara—, eta ondoren, ostiralera bitartean, Venezuelara, Nikaraguara eta Kubara ere joango da, eta hango estatuburuekin bildu. Bide batez, Ukrainako gatazkaren testuinguruan, babesa lortzeko ahalegina egingo du.

Otsailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuen Errusiak Ukrainan hasitako inbasioa gaitzesteko, eta, Lavrovek bisitatuko dituen herrialdeen artean, Nikaragua izan zen kontra bozkatu zuen bakarra; Kuba abstenitu egin zen; Venezuelak ez zuen parte hartu bozketan; eta Brasilek, berriz, alde bozkatu zuen.

Dena den, horrek ez ditu gaiztotu Errusiaren eta Brasilen arteko harremanak. Biraren harira, Lavrovek artikulu bat argitaratu zuen joan den astean Brasilgo prentsan, eta, han azpimarratzen zuenez, Errusiak ez du, Sobietar Batasunak bezala, «ideologian» oinarritzen bere atzerri politika, «pragmatismoan» baizik. Iruditzen zaio, bide batez, Latinoamerikako herrialdeek «rol gero eta nabarmenagoa» jokatzen dutela «mundu multipolarrean».

Brasilek, esaterako, Errusiatik inportatzen du erabiltzen duen ongarri gehiena. Lavrovek nabarmendu zuen Errusiak Latinoamerikara egindako esportazioak %3,8 handitu direla azken urtean, Ukrainako gerragatik Mendebaldeko herrialdeek Kremlini ezarritako zigor ekonomikoak eta estatu horiek beren esferatik kanpoko herrialdeei Mosku bakartzeko egindako «presioa» gorabehera.

Eta Brasil da Latinoamerikako potentzia ekonomiko nagusia, munduan biztanle gehien dutenen artean zazpigarren herrialdea. Lavrov atzo ailegatu zen hara, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgoa Moskura gonbidatu du berriki. Aintzat hartu behar da, gainera, Lularen atzerri gaietarako aholkulari Celso Amorim Kremlineko buruarekin batzartu zela apiril hasieran.

Lularen asmoak

Berriro presidente denetik, Lulak nahi du Brasil eragile izatea nazioarteko politikan. Inbasioa gaitzetsi duen arren, uko egin dio, Mendebaldeko potentziek eskatu bezala, Ukrainari armak emateari, eta orain pare bat aste iradoki zuen Ukrainak «beharbada» amore eman beharko lukeela Krimeako auzian. Aldi berean, lehengo astean Txinara egindako bidaia ofizialean adierazi zuen Washingtonek «gerra hauspotzeari» utzi beharko liokeela eta EB Europako Batasunak bakeaz hitz egin beharko lukeela. Bruselak atzo erantzun zion Ukraina «biktima bat» dela, eta horregatik hornitzen duela armaz.

Lularen asmoa da nazioarteko aliantza bat osatzea gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko. Hala esan izan du, eta uste du Txinak, Brasilek, Turkiak, Indiak eta Indonesiak gutxienez horretako kide izan beharko luketela. Oraindik ez du argitu, ordea, nola egin nahi duen, ezta horretarako zer pauso emango dituen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.