Errusiak misil hipersonikoekin eraso dio Kievi

Pertsona bat hil dute hiriburuan, eta Moskuk argudiatu du Mendebaldearen mugimenduei emandako «erantzuna» izan dela erasoa.

Kiev hiriburua Errusiak egindako erasoaren ondoren. MAXYM MARUSENKO / EFE
Kiev hiriburua Errusiak egindako erasoaren ondoren. MAXYM MARUSENKO / EFE
Iratxe Muxika
2024ko abenduaren 20a
14:40
Entzun

Errusiak Ukrainako hiriburura misil hipersonikoak jaurti ditu goizean —Iskander eta Kinzhal misilak—, eta pertsona bat hil du. Ukrainako armadak jakinarazi duenez, gutxienez bost jaurtigai antzeman dituzte Kievera bidean, eta, azpiegitura, eraikin eta ibilgailu kaltetuen artean, hiru zauritu aurkitu dituzte. Errusiako Defentsa ministro Andrei Belusovek adierazi du «helburu militarrei soilik» eraso dietela. 

Azaroaren 21ean ere erabili zuen Errusiak misil hipersoniko bat —lehen aldia zen Orexnik misila erabiltzen zutena— Ukrainako Dnipro hiriari egindako erasoan. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak orduan argudiatu zuen Mendebaldeak Ukrainako gerran egiten dituen mugimenduei emandako «erantzuna» zela, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi zuen bazutela «eskubidea» Ukrainak egindako erasoei erantzuteko. Misil hipersonikoek karga nuklearra garraiatzeko ahalmena dute, eta, Putinek Dniproko erasoaren ondotik esan zuenez, «egun ez dago misil horri aurre egiteko baliabiderik». 

Gaur goizaldeko erasoaren ondotik ere argudio berari eutsi diote Errusiako agintariek: «Ukrainak eta Mendebaldeak berak egiten dituzten ekintzei erantzuteko jaurti ditugu misilak», adierazi du Defentsa Ministerioak Telegram bidez. Mendebaldeak egindako «ekintza» horien artean aipatu dute aste honetan Ukrainak Errusian egindako erasoa: Rostov eskualdeko lantegi kimiko baten kontra egin zuen. 

Kievetik harago

Kiev ez da, ordea, Errusiaren erasoen ondorioz kaltetutako hiri bakarra izan; Kryvyi Rih hirian ere eraikin bati eraso diote, eta sei pertsona zauritu dituzte. Gainera, aire erasoak gertatu aitzinetik, atzo iluntzean,  Olha Stefanixina Ukrainako lehen ministrordeak Errusiari leporatu zion «zibereraso masibo bat» egitea. 

Hala jakinarazi zuen Facebook sare sozialeko bere kontuan idatzitako mezu baten bidez: «Erasoek eten egin dituzte Ukrainako Justizia Ministerioaren jurisdikziopean dauden lanak, eta herrialdearen azpiegituran larriki eragiten du horrek». 

Putinek telebistan lau ordutik goitiko agerraldia egin eta biharamunean eraso dio Errusiak Kievi misilekin. Bertzeak bertze, Putinek «duelu bat» proposatu zien AEBei: Kieven gainean Errusiaren misil hipersonikoen eta Washingtonen aireko defentsa sistemen artekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.