Ukrainak esan du Errusiak kontinente arteko misil balistiko bat jaurti duela

Baieztatuz gero, lehen aldia litzateke Moskuk halako arma bat erabiltzen duena Ukrainako gerran. Kieven arabera, misilak ez du kalte nabarmenik eragin. AEBetako iturri ofizialek esan dute erabilitako misila ez zela kontinente artekoa.

Errusiako armadak kontinente arteko misilekin egindako proba bat, urri amaieran. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
Errusiako armadak kontinente arteko misilekin egindako proba bat, urri amaieran. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 21a
17:00
Entzun

Ukrainako armadak jakinarazi du Errusiak kontinente arteko misil bat jaurti duela lehen aldiz Ukrainara. Kontinente artekoaz gainera, Kinzhal misil hipersonikoa, eta zazpi gurutzaldi misil ere erabili ditu bart Moskuk Dnipro hiriaren inguruko enpresa eta azpiegitura «ezinbestekoei» eraso egiteko. Armadak azaldu du sei gurutzaldi misil eraitsi ahal izan dituztela; ez, ordea, kontinente arteko misil balistikoa, ezta Kinzhal misila ere. Halere, Kievek ziurtatu du horiek ez dutela kalte «nabarmenik» eragin. Kremlinek ez du erasoaren inguruko adierazpenik egin, eta erabilitako misila ez zela kontinente artekoa adierazi dio AEB Ameriketako Estatu Batuetako iturri ofizial batek Reuters berri agentziari.

Ukrainaren esanetan, Errusiako Astrakhan eskualdetik jaurti dute kontinente arteko misila, Kaspiar itsasoaren iparraldetik. Astrakhan hiritik mila kilometro inguru daude, lerro zuzenean, Ukraina erdialdeko Dnipro hirira. Kontinente arteko misil balistikoek 6.000 kilometrotik gorako irismena izan dezakete gutxienez, eta badaude 16.000 kilometrorainoko irismena dutenak ere; gainera, karga konbentzionala zein nuklearra garraiatu dezakete. Volodimir Zelenskik sare sozialetan salatu duenez, Errusia ari da Ukraina «probaleku» gisa erabiltzen.

Azken egunetan, Ukrainako gatazka koska bat gogortu da. Igandean, AEBetako zenbait hedabidek jakinarazi zuten Joe Biden AEBetako presidenteak baimena eman ziola Kievi AEBen irismen luzeko ATACMS misilak Errusian erabiltzeko. Herenegun, Vladimir Putin Errusiako presidenteak dekretu bat sinatu zuen herrialde horren aurkako eraso konbentzionalei arma nuklearrekin erantzun ahal izateko. Eta, atzo, AEBetako hedabidek zabaldu zuten Bidenek pertsonen aurkako minak emango dizkiola Ukrainari. Atzo bertan, AEBen Kieveko enbaxada itxi zuten, espero baitzuten Errusiak Ukrainako hiriburuari erasoko ziola, airez. Eta erabaki bera hartu zuten Italiaren, Greziaren eta Espainiaren enbaxadek. Gaur berriz ireki dituzte.

Azken bi egunetan, Mendebaldeak emandako irismen luzeko misilak erabili ditu Ukrainak Errusiaren aurka, lehenengoz: AEBen ATACMSak, eta Erresuma Batuak emandako Storm Shadowak. Gaur bertan, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du bi Storm Shadow misil eraitsi dituela. Moskuk ohartarazi du Mendebaldeak albo batera utzi behar dituela «probokazioak». Egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du Errusiak ez duela nahi gerra nuklearrik izatea. Gehitu du beste herrialdeek bide berari jarraitu beharko lioketela, eta «probokazio ekintzak» alboratu.

«Bake ekinaldi errealistak»

Kremlin Ukrainarekin negoziatzeko prest dagoela jakinarazi du gaur Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Hori bai, nabarmendu du «bake ekinaldi errealistak» baino ez dituztela aintzat hartuko, eta gehitu negoziazioei ekitekotan kontuan izan beharko dituztela bai Errusiaren interesak bai gerrako fronteen egungo egoera. Atzo, Moskuren interesak zein diren azaldu zuen Reuters berri agentziak, Kremlinekin lotura duten bost iturri aipatuz: horien arabera, Errusiako presidentea ez dago prest tropek Ukrainan hartu dituzten lur zati guztiak itzultzeko; eta, bestetik, negoziazioei ekitekotan, Kievek uko egin beharko lioke NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeari.

Herenegun, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «erresilientzia plan bat» aurkeztu zuen. Planaren lehen puntuak Batasuna du izena, eta Ukraina NATOn eta EB Europako Batasunean sartzeko beharra nabarmentzen da hartan. Horrez gainera, gerra fronteak egonkortzeko beharra aipatzen da, armamentua eta energia Ukrainan bertan ekoiztearen garrantzia, eta kultura errusiarra ukrainarrarekin ordezkatzeko asmoa. Horiek guztiak Zelenskiren «ameskeriatzat» jo ditu Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eta gaineratu du plan horren helburu bakarra Ukrainako presidenteak bere karguan irautea dela, iruditzen baitzaio Zeleskik «zilegitasuna galdu» duela.

hungariak aireko defentsa sistema bat ezarriko du

Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra areagotu dela eta, Hungariak aireko defentsa sistema bat ezarriko du Ukrainako mugan. Hungariako Defentsa ministroak iragarri du neurria, eta argudiatu Kieven eta Moskuren arteko gatazka «inoiz baino biziago» dagoela. Hungariak ipar-ekialdean egiten du muga Ukrainarekin; zehazki, 135 kilometro luze da bien arteko muga.
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.