Errusiako armadak droneekin eta misilekin bonbardatu du Kiev gaur goizaldean. Eraso horietan gutxienez hamabi pertsona hil ditu, eta 90 baino gehiago zauritu, Ukrainako Prokuradore Nagusiaren bulegoak zabaldutako ohar baten arabera. The Kyiv Independent egunkariko kazetarien arabera, gaueko ordu batean leherketa sorta bat izan da Ukrainako hiriburuan, eta beste hainbat eztanda enztun dituzte gaueko laurak inguruan. Eraso horien ondorioz, zenbait bizitoki eremu suntsitu dituzte, eta suteak ere piztu dira; Ukrainako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute erreskate lanetan ari direla oraindik. Kremlinek ukatu egin du «helburu zibilei» eraso egin izana.
Kievetik harago ere egin ditu erasoak Errusiako armadak bart; besteak beste, Dnipropetrovsk, Kharkiv, Zaporizhia eta Sumi eskualdetan egin ditu bonbardaketak, Igor Klimenko Ukrainako Barne ministroak bere Telegram kanalean jakinarazi duenez. Ukrainako aireko armadak Telegramen zabaldu duenez, Moskuk 215 eraso egin ditu bart Ukrainan, eta 70 misil eta 145 drone jaurti. Ukrainako armadak jakinarazi du horien ia erdiak eraitsi dituela. Gaurko erasoen artean, hiriburukoa izan da hildako eta zauritu gehien eragin dituena. Hain zuzen, eraso hori da 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik Kieven hildako gehien eragin dutenetako bat.
Kremlinen arabera, gaurko erasoek Ukrainako defentsa industria izan dute jomugan, «helburu militarrak». Hala jakinarazi du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Eta gehitu du Ukrainak «propaganda» zabaltzen jarraitzen duela. AFP berri agentziak kaleratu duenez, Errusiako Atzerri Ministerioak esan du gaurko erasoetan armadak irismen luzeko armekin egin diela eraso Ukrainako abiazioari, industria aeroespazialari, eta ibilgailu blindatuak eraikitzen dituzten enpresei.
Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibihek Telegramen salatu duenez, gaurko erasoek erakusten dute Errusia dela «bakerako oztopoa», eta ez Ukraina, eta gehitu du Moskuri egin behar zaiola presio, ez Kievi. Izan ere, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen artean ika-mika piztu da azken orduetan. Etxe Zuriko maizterra Ukrainarako ontzen ari den menia proposamenaren inguruko xehetasunak zabaltzen ari dira nazioarteko zenbait hedabide. Atzo AEBetako Axios hedabideak kaleratu zuenez, Trumpen planak barne hartzen du Washingtonek Krimea Errusiaren kontrolpeko lurralde gisa aitortzea ofizialki, baita Moskuk 2022ko otsailetik hona hartutako eskualdeak —Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Kherson— de facto Errusiaren kontrolpekotzat aitortzea ere.
Horren harira, Ukrainako presidenteak ziurtatu zuen bere herrialdeak ez duela Krimeako «okupazioa» errekonozituko. Eta Trumpek, Truth bere sare sozialean, leporatu zion adierazpen «supiztaile» horiekin Ukrainarako gerrarako «konponbidea zailtzea». Gehitu zuenez, akordio bat «lortzear» daude, eta Ukrainako presidenteak, «kartarik ez duen gizonak», akordioa egin behar duela, «orain». AEBetako presidenteari erantzunez, eta haren aurreko agintaldiko jarrera gogora ekarriz, Zelenskik irudi bat zabaldu zuen bere sare sozialetan: Trumpen aurreko agintaldian (2017-2021) Estatu idazkari zenak, hau da, Mike Pompeok sinatutako ohar bat da, 2018koa; Krimearen inguruan mintzo da, eta, Pompeoren arabera, «inork ezin ditu herrialde baten mugak aldatu indarra erabiliz».
Iritzi kontrajarriak
Gaurko erasoaren ostean, Zelenskik sare sozialetan gogorarazi du Ukrainak «duela 44 egun» onartu zuela erabateko menia proposamena, AEBek egindakoa, eta egun horietan guztietan Errusiak ukrainarrak hiltzen jarraitu duela. Ukrainako presidentea Hegoafrikan dago, bisita ofizial batean. Gaur, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentearekin batzartu da, baina jakinarazi du bertan behera utziko duela bidaiaren parte bat, Ukrainara lehenago itzultzeko.
Kremlinek, bestalde, berretsi du gatazka amaitu nahi duela. Peskovek gaur ziurtatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak «bakea» lortu nahi duela, baina, hori bai, zehaztu du gerra amaitzeko «ezinbestekoa» izango dela Errusiaren interesak kontuan hartzea.
Trumpek, ordea, ez du Errusiaren erasoa begi onez ikusi, belarritik tira egin dio Putini, sare sozialen bidez: «Ez nau poztu Errusiak Kieven aurka egin duen erasoak». Haren arabera, Moskuren erasoa ez zen «beharrezkoa», eta Putini esan dio ez zela horrelakorik egiteko «momenturik aproposena». Errusiari kargu hartu ondoren, gogorarazi du astean «5.000 soldadu» hiltzen ari direla Ukrainako gerran, eta Putini eskatu dio «gelditzeko», eta «bake akordio bat» erdiesteko.
Errusiaren erasoa gaitzetsi dute nazioarteko beste agintari batzuek ere, hala nola Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Trumpen antzera, hark ere nabarmendu du Putinek «gelditu» beharra duela, eta adierazi du AEBak harekin egon behar liratekeela haserre, ez Ukrainarekin. «Putin presidenteak hala erabakitzen badu, bihar ez da arma hotsik entzungo, eta milaka bizitza egongo dira salbu», gaineratu du Frantziako presidenteak.
%80Ukrainako desplazatuetako zenbat bizi diren laguntza humanitarioaren menpe, ehunekotan. Errusiak 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, 6,8 milioi biztanlek utzi dute herrialdea, eta beste 3,6 milioi desplazatu daude Ukrainan bertan. Horien %80 baino gehiago laguntza humanitarioaren menpe bizi dira, Gosearen Kontrako Ekintza GKEak kaleratutako datuen arabera. Eta Ukrainako biztanle guztien artean —37,7 milioi 2023an—, %40k dute laguntza humanitarioaren beharra.