Sute bat gertatu zen atzo Errusiako armadak Itsaso Beltzean duen gerraontzi nagusian, Moskva-n, eta Moskuko iturri ofizialek jakinarazi zuten «kalte larriak» eragin dituela. Ukrainako Gobernuaren arabera, beren armadak jaurtitako bi misilek jo zutelako piztu zen sutea; horrek barruan zeramatzan misilak suntsitu ditu, eta itsasontzia hondoratzen ari zen. Kremlinek adierazi zuen, ordea, sutea «kontrolpean» zutela, eta neurriak hartzen ari zirela ontzia atoian eraman eta porturatzeko. Nolanahi ere, gertatutakoak eragina izango du Errusiak Ukraina hegoaldean duen gaitasun militarrean.
Goizaldean hasi zen sutea. Hasieran, Errusiako berri agentziek iturri ofizialak aipatuz kaleratutako informazioek jaso zuten gerraontziko munizioek eztanda egin zutela sute baten ondorioz. Ordu batzuk geroago argitaratutako berrietan zehaztu zuten eztandak eten zirela, eta sutea zerk eragin zuen aztertzen ari zirela. Gaineratu zuten, Kieven informazioa gezurtatuz, gertatutakoak ez zuela hondatu «misil armategi nagusia».
Ukrainaren arabera, erasoa gertatu zenean eskifaiako 510 kide zeuden gerraontzi barruan. «Itsaso nahasi honekin, ez dago garbi noiz erreskatatu ahal izango dituzten», azaldu zuten Kieveko iturri ofizialek. Moskuren esanetan, baina, armadak Itsaso Beltzean duen ontzidiaren beste ontzi batzuetara eraman zituzten eskifaiako kideak. Arvydas Anusauskas Lituaniako Defentsa ministroak nabarmendu zuen Turkiak Errusiari lagundu ziola eskifaiako kideak ebakuatzen. BBC hedabideak horri buruz galdetu zion Ankarako funtzionario bati, eta ukatu egin zuen. Anusauskasek esan zuen, gainera, Turkiak eta Errumaniak ere baieztatu zutela ontzia hondoratu egin zela. Funtzionarioak ez du informazio hori ez baieztatu, ezta gezurtatu ere. Pentagonoko iturri batek Reuters berri agentziari adierazi zionez, uste zuten ez zegoela itzalita gerraontziko sutea.
Sobietar Batasunaren garaikoa da Moskva ontzia, 1983koa. Gloria izena jarri zioten hasieran, eta 1996tik du oraingoa. Hamasei misil jaurtigailu dauzka, eta Errusiak Sirian egindako esku hartzean parte hartu zuen, 2015etik aurrera.
Errusiaren ohartarazpena
Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuen egunetik bertatik ia-ia, Finlandian eta Suedian eztabaidatzen ari dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtu ala ez. Mendebaldeko aliantza militarrak esana du «erraz» sartuko liratekeela, eta, horren guztiaren ondorioz, Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak ohartarazi du Baltikoko herrialdeen inguruan arma nuklearrak hedatuko dituztela bi herrialde horiek aliantzako kide bihurtuz gero. «Orduan ezingo litzateke hitz egin arma nuklearrik gabeko Baltikoaz. Oreka berrezarri beharko litzateke», azpimarratu zuen atzo, Telegrameko bere kontuan. Bestalde, uste du ezin dela esan Errusia Ukrainan egiten ari den «operazio bereziak» bultzatu dituenik Finlandia eta Suedia aliantza militarrera gerturatzera. «Batetik, egon izan dira haiek NATOrantz bultzatzeko saiakerak; eta, bestetik, inportanteena dena, herrialde horiekin ez dugu, Ukrainarekin bezala, lurralde gatazkarik».
Finlandia eta Errusia mugakideak dira: bien arteko lurreko mugak 1.300 kilometro ditu. Horri erreparatu dio Medvedevek: «Suedia eta Finlandia NATOn sartuz gero, lurreko muga bikoiztuko litzateke, eta, noski, indartu egin beharko litzateke». Horiek horrela, Lituaniako Defentsa ministro Arvydas Anusauskasi «arraroak» egin zaizkio Errusiaren «mehatxuak», eta gogoratu zuen, atzo, Kremlinek «beti» pilatu izan dituela armak Kaliningraden, eta hala inguruko herrialdeek nola nazioarteak badakitela hori. Polonia eta Lituania artean Errusiak duen lurraldea da Kaliningrad.
Herenegun ez bezala, atzo zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioak zabaldu ahal izan zituen Ukrainako Gobernuak. Irina Verextxuk lehen presidenteordeak Telegrameko bere kontuan zehaztu zuenez, bederatzi ireki zituzten; gehienak, herrialdearen hegoaldean eta ekialdean. Verextxukek berak jakinarazi zuen Ukrainak presoak trukatu zituela atzo Errusiarekin, joan den otsailaren 24tik —gerra hasi zenetik— laugarren aldiz. 30 pertsona dira; horietatik 22, militarrak.
Eta bi aldeen arteko harremanekin jarraituz, Kremlinek azpimarratu zuen, atzo, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez diola uko egiten Volodimir Zelenski Ukrainakoarekin batzartzeari, baina horretarako baldintza dela bi agintariek dokumentu bat sinatzea.
Gerra Ukrainan
Errusiak Itsaso Beltzean duen gerraontzi nagusiak «kalte larriak» jasan ditu
Ukrainaren arabera, bere armadak eraso egin dio ontziari, eta zeramatzan misilak suntsitu ditu. Mosku ikertzen ari da sutea zerk eragin duen, eta esan du ez duela hondatu «misil armategi nagusia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu