Arma nuklear taktikoak Bielorrusian kokatu ahal izateko akordioa lortu du Errusiak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak herrialdeko estatu telebistari adierazi dionez, hala adostu dute berak eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak. «Ez da ezohiko ezer. AEBek gauza bera egin dute azken hamarkadetan. Arma nuklear taktikoak hedatu dituzte aliatu dituzten herrialdeetan». Europan sei estatutan kokatu dituztela adierazi du. «Memoriak huts egiten ez badit, Alemanian, Turkian, Herbehereetan, Belgikan, Italian eta Grezian».
Putinek nabarmendu du pareko neurri bat adostu dutela Moskuk eta Minskek, «arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko betebeharrak urratu gabe», errepikatu du behin baino gehiagotan. Lehen aldia litzateke Errusiak mota horietako armak Bielorrusiara bidaltzen dituena, 1990. urtetik. Arma nuklear taktiko deitzen zaie gudu zelaian kalte mugatuak lortzeko erabiltzen direnei, hiriak osorik suntsitzeko ahalmena duten arma nuklearretatik bereizteko.
Akordioa zuzenean lotu du Erresuma Batuak uranio pobretuko armak Ukrainara bidaltzeko iragarri duen erabakiarekin. «Era batera edo bestera, teknologia nuklearrarekin du zerikusia». Putinek aitortu du uranio pobretuko jaurtigaiak ez direla suntsipen masiboko armen artean sailkatzen, baina esan du «arma arriskutsuenetakoa» dela, gisa horretako armek «hauts erradioaktiboa» sortzen dutelako. Ziurtatu du Jugoslavian eta Iraken minbizi kasuak ugaritu egin zirela arma mota hori erabili izanaren ondorioz. «Errusiak mota horretako milaka, ehunka mila jaurtigai ditu. Ez ditugu sekula ere erabili orain arte».
Kremlineko buruaren esanetan, Errusiak arma nuklear taktikoak biltegiratzeko azpiegitura bat izango du eraikia Bielorrusian uztailaren 1erako. Zehaztu du Moskuk ez duela arma horien gaineko kontrola Minsken esku utziko. Putinek gaineratu du Lukaxenkok lehenagotik ere proposatu ziola arma nuklear taktikoak Bielorrusiara bidaltzeko aukera.
Errusiako armadak nuklearrak garraiatzeko gaitasuna duten hamar hegazkin ditu jada Bielorrusian, eta Bielorrusiari emanak dizkio Iskander misil taktiko sistema batzuk, arma nuklearrak jaurtitzeko erabil daitezkeenak.
Aldaketa esanguratsua
Bielorrusiak muga egiten du Ukrainarekin, eta Errusiako armadak haren lurraldea erabili zuen Ukrainako inbasioaren lehen asteetan, Kiev hartzen ahalegintzeko. Mugakide ditu Polonia, Lituania eta Letonia ere, hirurak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak.
Errusiak orain arte mantendu duen irizpidea aldatu duela nabarmendu du Nikolai Sokol Desarmatzerako eta Ez Ugaritzeko Vienako Zentroko ikertzaileak. «Errusia beti agertu da harro ez dituelako arma nuklearrak hedatu bere mugetatik kanpo. Hori aldatu du, eta aldaketa handi bat da».
Moskuren eta Minsken arteko akordioa kritikatu du Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak. Haren iritziz, «gatazkaren areagotzea» hauspotzen du erabakiak.
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, 1991. urtean, Moskuk arma nuklearrak zituen independentzia lortu berri zuten Ukraina, Bielorrusia eta Kazakhstan estatuetan. 1992an, hiru herrialdeek eta Errusiak adostu zuten armak azken horretara bidaltzea, eta lekualdatze prozesua 1996. urtean amaitu zuten.
Errusiak iragarri du Bielorrusiara hedatuko dituela arma nuklearrak
Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoak beteko dituela nabarmendu du Putinek. AEBek egiten dutenaren pareko neurria dela argudiatu du. Biltegi bat izango du prest uztailerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu