Errusiak Kieven aurkako oldarraldia areagotu duen honetan, gaur biltzekoak dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak eta Ukraina, telematikoki. Aurreko astean, esaterako, Moskuk lehen aldiz misil hipersoniko bat jaurti zuen Dnipro hiriaren aurka. Bilera horretan, NATOk Kievi laguntza ematen jarraituko duela baieztatu du, «Errusiaren intimidazioari» men egin gabe. Horren aurretik mintzatu da Mark Rutte, NATOko idazkari nagusia. Atenasen egindako prentsaurreko batean, Ruttek erakundeko kideei eskatu die Ukrainarako laguntza militarra handitzeko: «Gure laguntzak modua eman du ukrainarrek gerran eusteko, baina beste urrats bat egin behar dugu gatazkaren norabidea aldatzeko».
Ruttek azpimarratu duenez, Errusiak «Irango droneak eta Ipar Koreako soldaduak» erabiltzeak gatazka gogortzea eragin du, era «arriskutsuan» gogortzea ere: «Erronka bat dira bakearentzat eta munduko segurtasunarentzat». Idazkari nagusiak gogora ekarri du NATOko kideek aurten zer erabaki hartu duten horri aurre egiteko: 2025ean, NATOko kideek 40.000 milioi euroko laguntza militarra emango diote Kievi.
Mendebaldeko zenbait herrialdek azken asteetan laguntza handitu diote Kievi: baimena eman diote Ukrainari beren armak Errusiaren aurka erabiltzeko; besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuek. Eta Moskuk erasoak areagotzeko argudio gisa erabili du hori. Horiek horrela, Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteorde Dmitri Medvedevek gerra nuklearra pizteko arriskuaz ohartarazi du. Medvedevek bere Telegram kanalean esan duenez, Mendebaldeak Ukrainari arma nuklearrak emateak «erantzun nuklear bat» ekar dezake.
The New York Times AEBetako egunkariak iragan astean argitaratu zuenez, Joe Biden AEBetako presidentea prest dago Ukrainari arma nuklearrak emateko. Hori egitea «Errusiaren aurkako erasotzat» har daitekeela nabarmendu du Medvedevek.
Azken egunetan Ukrainak berriz erabili ditu AEBek emandako ATACMS misilak, Errusiaren arabera. Defentsa Ministerioak gaur kaleratutako ohar baten arabera, Ukrainako armadak bi aldiz eraso dio Errusiako Kursk eskualdeari Washingtonek emandako irismen luzeko misilekin azken hiru egunetan; larunbatean eta atzo, hain zuzen. Atzoko erasoan Errusiako bi militar zauritu zituztela jakinarazi du ministerio horrek. Eraso horiek direla eta, nabarmendu dute «mendekua» hartuko dutela: «Ministerioak kontrolpean du egoera, eta mendekuzko neurriak prestatzen ari da».
188 drone
Gaur goizaldean, Ukrainaren aurka inoiz egin duen drone bidezko erasorik handiena egin du Errusiak. Ukrainako armadak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Errusiak 188 drone jaurti ditu operazio bakarrean, eta Ukrainako hainbat gune izan ditu helburu. Kieven arabera, Ukrainako aire defentsek 76 drone eraitsi dituzte denera, hamazazpi eskualdetan. Eraitsitako horietaz gain, 96ri norabidea aldarazi zieten eta beste hiruk Bielorrusian egin zuten eztanda, Ukrainako armadak jakinarazi duenez.
Kievek adierazi du drone gehienek ez dutela helburua jo baina kalteak eragin dituztela, eta Moskuk lau misil balistiko jaurti zituela atzo gauean. Armadak kaleratutako oharrean dioenez, erasoek kalteak eragin dituzte «azpiegitura kritikoetan», eta zenbait etxebizitzaren aurka egin dute. Ez dute azaldu «kritiko» horrek zeri erreferentzia egiten dion zehazki. Nabarmendu dute, gainera, Errusiak erasoan ez duela inor hil, ezta zauritu ere.
Drone bidezko erasoak gero eta ohikoagoak dira Ukrainako gerran. Gerra hasi zenean, 2022an, Errusiak Irani erosten zizkion arma horiek; orain, berriz, Errusian egiten dituzte.