Errusiak igande gauerdira arteko su etena ezarri du

Trumpek bake negoziazioak uzteko mehatxua egin eta gero heldu da menia. Zelenskik su etena haustea egotzi dio Moskuri.

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur. VYACHESLAV PROKOFIEV / EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur. VYACHESLAV PROKOFIEV / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko apirilaren 19a
21:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pazko igandearen bezperan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainarako 30 orduko su etena iragarri du. Han 18:00ak zirenean hasi da, gaur, eta igande gauerdira arte iraungo du. Ekintza militar guztiak bertan behera uzteko agindu du Putinek, eta espero du Ukrainak tregoa errespetatzea: «Erabaki honek erakutsiko du zein zinezkoa den Kieveko erregimenaren borondatea, eta zer-nolako gaitasuna eta gogoa duen akordioak betetzeko eta Ukrainako krisiaren kausak ezabatzeko helburuz negoziatzeko». Dena den, tropa errusiarrei ohartarazi die prest egon daitezela «etsaiaren edozein urraketa, probokazio edo oldarraldi» eragozteko eta erantzuteko. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, menia errespetatuko dute baldin eta Kievek ere hala egiten badu.

Menia hasi ondoren, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak salatu du Errusiak Ukrainari eraso egiten jarraitu duela, eta «jendearen bizitzarekin jokatzea» egotzi dio Putini: «Badakigu ezin garela haren hitzez fio; ekintzei erreparatuko diegu, ez hitzei». Errusiaren erasoei «merezitako erantzuna» emango dietela erantsi du Ukrainako presidenteak.

Martxoaren 18an, Errusiak energia azpiegituretarako 30 eguneko su etena adostu zuen AEBekin, eta gaur bertan amaitu da. Horrekin kateatu du Putinek Pazko igandearen bueltakoa, bide batez Donald Trumpen ultimatumari erantzunez: Moskuk eta Kievek bakerako urratsik egin ezean, AEBek Ukrainarako bake negoziazioak uzteko mehatxua egin zuten atzo.

Zelenskik gogoratu du martxotik mahai gainean daramala 30 eguneko su-eten proposamenak. Orain arte, Errusiak uko egin dio guztizko meniari, Ukrainako tropak berrarmatzeko balioko lukeela argudiatuz. Kremlinek, gainera, adierazi du meniarako baldintzetako bat dela Ukrainak tropak erretiratzea Errusiak 2022an anexionatu zituen lau eskualdeetatik —Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson—.

Gaur, preso trukea egin dute Moskuk eta Kievek, Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzaren ondorioz: Errusiak 261 soldadu berreskuratu ditu, horietatik hamabost zaurituak; Ukrainak, berriz, 277 berreskuratu ditu, horietatik 31 zaurituak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.