Errusiaren eta AEB Ameriketako Estatu Batuen arteko harremana okertzen ari den honetan, bi herrialde horiek Ukrainako gerrari buruzko guda erretorika erabili dute, berriz ere. Oraingoan, gatazka horren bilakaeraz eta ondorioez aritzean. AEBek uste baitute, esaterako, Errusiako armadak ez duela aukerarik «militarki» irabazteko.«Errusiaren jatorrizko helburu estrategikoak ezin dira militarki lortu», esan zuen, atzo, Mark Milley jeneral eta AEBetako Estatu Nagusiko buruzagiak; besteak beste, Ukrainako Gobernua erorarazi xedeari erreferentzia eginez. Vladimir Putin Errusiako presidentearen aliatu eta Segurtasun Kontseiluko buruzagiorde Dmitri Medvedevek—estatuburu eta lehen ministro ohia da—, berriz, adierazi zuen gatazkak «ziurrenik hamarkadatan» iraungo duela, nahiz eta tartean su etenak negoziatu.«Egongo da, demagun, hiru urteko menia bat, bi urteko gatazka, eta dena berriz gertatuko da», azaldu zuen Medvedevek.
AEBetako jeneralak Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen ondoren egin zituen gerrari buruzko adierazpenok, eta Kievi ohartarazi zion «epe laburrean» ez dela gai izango galduriko eremuaren kontrola berreskuratzeko, oraindik ere Errusiako milaka soldadu daudelako herrialde horretan.
Horren ondorioz, Milleyk aurreikusten du Ukrainako gerra ez dela, oraingoz, geratuko: «Horrek esan nahi du borrokak segituko duela, odoltsua izango dela, gogorra izango dela. Eta, une batean, bi aldeak negoziatzen hasiko dira edo irtenbide militar bat egongo da».
Institute for the Study of War AEBetako think tank-aren arabera, Errusiaren helburua ez da Ukrainakoa «gerra luze bat» izatea, baina, aldi berean, hori gertatuko balitz, Moskuk aukera izango luke bere indar militarrak berriz eraikitzeko, horretarako denbora eta tokia izango lukeelakoan.
Eta, armei dagokionez, Bielorrusiak iazko otsailean erreferendum bidez onartu zuen arma nuklearrak gordetzea. Bada, Aleksandr Lukaxenko herrialde horretako presidenteak herenegun jakinarazi zuenez, Errusia hasi da jada arma nuklearrak bere herrialdera bidaltzen. Hori bai, Lukaxenkok ez zuen zehaztu zer armaz ari zen —hedabideetan karga nuklear taktikoak aipatu zituzten—, ezta Bielorrusian dauden ala oraindik ez diren iritsi ere.
Moskuk, gaur gai horretaz aritzean, ez du baieztatu ez ezeztatu arma horiek lekualdatzen ari denik. Aldiz, Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak herenegun ohartarazi zuen ez direla armak Bielorrusiari ematen ari: «Horien kontrola eta horien erabileraren inguruko erabakia Errusiaren esku dago».
Arma nuklearren aferaz, zera sinatu zuten Putinek eta Xi Jinping Txinako presidenteak, iragan martxo amaieran: gerra nuklearrak ezin direla «ez borrokatu ezta irabazi ere».
Gerra Ukrainan
Errusiak ez du Ukrainako gerra «militarki» irabaziko, AEBen ustez
Lukaxenkok esan du Mosku hasi dela jada arma nuklearrak Bielorrusiara bidaltzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu