Ukrainako zerealen esportazioa berriz abiatzeko modua egin zuen akordioa amaitzeko hiru aste falta diren honetan, Errusiak atzo jakinarazi zuen eten egin duela itun hori, aurrez Sebastopolen (Krimea) izandako erasoarengatik. Moskuk esan zuenez, bonbardaketak kalte egin dio, besteak beste, operazio horretan korridore seguru bat bermatzeko erabiltzen zuten ontzi bati, eta, horren ondorioz, erabaki dute ez dutela jarraituko hitzarmen horren «inplementazioan parte hartzen», behin-behinean.
Errusiako Defentsa Ministerioak «Ukrainako erregimenari» eta «Britainiako adituei» leporatu die drone eraso «masiboa» egin izana —biek ukatu dute akusazioa—, TASS eta Interfax albiste agentzien arabera. Moskuk azaldu zuen bonbardaketan kalteturiko Ivan Golubets gerraontzia minak detektatzeko erabiltzen zutela, eta, erasoa «terroristatzat» jo ondoren, adierazi zuen «zibilen ontziak» ere arriskuan egon direla. «Errusiako aldeak ezin du [akordioan parte hartzen duten] merkataritza itsasontzien segurtasuna bermatu», gehitu zuen Defentsa Ministerioak.
Ukrainako Gobernuak berehala erreakzionatu zuen, eta Dmitro Kuleba Atzerri ministroak, Twitter sare sozialaren bidez, erantzun zuen Mosku «aitzakia faltsuak» erabiltzen ari dela zerealen esportazioen hitzarmena bertan behera uzteko. Horregatik, «estatu guztiei» dei egin zien Errusiari «gose jokoak gelditu» ditzala eskatzera.
Moskuren jakinarazpenaren aurretik, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak «alde guztiei» dei egin zien atzo akordio hori luzatzera, argudiatuta hitzarmenak janarien prezioak txikitu dituela eta 100 milioi lagun pobreziatik «salbatu» dituela.
Turkiaren eta NBEren bitartekaritzari esker, Kiev eta Mosku ados jarri ziren afera horren inguruan, iragan uztailean, eta harrez geroztik bederatzi milioi tona labore atera dira Ukrainatik mundu osora.
Akordioa azaroaren 19an amaituko da, eta, berez, aldeetako inork kontrako argudiorik ez badu, espero da arazorik gabe luzatuko dutela; horrek zirudien, behintzat, orain arteko testuingurua, baina Errusiako Gobernuaren atzoko jakinarazpenak zalantzan jarri du asmo hori.
Azken egunotan, gainera, Mosku kexak helarazten aritu da, uda hasieran adosturikoa bete ez delakoan. Zehazki, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak herenegun adierazi zuen ituna «modu desorekatuan» sartu dela indarrean, soilik Ukrainako zerealei egiten dielako mesede, eta «ez Errusiako esportazioei».
NBEren idazkari nagusiak atzo ez zion erreferentzia zuzenik egin kritika horri, baina zera adierazi zuen negoziazioez: «Alde guztiei eskatzen diegu ahalegin guztiak egin ditzatela ituna bere osotasunean betetzeko, eta, besteak beste, ahalik eta azkarren gainditzeko Errusiako zerealen eta ongarrien esportazioen inguruko oztopoak».
Gerra Ukrainan
Errusiak eten egin du Ukrainako zerealen esportaziorako akordioa
Moskuk esan du Sebastopolen izandako drone eraso «masiboak» kalte egin diola, besteak beste, korridore seguru bat bermatzeko erabiltzen zuten gerraontzi bati
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu