Ukrainako zerealen esportazioa berriz abiatzeko modua egin zuen akordioa amaitzeko hiru aste falta diren honetan, Errusiak jakinarazi du eten egin duela itun hori, aurrez Sebastopolen (Krimea) izandako erasoarengatik. Moskuk esan duenez, bonbardaketak kalte egin dio, besteak beste, operazio horretan korridore seguru bat bermatzeko erabiltzen zuten ontzi bati, eta, horren ondorioz, erabaki dute ez dutela jarraituko hitzarmen horren «inplementazioan parte hartzen», behin-behinean.
Errusiako Defentsa Ministerioak «Ukrainako erregimenari» eta «Britainiako adituei» leporatu die drone eraso «masiboa» egin izana —biek ukatu dute akusazioa—, TASS eta Interfax albiste agentzien arabera. Moskuk azaldu du bonbardaketan kalteturiko Ivan Golubets ontzia minak detektatzeko erabiltzen zutela, eta, erasoa «terroristatzat» jo ondoren, adierazi du «zibilen ontziak» ere arriskuan egon direla. «Errusiako aldeak ezin du [akordioan parte hartzen duten] merkataritza itsasontzien segurtasuna bermatu», gehitu du Defentsa Ministerioak.
Ukrainako Gobernuak berehala erreakzionatu du, eta Dmitro Kuleba Atzerri ministroak, Twitter sare sozialaren bidez, erantzun du Mosku «aitzakia faltsuak» erabiltzen ari dela zerealen esportazioen ituna bertan behera uzteko. Horregatik, «estatu guztiei» dei egin die Errusiari «gose jokoak gelditu» ditzala eskatzera.
We have warned of Russia’s plans to ruin the Black Sea Grain Initiative. Now Moscow uses a false pretext to block the grain corridor which ensures food security for millions of people. I call on all states to demand Russia to stop its hunger games and recommit to its obligations.
— Dmytro Kuleba (@DmytroKuleba) October 29, 2022
Moskuren jakinarazpenaren aurretik, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak «alde guztiei» dei egin die akordio hori luzatzera, argudiatuta hitzarmenak janarien prezioak txikitu dituela eta 100 milioi lagun pobreziatik «salbatu» dituela.
Turkiaren eta NBEren bitartekaritzari esker, Kiev eta Mosku ados jarri ziren afera horren inguruan, iragan uztailean, eta harrez geroztik bederatzi milioi tona labore atera dira Ukrainatik mundu osora. Akordioa azaroaren 19an amaituko da, eta, berez, aldeetako inork kontrako argudiorik ez badu, espero da arazorik gabe luzatuko dutela; horrek zirudien, behintzat, orain arteko testuingurua, baina Errusiako Gobernuaren gaurko jakinarazpenak zalantzan jarri du asmo hori.
Azken egunotan, gainera, Mosku kexak helarazten aritu da, uda hasieran adosturikoa bete ez delakoan. Zehazki, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak atzo adierazi zuen ituna «modu desorekatuan» sartu dela indarrean, soilik Ukrainako zerealei egiten dielako mesede, eta «ez Errusiako esportazioei».
Guterresek gaur ez dio erreferentzia zuzenik egin kritika horri, baina zera adierazi du negoziazioez: «Alde guztiei eskatzen diegu ahalegin guztiak egin ditzatela ituna bere osotasunean betetzeko, eta, besteak beste, ahalik eta azkarren gainditzeko Errusiako zerealen eta ongarrien esportazioen inguruko oztopoak».