Luzapenik gabe, gaur goizeko ordu txikietan bukatu da Errusiak herenegun iragarritako 30 orduko su etena. Euskal Herrian 05:00ak zirela —06:00ak Moskun—, Errusiako armadak ohar bidez jakinarazi du berriz ekin diela Ukrainaren aurkako erasoei. Nolanahi ere, Pazko igandearen bezperan abiatutako tregoa laburra bezain ezegonkorra izan da: Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, Moskuk 3.000 aldiz hautsi du menia; Errusiako Defentsa Ministerioak, berriz, esan du «guztiz bete» dutela su etena, eta Kievi egotzi dio 4.900 aldiz urratzea.
Halere, Ukrainako presidentea tregoa luzatzen ahalegindu zen atzo iluntzean. Sare sozialetan idatzitako ohar baten bidez, Zelenskik aitortu zuen meniak iraun zuen 30 orduetan Errusiak ez zuela erasorik egin irismen luzeko misilekin eta droneekin, eta proposamen bat egin zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari: 30 egunez irismen luzeko misilen edo droneen bidezko eta energia azpiegituren aurkako erasoak etetea. «Errusiak ez badu menia luzatzea onartzen, beste behin erakutsiko du bere helburua gerra luzatzea dela», gaineratu zuen. Hain justu, Zelenskiren su-eten eskaintza bertan behera utzi du Moskuk. Hala jakinarazi du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.
Agerraldi horretan bertan, Ameriketako Estatu Batuen jarrera goraipatu du Peskovek, Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkari Keith Kelloggek atzo egindako adierazpenen inguruan galdetuta. Kelloggen arabera, «bake akordio baterako» negoziazioetatik kanpo geratuko litzateke Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko aukera. Horixe bera esan izan du hainbatetan Donald Trump AEBetako presidenteak, argudiatuta Kieven asmo hori dela Ukrainako gerraren «eragileetako bat». Antzera iritzi dio Peskovek: «[Ukrainak NATOn sartu nahi izatea] Da gatazkaren eragile handienetako bat; hortaz, guretzat pozgarriak dira AEBen adierazpenak, eta bat datoz gure ikuspuntuarekin».
Beste galdera batzuekin, ordea, zalantzati agertu da Kremlineko bozeramailea. Atzo, Etxe Zuriko maizterrak adierazi zuen, bere sare sozial Truth Social-en bidez, espero duela Ukrainak eta Errusiak aste honen amaierarako «akordio bat» erdiestea. «Ondoren, bi herrialdeek AEBekin negozio handiak egiteko aukerak izango dituzte, eta aberastu egingo dira», gaineratu zuen. Edonola ere, Peskovek ez du epemugarik zehaztu: «Putin presidenteak eta Errusiak negoziatzen jarraitu nahi dute, akordio baketsu bat erdietsi ahal izateko, eta horretarako lanean jarraituko dugu AEBekin. Baina ez nuke horretarako epemugarik jarri nahi».