Errusiak eta Ukrainak elkarri egotzi diote azpiegitura energetikoetarako su etena urratzea

Kieven arabera, Moskuk Ukrainako azpiegitura energetikoei eraso egin die bart. Kremlinek, berriz, petrolio biltegi bat bonbardatu izana leporatu dio Ukrainari.

 Errusiak eraso batean txikitutako petrolio findegi bat, atzo, Kharkiven (Ukraina). SERGEY KOZLOV / EFE
Errusiak eraso batean txikitutako petrolio findegi bat, atzo, Kharkiven (Ukraina). SERGEY KOZLOV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Mikel Garcia Martikorena
2025eko martxoaren 19a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Emandako hitza ez betetzea leporatu dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiako presidente Vladimir Putini, eta jakinarazi du Moskuk Ukrainako azpiegitura energetikoei egin diela eraso bart. Helsinkin egin ditu adierazpen horiek Zelenskik, Finlandiako presidentearekin batzartu ostean emandako prentsaurrekoan. Era berean, Kremlinek Kievi egotzi dio azpiegitura energetikoentzako su etena urratzea, Krasnodar eskualdean (Errusia) petrolio biltegi bati eraso eginda. Moskuk 30 egunez Ukrainako azpiegitura energetikoei eraso ez egitea hitzartu zuen atzo. Eta Zelenskik oniritzia eman zion su eten partzial horri.

Akordio hori onartu zuten atzo Putinek eta Donald Trump AEBetako presidenteak, telefonoz hitz egin ostean. Zelenskiren ustez, baina, Putinen hitzek eta errealitateak «ez dute zerikusirik». «Putinek eman zuen azpiegitura energetikoei eraso ez egiteko agindua, eta berak hautsi du», salatu du Ukrainako presidenteak. Bart Moskuk 150 drone jaurti dituela esan du Zelenskik, eta horiekin eraso egin diela azpiegitura energetikoei, garraio azpiegiturei eta bi ospitaleri. Ukrainako hedabideek zabaldu dutenez, Errusiak Dnipropetrovsk eta Donetsk eskualdeetan egin ditu energia instalazioen aurkako erasoak. Horregatik, Ukrainako presidenteak uste du «kontrolerako mekanismoren bat» eratu behar dela adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko. Eta gehitu du: «Errusiak ez badie eraso egiten gure azpiegiturei, guk eurenei ere ez diegu eraso egingo».

Kievek atzoko elkarrizketan parte hartu ez bazuen ere, Zelenskik kazetariei esan zien «begi onez» ikusten zuela energia azpiegiturentzako su etena. Gaur, akordioa urratzea egotzi dio Zelenskiri Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Aurrez, Errusiako Defentsa Ministerioak Telegram bidez jakinarazi du Krasnodar eskualdeko petrolio biltegi bati eraso egin diola goizaldean Ukrainako armadak, hiru dronerekin. Itsaso Beltzaren ertzean dago Krasnodar, Errusiako hegoaldean.

Peskovek berretsi du atzo adostutakoa betetzeko asmoa duela Errusiak. Horren erakusle, Kremlineko bozeramaileak jakinarazi du Errusiako armadak suntsitu egin dituela bere zazpi drone. Drone horiek Ukrainako azpiegitura militarrei eraso egiteko prest zeudela azaldu du Peskovek, eta suntsitu egin dituztela atzo Trumpekin hitzartutako su etena medio.

Arantzurde estrategia

Atzo Kremlinek argitaratutako oharrean azpimarratu zuenez, Moskuk «nahitaezkotzat» jo zuen Ukrainarako nazioarteko laguntza militarra etetea, 30 eguneko akordioaren ostean tentsioa berriz areagotu ez dadin. Bada, Trumpek atzoko bilkuraren ostean Fox AEBetako telebista katean ziurtatu zuen Putinek ez ziola halako eskaririk egin. Gaur, Peskovek berretsi egin du Kremlinek atzo esandakoa: Putinek eta Trumpek hitz egin zutela Ukrainarako laguntza militarra eteteaz, eta gaineratu du baldintza hori «oso garrantzitsua» dela Moskurentzat.

Alabaina, ez dirudi Europa prest dagoenik Kievi laguntza eteteko. Are gehiago, Errusiako presidenteak bere eskaria jakinarazi eta biharamunean «Europa berrarmatzeko» urratsak kaleratu ditu Europako Batzordeak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen plana jada onartua zuten EB Europako Batasuneko 27 kideek, eta gaur hainbat xehetasunen berri eman dute. Bertan, Europa mailako industria militar bateratu bat sortzearen beharraz mintzatzeaz gain, Ukrainari laguntza militarra areagotzea aipatzen du Europako Batzordeak, Putinen nahien kontrara.

Arantzurde estrategia izendatu dute Ukrainari laguntza emateko era berria. Testuan azpimarratu dutenez, EBko kideek Ukrainari ematen dioten munizioa areagotu behar dute, bi milioiko kopurura heltzeraino. Horrez gain, drone gehiago bidali behar dituztela nabarmendu dute, argudiatuta hori dela modu bakarra Ukrainako armadaren eta Errusiako armadaren arteko «asimetriari» aurre egiteko. Gainera, Errusiaren eta Ukrainaren arteko su eten bat egonez gero EBko kideek Ukrainako soldaduak «entrenatuko eta hornituko» dituztela jaso du testuan Von der Leyenek. Bestetik, EBren eta Ukrainaren arteko elkarlana ere areagotu behar dela nabarmentzen du testuak. Horiek horrela, bien industria militarrak «integratzeko» saiakerak egin behar dituztela adierazi du Europako Batzordeak.

Negoziazioen jarraipena, igandean

Etxe Zuriak ohar batean ziurtatu zuenez, Trumpek eta Putinek atzo adostutakoa lehen urratsa izan zen «luzera begirako bakea» lortzeko bidean. Eta, gaineratu zuenez, «gutxi barru Itsaso Beltzerako su eten bat» negoziatzen hasiko dira, Ekialde Hurbilean. Elkarrizketa horiek igandean hasiko direla jakinarazi du Steve Witkoff Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako ordezkariak, Fox telebista katean bart egindako elkarrizketan. Saudi Arabiako Jidda hirian egingo dute bilkura AEBetako eta Errusiako ordezkariek. Iragan astean, hiri berean elkartu ziren Etxe Zuriko ordezkariak Ukrainakoekin.

Ukrainako presidentearen aholkulari Mykhailo Podolyak kazetariei jakinarazi dienez, Kievek ez du parte hartuko igandeko elkarrizketa horietan. Adierazpenak Zelenskik Trumpekin hitz egin aurretik egin ditu. Putinekin atzo egin legez, Zelenskirekin ere telefonoz mintzatu da Trump. Etxe Zuriko maizterrak sare sozialetan argitaratu duen mezu batean adierazi duenez, solasaldia «ondo» joan da. Azaldu duenez, Putinekin atzo izandako bileraren inguruan mintzatu dira gehienbat. Hala ere, akordio batera heldu direla iragarri du Etxe Zuriak, ohar bidez. Errusiako armadaren inguruko informazioa partekatuko diote AEBek Ukrainari. Trumpek duela aste batzuk hori egiteari utzi zion.

Zelenski ere pozik agertu da bileraren ostean. Trumpek legez sare sozialak erabili ditu elkarrizketaren berri emateko, eta argitaratu duen mezuan esan duenez, AEBek «baldintzraik gabeko su eten proposamen bat» jarri dute mahai gainean. Kievek Trumpen menia hori ere onartu duela esan du Ukrainako presidentea, eta prest agertu da hura lantzeko eta gauzatu ahal izateko.

Atzo adostu bezala, Ukrainak eta Errusiak preso truke bat egin dute gaur. Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, herrialde bakoitzak 175 preso askatu ditu. Errusiak, gainera, «oso larri» dauden beste 22 preso utzi ditu aske.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.