Errusiak eta Txinak bat eginda daudela esan diete AEBei

Putin eta Xi Pekinen batzartu dira, eta azaldu dute NATO hedatzearen aurka daudela. «Kanpoko esku hartzeei» elkarrekin aurre egingo diete

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, atzo, Pekinen. ALEXEI DRUZHININ / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Txina eta Errusia bat datoz hainbat alderditan. Atzerri politika da horietako bat. Bi potentziek elkar babesten dute, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzearen aurka agertu dira. AUKUSek ere kezka sortzen die, hau da, AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak, Asia hego-ekialdeko interesetan pentsatuz,Txinari eskualdean kontrapisua egiteko aurreko udazkenean sinatutako beste aliantza militarrak. Ukrainako krisiak baretzeko itxurarik ez duen honetan, hori adierazi diote Xi Jinping Txinako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak Washingtoni. Pekinen batzartu ziren atzo, eta erakutsi zuten bat eginda daudela, aliatu geopolitikoak direla.

Hilaren 20ra arte, Neguko Olinpiar Jokoak egingo dituzte Txinako hiriburuan, eta bi liderrak irekiera ekitaldiaren harira bildu ziren. Ondoren, ohar bateratu bat kaleratu zuten. Ukrainako krisia dela eta, AEBek eskatu zioten Pekini auzian «modu eraikitzailean» parte har zezala. Astebete inguru geroago iritsi da erantzuna. Oharraren arabera, «posizio bateratuak» dituzte demokraziari, ordenari, garapenari eta segurtasunari buruz, eta elkarrekin aurre egingo diete «kanpoko esku hartzeei eta eskualdeko segurtasuna arriskuan jar dezaketen mehatxuei». Xik eta Putinek nabarmendu zuten «inoizko gertutasunik handiena» dagoela bi herrialdeen arteko harremanetan.

Errusiak Txina babesten du Taiwango auzian, eta, modu berean, Txinak Errusiarekin bat egiten du Ukrainakoan. Biek konpromisoa hartu dute koordinazio estrategikoan «atsedenik gabe» sakontzeko, eta «ekitatea eta nazioarteko justizia defendatzea» dute helburu. Iruditzen zaie, bide batez, «ezinbesteko rola» jokatzen dutela nazioarteari «oztopoak gainditzen» laguntzeko garaian. Uste dute bi herrialdeen arteko erlazioa dela XXI. mendean nazioarteko harremanek izan beharko luketenaren eredu, eta baietz, bien interes komunak babestea dutela asmo, baina «mundu guztiko segurtasunak» ere arduratzen dituela. NATOren hedatzea dela eta, ordea, Estonia, Lituania eta Letoniako buruzagiak pozik agertu ziren atzo Rigan egindako bilera baten ondoren. «Gogo onez hartzen dugu AEBek tropa gehiago bidaltzea erabaki izana», adierazi zuen Estoniako lehen ministro Kaja Kallasek.

Nolanahi ere, Xiren eta Putinen arteko bileraren helburua izan zen, batez ere, AEBei mezu bat bidaltzea Ukrainako auziaren inguruan. Hori bai, beste gai batzuk ere izan zituzten hizpide. Oharrean azpimarratu zuten, esaterako, aldebiko harreman komertzialaren zenbakiak inoizko onenak direla, eta lankidetza areagotuko dutela nekazaritzan, ekonomia digitalean eta osasungintzan, besteak beste.

Gas gehiago Errusiatik

Energiaren alorrean lortutako akordioak ere hizpide izan zituzten. Izan ere, Ukrainako krisiarengatik, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ez du baztertzen Nord Stream 2 gasbidea erabiltzea Errusiari zigor ekonomikoak jartzeko—Errusiatik Alemaniara gasa eramateko eraiki zuten azpiegitura hori—. Hori esan du Les Echos egunkari ekonomikoan emandako elkarrizketa batean. Alemaniak ere gasbidea blokeatzeko asmoa agertu izan du. Hori horrela, Moskuk eta Pekinek atzo bertan jakinarazi zuten datozen 30 urteetarako kontratu bat egin dutela, Errusiak Txinari gasa saltzeko. Gasbide berri bat eraikiko dute, eta bien asmoa da hura martxan egotea bizpahiru urte barru. Dena den, Errusiak beste gasbide batetik ere (Power of Siberia) bidaltzen dio gasa Txinari 2019tik.

Bestalde, Europako agintariek ere ekarpena egin nahi dute Ukrainako krisiari irtenbide diplomatiko bat emateko ahaleginean. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo jakinarazi zuen Putinekin eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin batzartuko dela datorren astean. Eliseoak ohar batean adierazi zuenez, astelehenean Putinekin bilduko da Moskun, eta asteartean Zelenskirekin, Kieven.

Hain zuzen, Europako beste bi buruzagi, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, Errusiaz aritu ziren atzo, telefonoz. Downing Streetek plazaratutako oharraren arabera, adostu dute Moskuri berehala ezartzea zigor ekonomiko bateratuak Ukraina inbadituz gero, baita Mendebaldeko bazkideekin lanean jarraitzea ere, horiek zehazteko. Scholz Joe Biden AEBetako presidentearekin biltzekoa daastelehenean, Etxe Zurian.

Recep Tayyip Erdoganentzat, ordea, Mendebaldeak ez du «ezer» egin auzia konponbidean jartzeko. «Zoritxarrez, trabak besterik ez du jarri», esan die kazetariei, gaur, Kievetik bueltan. Zelenskirekin bildu zen atzo, eta prest agertu zen Errusiaren eta Ukrainaren arteko bitartekari lanak egiteko. Erdoganentzat, «lidergo gabeziako arazo bat» du Europak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.