Errusiak eta Turkiak berehalako su-etena adostu dute Siriarako

Errefuxiatuentzako «korridore seguru» bat eratzea ere hitzartu dute Putinek eta Erdoganek

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, atzo, Moskun, bien arteko bileraren ondorengo agerraldian. MICHAEL KLIMENTYEV / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Turkiaren eta Siriaren arteko su-etena adostu zuten atzo Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak, Moskun egin zuten sei orduko bileran. Gauerdian sartu da indarrean, Siriako Idlib probintzian. Putinek eta Erdoganek espero dute neurria lagungarri izango dela «krisi humanitarioak» okerrera egin ez dezan.

Turkiako presidenteak ohartarazi du ez dela «isilik» geldituko Siriako armadak erasoren bat eginez gero, eta «indar guztiekin» erantzungo duela.

Putinek aitortu du ez dagoela beti ados Turkiaren jarrerarekin. Hala ere, akordioa goratu du, eta itxaropena agertu du lortutako akordioak zibilen sufrimendua eteteko balioko duela.

Siriak joan den abenduan Idlibeko erasoa hasi zuenetik, milioi bat herritarrek ihes egin behar izan dute gerratik, beren etxeak utzita, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. NBEk salatu du Siriako gerrako larrialdi humanitariorik larriena dela.

Putinek eta Erdoganek atzo jakinarazi zuten «korridore seguru» bat sortuko dutela desplazatuen itzulerari bide emateko. M4 autobidea baliatuko dute horretarako —Siria iparraldea zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera—. Azaldu dutenez, eremu babestuak hamabi kilometroko zabalera izango du, autobidea ardatz hartuta.

Moskuko bilerak Errusiaren eta Turkiaren arteko harremana bideratzea izan du helburu. Bien arteko tentsioak goia jo zuen joan den astean. Siriako armadak Turkiako 33 militar hil zituen Errusiaren babesarekin Idlib probintzian egin zuen aire erasoan, eta Turkiak Udaberriko Ezkutua operazioarekin erantzun zion Damaskori. Siriako armadaren hiru hegazkin, eta hainbat ibilgailu eta azpiegitura militar suntsitu zituen. Ankarak Siriako 2.000 soldadu «neutralizatu» zituela ere adierazi zuen.

Erdoganen eta Putinen bilera hasi aurretik, Errusiako presidenteak dolumina agertu dio Turkiakoari. Putinek adierazi du Siriako armadak ez zuela Turkiako tropen kokalekuaren berri. Siriako armadak ere galera handiak izan dituela gaineratu du.

Idlib da Baxar al-Assad Siriako presidenteari bere egitea falta zaion eremu bakarra Siriako lurralde osoa kontrolpean hartzeko. Turkiak babestutako errebeldeen menpe dago. Talde horien artean da Hayat Tahrir al-Sham, Al-Qaedaren Siriako adar ohia. Probintzia hori eskuratzeko erasoaldia abiatu zuen Siriak joan den abenduan. Ankarak ohartarazi zuen Siriaren kontra egingo zuela haren tropak ez baziren aldentzen Turkiak Idliben dituen kontrol postuetatik. Joan den asteko liskarren ostean lehertu da Errusiaren eta Turkiaren arteko krisia.

Bi herrialdeek lotura ekonomiko garrantzitsuak dituzte, baina kontrajarriak dira Siriako gerran dituzten interesak. Bien arteko harremanak bideratzeko, Sotxiko akordioa sinatu zuten 2018ko irailean. Ordutik, bi aldeek hainbatetan leporatu diote elkarri akordioa ez betetzea. Errusiak Turkiari egotzi dio errebelde «moderatuak» eta «terroristak» ez bereiztea, eta azken horiei laguntzea. Turkiak salatu du Errusiak su-etena hautsi duela sarritan, eta ez duela nahikoa egin Siriako armada Idliben baretzeko.

Errefuxiatuak

Idlibeko liskarrek bete-betean eragin diote EB Europako Batasunari, Turkiak erabaki baitu migratzaileei irekitzea Greziarekin duen muga. Ankarak dio ez daukala baliabide nahikorik jasotzen ari den errefuxiatu kopurua bere lurretan hartzeko.

Greziako Gobernuak adierazi du 30.000 errefuxiatu baino gehiagoren sarrera eragotzi duela, eta joan den igandetik Lesbos uhartera iritsi diren 500 migratzaileak beren herrialdeetara deportatuko dituela. Horrez gain, hilabete baterako eten du asilo eskaria egiteko eskubidea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.