Ukrainako gerran Mendebaldeak egiten dituen mugimenduei erantzungo diela adierazi du Moskuk; eta «gaitasun» horren adibide bat atzo Ukrainako Dnipro hirira jaurtitako misila dela esan du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak. Egunero egiten duen prentsaurrekoan adierazi duenez, Mendebaldeak Ukrainari irismen luzeko armak ematea eta Errusiaren aurkako erasoetan herrialde horiek izan duten parte hartzea «ezin da erantzunik gabe geratu». Horregatik, eta «etorkizunean etor daitezkeen erantzunak» irudikatze aldera, misil hipersoniko batekin egin zion eraso Ukrainari.
Lehen aldia da Errusiak mota horretako armak erabiltzen dituela Ukrainako gerran. Are gehiago, Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo gauean egindako adierazpenetan jakinarazi zuenez, «arma esperimental bat» da, eta, hark esan zuenez, «egun ez dago misil horri aurre egiteko baliabiderik». Hainbat hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, misil horrek karga nuklearra garraiatzeko gaitasuna du. Ordu luzez kontinente arteko misil balistiko bat zelako ustea zegoen; hala salatu baitzuen Ukrainak.
Dniproko arma fabrika baten aurkako erasoa Mendebaldearen ekintza «burugabeei» erantzuteko egin dutela nabarmendu du Peskovek. Ildo horretatik, Putinek atzo azpimarratu zuen Errusiak haren aurka egiten dutenei haien armekin eraso egiteko «eskubidea» duela: «Gure aurka armak erabiltzea ahalbidetzen duten herrialdeetako helburu militarrei eraso egiteko eskubidea dugu». Gainera, AEB Ameriketako Estatu Batuei «nazioarteko segurtasuna» apurtu izana leporatu zien: «Haien hegemonia mantentzeko, [AEBek] gatazka global batera daramate mundua».
Parlamentua itxi
Tentsioak gora egin du, eta Ukrainako Gobernuak uste du edonoiz eraso bat jasan dezakeela. Hori dela eta, gaur Parlamentuan zuten osoko bilkura bertan behera uztea erabaki dute. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren alderdiko diputatu Yevgenia Kravchuk AFP Agence France-Press berri agentziari esan dionaren arabera, beldur dira litekeena delako «datozen egunetan» gobernuko azpiegituren aurkako erasoren bat egotea.
Ukrainako Gobernuak izan dezakeen beldur hori izan du mintzagai Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek. «Zelenski beldurtu» zela adierazi du Bielorrusian egin duen prentsaurreko batean, eta azpimarratu du presidentearen beldur horregatik soilik erasoa jada «eraginkorra» izan zela. Are gehiago, Ukraina «umezurtz» gelditu zela nabarmendu du. «Errusiaren ekintza horren aurrean bakarrik utzi zutela aurpegiratu die haren jabeei», gaineratu du Lavrovek, Mendebaldeko herrialdeak seinalatuz.
Putinek arma berri bat erabili zuela jakinarazi eta gutxira, Zelenskik gaueroko agerraldia egin zuen. Han, «nazioarteko» erantzun baten beharra aldarrikatu zuen, egun, haren ustez, ez baitago «erantzun sendo bat». «Errusia benetako bake batera behartu behar dugu, eta hori indarraren bitartez lortu dezakegu soilik», gehitu zuen Ukrainako presidenteak.
Eskaera eta aurpegiratzeen artean, Errusiak «irismen ertaineko» armak erabili izanak gerraren «gorakada ikaragarria» ekarri duela iritzi dio Olaz Scholz Alemaniako Kantzilerrak, kazetariei egindako adierazpen batzuetan esan duenez: «Arma berri horren erabilerak agerian uzten du zer arriskutsua den gerra hau». Scholzek azken astean harremanak berrezarri ditu Putinekin. Bi urteren ostean berriz hitz egin zuten buruzagiek, aurreko ostiralean, eta Alemaniako kantzilerrak Putini eskatu zion «atzera pauso bat emateko» eta Ukrainatik soldaduak ateratzeko, «bakea negoziatu ahal izateko».
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere Errusiaren erasoa gaitzetsi du, eta Ukrainari laguntza militarra bidaltzen jarraituko duela baieztatu dio Farah Dakhlallah erakundeko bozeramaileak EFE albiste agentziari. Gainera, NATOk gaur jakinarazi du asteartean Ukrainarekin bilduko dela, Bruselan. Putinek atzo egindako adierazpenetan gogorarazi zuen Ukrainari irismen luzeko armak eman izanak AEB eta NATO Errusiarekin gerran daudela esan nahi duela.
Bi lagun hil ditu Errusiak Sumin
Ukrainako Sumi hiriari egin dio eraso gaur Moskuk, droneak erabiliz. Reuters berri agentziak kaleratu duenaren arabera, eraso horretan bi lagun hil dituzte eta hamabi zauritu. Hiriko alkate Volodimir Artiukhek salatu duenez, droneek zuten karga «jendea hiltzeko» erabiltzen da soilik; hau da, Errusiak ez zuela azpiegiturarik helburu gisa, «baizik eta zibilak hiltzea».