Gerra Ukrainan

Errusiak esan du Kieven eta Txernihiven jarduera militarrak «murriztuko» dituela

Kieveko ordezkaritzak adierazi du Ukraina prest dagoela NATOn sartzeari uko egiteko, segurtasun bermeen truke. Bi aldeetako ordezkaritzak Istanbulen bildu dira, aurrez aurre. UNHCRen arabera, jada 3,9 milioi errefuxiatuk ihes egin dute Ukrainatik Errusiaren erasoa hasi zenetik.

Turkiako presidente Erdogan, Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak ezker-eskuin daudela, Istanbulen. TURKISH PRESIDENT PRESS OFFICE / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 29a
12:13
Entzun

Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzek Istanbulen egin duten lehen bilera amaitu bezain laster heldu dira lehen adierazpenak: Errusiak Kieven eta Txernihiven (Ukraina hegoaldea) jarduera militarrak «murriztuko» dituela jakinarazi du Errusiako Defentsa ministrorde Alexandr Fominek, «elkarrekiko konfiantza areagotzeko eta negoziatzen jarraitzeko».

Ukrainako ordezkaritzako buru David Arahamiyak, berriz, adierazi du Ukraina prest dagoela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeari uko egiteko, trukean hamar bat estatuk akordio lotesle bat sinatzen badute Ukraina erasoen aurka babesteko: «Herrialde bermatzaileak Nazio Batuen Segurtasun Kontseilukoak izatea gustatuko litzaiguke [Erresuma Batua, Txina, Errusia, AEBak eta Frantzia], baita Turkia, Alemania, Kanada, Polonia eta Israel ere», zehaztu du Arahamiyak.

Horrez gain, Ukrainako ordezkariaren esanetan, gatazka bide diplomatikotik konponduko ez balitz, laguntza militarra jasotzeko eskubidea izango luke Kievek, aire eremua debekatzea barne. Berme horiek ematen badira, «Ukrainak estatus neutrala izatea onartuko du, ez du arma nuklearrik izango, eta ez du atzerriko base militarrik onartuko bere lurraldean», Oleksander Txalyi Kieveko ordezkaritzako beste kide batek zehaztu duenez.

Errusiako Defentsa ministrordeak esan du espero duela «Kievek dagozkion erabakiak hartzea eta negoziazioekin jarraitzeko baldintzak sortzea». Aldi berean, Fominek Genevako Konbentzioa betetzeko eskatu dio Ukrainari, preso dituen Errusiako tropei emandako tratu txarren harira.

Errusiako ordezkaritzaren buru Vladimir Medinskik, berriz, lehen aldiz hitz egin du Moskuren eta Kieven arteko «itun» batez. «Ituna azkar lantzen bada eta beharrezko konpromisoa lortzen bada, bakea lortzeko aukera askoz gertuago egongo da», azaldu du. Gaurko bilera «eraikitzailea» izan dela aitortu du, eta nabarmendu Moskuk «gatazka arintzeko bi pauso» emateko borondatea erakutsi duela: bata militarra eta bestea politikoa.

Bestalde, Ukrainako negoziatzaile Mikhailo Podoliakek gogorarazi du akordio horretan ez direla sartu Moskuk ezarritako ezinbesteko eskakizunak: Krimea Errusiaren parte dela aitortzea eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia onartzea. Haren esanetan, lurralde horien estatusak Errusiarekin «aparte» negoziatu beharko ditu Ukrainak, «hamabost urteko epean».

Su etenaren dokumentuen zirriborroek ez dute «desnazifikazioari», «desmilitarizazioari» eta errusiera hizkuntzaren lege babesari buruzko aipamenik egiten, Financial Times egunkariak aurreratu duenez. Kazeta horrek jasotakoaren arabera, Errusiak bertan behera utziko du Ukraina «desnazifikatzeko» helburua, eta Mosku prest dago Ukraina EB Europako Batasunean sartzeko, Kievek militarki lerrokatu gabe jarraitzen badu.

Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluren ustez, Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzek Istanbulen gaur izandako elkarrizketetan egindako aurrerapenek «bidea erraztu dute» bi herrialdeetako presidenteek, Volodímir Zelenskik eta Vladimir Putinek, bilera egiteko.

Erdogan: «Ziur nago su eten iraunkorra lor dezaketela»

Bi aldeetako ordezkariak gaur bildu dira, Istanbulgo Dolmabahce jauregiko Presidentetza Bulegoan, Turkia bitartekaritza lana egiten ari dela. Hain zuzen ere, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek «arduraz» jokatzeko eta su etena adosteko eskatu die Kieveko eta Moskuko negoziatzaileei. Itxaropentsu mintzatu da bileraren aurretik egindako hitzaldian: «Ziur nago su eten iraunkorra lor dezaketela. Jendea albiste onen zain dago».

Era berean, Turkiako agintariak adierazi du espero duela gaurko eta biharko batzarrek fruituak emango dituztela. Haren aburuz, ez dago galtzailerik bakerako adostasun batean, eta erantsi du gerra ez dela alde guztien gustukoa. «Su eten batek denei egingo lieke mesede».

Hori bai, Erdoganek argi esan du Turkiak ez duela «zuzenean» bitartekaritza lana egingo elkarrizketa horietan. «Bideratzaile lanak besterik ez ditugu egingo». Negoziazioak gaur eteten ez badira, ondo bidean, bihar jarraituko dute.

Roman Abramovitx magnate eta Errusiaren negoziatzailea, bestalde, bileran bertan izan da, atzeko lerroan, Reuters berri agentziak jakinarazi duenez. Atzo Wall Street Journal-ek argitaratu zuenez eta ondotik Bellingcat hedabideak berretsi zuenez, Abramovitx eta Ukrainako beste bi negoziatzaile gaixotu egin ziren hilaren 3 eta 4ko elkarrizketen ondotik, eta pozoiketa baten ondorio izan litekeela argitaratu dute. AEBetako iturriek ukatu egin zioten hipotesi hori Reutersi.

Orain arte, bi aldeak hirutan bildu dira aurrez aurre —otsailaren 28an, martxoaren 3an eta martxoaren 7an—, Bielorrusiako lurraldean, eta hilaren 10ean Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov eta Ukrainako Dmitro Kuleba Antalyan (Turkia) batzartu ziren. Ordutik, negoziazioak ia egunero egin dira bideokonferentzia bidez, bi ordezkaritzetan eta lantaldeetan.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Vladimir Putin Errusiakoa telefonoz hitz egitekoak dira gaur arratsaldean, Eliseoaren arabera, elkarrizketaren helburua da Ukrainako hegoaldeko Mariupol hiria ebakuatzeko operazio bat antolatzea ahalik eta «baldintzarik onenetan».

Beste hiru korridore humanitario ireki dituzte

Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek gaur egindako agerraldian adierazi duenez, beste hiru korridore humanitario zabaltzea adostu dute, zibilak ateratzeko; zehazki, Melitopolgo, Mariupolgo eta Enerhodar irteerek Zaporizhian izango dute amaiera —azken bi hiri horiek Errusiako tropen kontrolpean daude—. Dagoeneko 75.000 herritar inguru ebakuatu dituzte Mariupoldik.

Bitartean, errefuxiatuen ihesa gero eta handiagoa da; jada 3,9 milioi errefuxiatuk ihes egin dute Ukrainatik Errusiaren erasoa hasi zenetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera. Horietatik 2,3 milioi Poloniak hartu ditu; Errumaniak, 602.000; Moldaviak, 385.000; Hungariak, 359.000; Eslovakiak, 278.000; Errusiak, 271.000, nahiz eta tokiko agintariek 490.000 inguru direla dioten, TASS agentziaren arabera.

Gerra frontean, bestalde, Errusiako armadak Mikolaiv hiriko (Ukriana hegoaldea) eskualdeko administrazioaren egoitzari eraso egin dio, Krimeako penintsulatik, bertako agintariek Telegrameko kontuan jakinarazi dutenez. Azaldu dutenez, instalazioen barruan ehun pertsona inguru zeuden, eta gutxienez hiru pertsona hil dituzte, eta dozenaka zauritu. Kieven, berriz, borroka handiak izaten ari dira bi bandoen artean. Erresuma Batuaren arabera, Ukrainako tropak kontraerasora jotzen ari dira hiriburuko ipar-ekialdean.

Donetskeko Herri Errepublikako agintariek, berriz, salatu dute Ukrainako armadak egindako erasoetan bi pertsona hil eta 29 zauritu dituztela, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Era berean, Luhanskeko Herri Errepublikako agintariek ziurtatu dutenez, Donetskeko eta Luhanskeko 94 kokaleku hartu dituzte miliziek, Errusiaren laguntzaz.

IAEAko idazkari nagusia, Ukrainan

Jokaleku horretan, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusi Rafael Grossi Ukrainara joan da zentral nuklearren segurtasuna hobetzeko eta herrialdean «istripu nuklear baten arriskuari aurrea hartzeko», NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia nuklearrak zabaldutako ohar baten arabera. Haren esanetan, Ukrainako zentral nuklearrak eta material erradioaktiboa duten beste instalazio batzuk «arriskuan» daude gatazka militarraren eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.