Ukrainarako AEBek egindako 30 eguneko menia proposamena sinatu zuen Kievek atzo, eta Etxe Zuriak esan zuen, ondoren, pilota orain Moskuren teilatuan dagoela. Errusiak, baina, Washingtonekin hitz egin nahi du aurrena, akordioaren xehetasunak ezagutu nahi ditu, erabaki bat hartu aurretik. Donald Trump AEBetako presidenteak kazetariei ziurtatu die gaur Etxe Zuriko ordezkariak «Errusiara bidean» direla. Atzo esan zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin mintzatuko dela asteon. Nolanahi ere, Moskuk azpimarratu du, bide batez, Errusiari eragiten dioten erabakiak Errusian hartzen direla, «ez kanpoan». Hori adierazi du Maria Zakharova Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, Tass berri agentziak gaur kaleratu duenez.
AEBetako eta Ukrainako ordezkaritza diplomatikoak Saudi Arabian batzartu ziren atzo, eta bileraren ondoren kaleratutako ohar bateratuan nabarmendu zutenez, «bake iraunkorra» berriro ezartzeko «pauso garrantzitsuak» eman dituzte. Horri buruz galdetu diote gaur Dmitri Peskovi, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Kremlineko bozeramaileak ez du azalpen oso argirik eman, eta adierazi du pentsatzen duela AEBek datozen egunetan emango dietela Saudi Arabian adostutakoaren berri. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak hedabideen aurrean hitz egin du gaur Irlandan, Saudi Arabiatik AEBetara bueltan, eta esan du gaur bertan espero duela Moskurekin hitz egitea. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur Kieven kazetariei adierazi dienez, AEBek Errusiaren aurkako «neurri irmoak» hartu beharko lituzke, tregoa onartzen ez badu. Horren harira, Trumpek gaur ohartarazi du Errusiaren ekonomiarentzako «oso kaltegarriak» izan daitezken neurriak hartu ditzakeela, baina gehitu du ez duela halakorik egin nahi, berak «bakea» nahi duela. Irlandako lehen ministroarekin Etxe Zurian batzartu ostean egin ditu adierazpen horiek.
Bitartean, Kievek eta Washingtonek sinatutakoaren ondorioz, AEBak berriro hasi dira Ukraina militarki laguntzen. Hori jakinarazi du Poloniako Atzerri ministro Radosław Sikorskik, agerraldi batean. Izan ere, Ukrainaren mugakidea izanik, Polonian bertan bildu eta banatzen da Ukrainara bidalitako ekipamendu militarra. Aintzat hartu behar da Ukrainari emandako laguntza militarra eten zuela Trumpek martxoaren 4an, egun batzuk lehenago Zelenskirekin Etxe Zurian bildu eta harekin jendaurrean sesioan aritu ondoren.
Eta haserrealdiaren ondorioz Etxe Zuriko Maizterrak erabaki zuen, gainera, AEBetako espioiek Ukrainari emandako zerbitzuak etetea. Baina hori ere lehengoratu dute Saudi Arabian adostutakoa dela-eta, eta, hortaz, Maxar Technologies AEBetako enpresak iragarri du satelite bidezko zerbitzua ematen hasi dela berriro Ukrainari, eta Kieveko iturri ofizialek baieztatu egin dute. Horiek horrela, Saudi Arabian Ukrainako ordezkaritzaren buru izandako Andrii Yermakek iragarri du, The Kyiv Independent egunkariak gaur argitaratu duenez, Ukrainak eta AEBek datorren astean hitz egingo dutela adostutakoaren xehetasunez.
Tropak Ukrainara
Atzoko bilera bukatu eta berehala, gerra amaituko balitz Ukrainak «segurtasun bermeak» eduki nahiko lituzkeela errepikatu zuen Zelenskik. Bi aldeek atzo kaleratutako testuaren arabera, laster hasiko dituzte Ukrainan «luzera begirako segurtasuna» bermatzeko negoziazioak.
Horren harira, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak deituta, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdetako Estatu Nagusiak —buruzagi militarrak— bildu ziren atzo Parisen. Frantziako presidenteak, baita Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak ere, tropak bidali nahi dituzte Ukrainara, su eten iraunkor bat adosten bada. Kremlinek, baina, ez du halakorik nahi, eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak berriro esan du gaur, Reuters-ek jaso duenez, «inondik inora» ez dutela halakorik onartuko. Moskuk mehatxutzat hartzen du hori.
Kursken kontrola bereganatu du
Errusiako Kursk eskualdea partzialki okupatu zuen Ukrainak joan den abuztuan, eta horren kontrolari eutsi ahal izan dio zenbait hilabetez. Errusiako Guardia Nazionalak gaur jakinarazi duenez, ordea, Moskuren indarrak Ukrainakoak «kolpatzen» ari dira, eta, horregatik, Ukrainako tropak okupatutako eskualde mugakide horretatik erretiratzen ari dira. Errusiako soldadu multzo batek RIA berri agentziari zehaztu dionez, Sudzha hiritik ere alde egiten ari dira Ukrainako soldaduak. Hain zuzen, Ukrainak handik abiatu ditu azken hilabeteetan eskualde horretan egindako eraso gehienak.
Baina azken egunetan, hain justu AEBek Ukrainari emandako laguntza militarra etenda egon denean —baita Washingtonen zerbitzu sekretuen laguntza ere—, Errusiak lortu du, adierazi duenez, 200 kilometro koadro berreskuratzea Kursken. Dena den, Moskuk iragarri duen arren Ukrainako tropak alde egiten ari direla, Kievek Kozirevka herriko lantegi bati eraso egin dio gaur goizean misil batekin —Sudzharik 25 kilometrora—, eta horren ondorioz lau pertsona hil dira. Hori adierazi dute tokiko iturri ofizialek.
Ukrainan bertan, bestalde, Errusiak lau pertsona hil ditu Odesa herrialdearen hegoaldeko portuari egindako eraso batean.