Errusiak «eraso masibo bat» egin du Ukrainako energia azpiegituren aurka

Zelenskik «gizagabetzat» jo du Eguberri eguneko erasoa; Kieven arabera, Moskuk 78 misil eta 106 drone jaurti ditu Ukrainara. Kremlinek esan du Ukrainako industria militarrari kalte egin nahi izan diola.

Errusiaren erasoek kalte egindako gune bat Kharkiven, gaur. SERGEY KOZLOV / EFE
Errusiaren erasoek kalte egindako gune bat Kharkiven, gaur. SERGEY KOZLOV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abenduaren 25a
18:36
Entzun

Moskuk «eraso masibo bat» egin du gaur Ukrainako azpiegitura energetikoen aurka. Hala baieztatu du Errusiako Defentsa Ministerioak, ohar baten bidez. Haren arabera, Ukrainako industria militarra hornitzen duten azpiegiturak izan dituzte jomugan. «Erasoaren helburua bete dugu. Azpiegitura guztiak jo ditugu», gehitu du ministerioak, oharrean.

Ukrainako aireko armadak jakinarazi duenez, Moskuk 78 misil eta 106 drone erabili ditu gaurko erasoetan. Horietatik zenbait atzeman eta eraitsi dituztela ere gaineratu du, baina beste zenbaitek kalteak eragin dituzte. Ukrainako Energia ministro German Galustxenkok Facebooken jakinarazi du erasoaren ondorioz murrizketak izan direla energia hornikuntzan.

Ukraina ekialdeko guneetan jasan dituzte kalterik larrienak. Errusiarekin muga egiten duen Kharkiv eskualdean, eta hegoalderago dagoen Dnipropetrovsk eskualdean. Zero eta lau gradu arteko tenperatura izan dute gaur han. 

Reuters berri agentziaren arabera, milioi erdi herritar berogailuak erabili ezinik egon dira Kharkiv eskualdean, eta itzalaldiak izan dira Kieven. Eta Dnipro hiriko alkate Boris Filatovek Telegram bidez salatu du hiri horretako zenbait etxebizitza argindarrik gabe geratu direla, baita ospitale bat ebakuatu behar izan dutela ere.

Zenbait familia berogailua erabili ezinda geratu direla azaldu du, eta  zazpi eskolatan kalteak jasan dituztela. Horrez gain, Dniproko alkateak jakinarazi du ehun gaixo baino gehiago zituen ospitale bat hustu behar izan dutela, eta han zeudenak beste erietxe batzuetara eraman behar izan dituztela.

DTEK Ukrainako energia enpresa pribaturik handienak jakinarazi du bere azpiegiturak hondatu dituztela. DTEK enpresak Telegramen zabaldu duenez, Moskuk Ukrainako energia sektorearen aurka aurten egindako hamahirugarren erasoa izan da gaurkoa.

Gainera, Ukrainako agintarien arabera, herritar bat hil dute Dnipropetrovsk eskualdean, eta beste sei zauritu dituzte, Kharkiv hirian. Kremlinek ere eman du Kievek egindako erasoen berri. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainatik bidalitako 59 drone eraitsi dituzte bart. Bestalde, Kursk eskualdeko (Errusia) gobernadoreak Telegramen esan du Ukrainako militarren erasoetan lau herritar hil dituztela.

Erasoak, Eguberri egunez

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak salatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak «nahita» aukeratu duela gaurko eguna, Eguberri eguna, eraso horiek egiteko: «Izan liteke gizagabeagoa?», gaitzetsi du Putin X sare sozialean. Gaineratu du gaurko erasoak eragindako kalteak konponduko dituztela: «Errusiak ez du Ukraina hautsiko, eta ez ditu Gabonak hondatuko».

AEB Ameriketako Estatu Batuek Ukrainan duten enbaxadore Bridget Brinkek ere gaurko eguna izan du hizpide. X sare sozialean esan du erasoak «Errusiaren Eguberri opariak» izan direla. Eta gehitu du Moskuk misilak eta droneak erabili dituela Eguberriak etxean ospatzen ari ziren familien eta horiek bero mantentzen dituzten azpiegituren aurka: «Errusia negua arma gisa erabiltzen ari da».

Iaz hasi zen Ukraina Eguberri eguna abenduaren 25ean soilik ospatzen. Ordura arte, urtarrilaren 7a ere jai eguna zen; juliotar egutegiaren arabera —kristau ortodoxo gehienek erabiltzen dute— orduan ospatzen baita Eguberria. Iaztik, ordea, Ukrainan gaurko eguna baino ez da ofizialki Eguberri eguna. Errusiarekin dituzten antzekotasunak murrizteko asmoz egin zuten aldaketa hori. Errusian, urtarrilaren 7an ospatuko dute Eguberria.

Moskuk «ekintza terroristatzat» jo du errusiako ontzi baten hondoratzea

Ursa major Errusiako itsasontzia «ekintza terrorista» baten ondorioz hondoratu zela jakinarazi du gaur Errusiako RIA albiste agentziak, iturri gisa ontziaren jabe Oboronlogistika enpresa aipatuz. Errusiako Defentsa Ministerioaren jabetzakoa da Oboronlogistika; eta ministerioak berak eman zuen atzo hondoratzearen berri. Astelehen gauean hondoratu zen ontzia, Mediterraneo itsasoan —Espainia eta Aljeria artean—, hamasei lagun zeramatzala. Horietatik, hamalau erreskatatu zituzten, eta bi galduta daude oraindik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.