GERRA UKRAINAN

Errusiak eraso egin die Kievi, Zaporizhiari eta beste zenbait eskualderi

Ukrainaren arabera, lau herritar hil dira gutxienez. Volodimir Zelenski presidenteak agindu du errekrutatze militarrerako eskualde zentro guztietako buruak beren postuetatik botatzeko

Bonbardaketa baten kraterra Zaporizhian, Ukrainan, 2023ko abuztuaren 10ean. ZAPORIZHIAKO UDALETXEA / EFE
2023ko abuztuaren 11
19:43
Entzun

Errusiako indar armatuek Ukrainako hainbat eskualde bonbardatu dituzte gaur. Horien artean, Kiev eta Zaporizhia hiriak. Ukrainaren esanetan, lau lagun hil dira erasoetan. Hiriburuan, hainbat leherketa entzun dira goizeko 10:00 aldera —Euskal Herrian baino ordu bat gehiago da han—. Minutu batzuk lehenago, ordea, autoritateek aire erasoko alerta ezarri dute herrialde osoan. Ukrainako hiriburuko alkate Vitali Klitxkok hiritarrei esan die aireko erasoen aurkako babeslekuetan geratzeko. Kieven esanetan, Ukrainako aire defentsek ongi funtzionatu dute.

Hiriburuaren aurkako azken erasoan, jaurtigai baten zatiek haurrentzako ospitale bat jo dute, baina ez da zauriturik eta kalte materialik erregistratu, Klitxkok esan duenez. Kieveko alkatearen arabera, ordea, ospitale horretaz gain, Obolon distrituko beste bi gunetan izan dira kalteak. Adierazi du etxe baten teilatua hondatu dela, baina ez dutela biktimen berri.

Bestetik, Ukraina mendebaldean dagoen Ivano-Frankivsk erregioko gobernadore Svitlana Onixtsuken hitzetan, zortzi urteko ume bat hil da, eta zaurituak ere badaude, Errusiak eginiko aire eraso baten ondorioz. Misil bat etxe baten aurka lehertu dela adierazi du.

Bart ere izan ziren Ukrainaren aurkako erasoak. Errusiarrek bederatzi eskualderen aurkako ekintza militarrak egin zituzten. Zaporizhia eskualdea izan zen kaltetuena, hango 23 herri bonbardatu baitzituzten. Errusiako misil batek Zaporizhia hiriko Reikartz hotela jo zuen, eta, ondorioz, hiru hildako eta hamasei zauritu izan ziren, Ukrainako iturrien arabera. Lau ume daude zaurituen artean, Zaporizhiako gobernadore Yuri Malaxkok adierazi duenez. NBE Nazio Batuen Erakundeko langileek erabili izan dute zenbaitetan hotel hori. Azken egunetan hiriari egin dioten bigarren erasoa da. Asteazkenean, hiru pertsona hil eta bederatzi zauritu ziren Errusiaren aire eraso baten ondorioz. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren esanetan, «Errusiak egunero bonbardatzen du hiria».

Aire erasoak eta borroka guneko guduak gertatzen ari diren honetan, Ukrainak atzo iragarri zuen «korridore humanitario» bat irekiko duela Itsaso Beltzean, eta helburutzat dauka 2022ko otsaileko errusiar inbasioaz geroztik haren portuetan harrapatuta dauden zama itsasontzien mugimendua baimentzea. Hasieran, korridorea irekiko zaie zerealen esportaziorako akordioak kontuan hartzen ez zituzten merkantzia itsasontziei. Ukrainako armadak adierazi duenez, itsasbideak Ukrainako Txornomosk, Odesa eta Pivdennyi portuetako itsasontzi zibilentzat izango dira batez ere.

Gutxi gorabehera hirurogei merkataritza itsasontzi geratu dira harrapatuta Ukrainako portuetan inbasioaz geroztik. Zerealen akordioa utzi zuenetik, Errusiak esan du Ukrainako portuetara hurbiltzen den edozein itsasontzi hartuko duela balizko itsasontzi militar gisa. Kievek antzeko mehatxuarekin erantzun die Errusiako itsasontziei.

Bitartean, Ukrainako Armadaren Hegoaldeko Defentsa Indarren bozeramaile Natalia Humeinukek adierazi duenez, «Errusiako hamar ontzi daude orain zona horretan, baina ez daukate misil jaurtigailurik». Gainera, esan du Errusiako indarrak «aireko miaketa ariketa indartsuak» egiten ari direla.

Ustelkeriaren aurkako atxiloketak

Ukrainak herrialdearen ekialdean abiatutako kontraerasoa momentu kritikoan dagoen honetan, Zelenskik iragarri du Ukrainako errekrutatze militarrerako eskualde zentro guztietako buruak beren postuetatik botako dituztela. Adierazi duenez, ustelkeriak eragindako kezken erdian agindu du neurria. «Sistema honen ardura izan behar dute gerra zer den eta gerra garaian zinismoa eta eroskeria traizio handia zergatik diren dakiten pertsonek», esan du. Gaineratu du Ukrainako indar armatuen komandante buru Valeri Zaluzhni jeneralak abiaraziko duela erabakia.

Neurri hau errekrutamendu zentroen inguruan izandako eskandalu handi baten ondoren dator. Ekainaren amaieran, Zaluzhni jeneralak kargutik kendu zuen Odesako bulego buru Jevhen Borisov. Beste kargu batzuen artean, hiru milioi euro inguru legez kanpo izatea egozten diote. Zelenskik adierazi duenez, 112 zigor prozesu ireki dituzte errekrutatze zentro horietako ofizialen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.