Errusiak bidalitako tropak bihar dira Kazakhstandik ateratzen hastekoak

Tokaiev presidentearen ustez, Sobietar Batasun ohiko zenbait herrialdek osatutako ODKB erakundeak bidalitako 2.000 soldaduen laguntza ezinbestekoa izan da azken egunetako protestei aurre egiteko

Bi pertsona, atzo, Almatyn, protestetan kiskalitako ibilgailu baten aurretik pasatzen. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Kazakhstanen azkeneko hamar egunetan lehertu diren protestei aurre egiterakoan, ODKB Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko estatu kideen soldaduen laguntza ezinbestekoa izan da, herrialdeko presidente Kassim-Jomart Tokaieven esanetan. Kazakhstanekin batera, Errusia, Armenia, Bielorrusia, Kirgizistan eta Tajikistan dira aliantzako kideak, eta, Tokaievek berak herenegun zehaztu zuenez, 2.030 soldadu bidali dituzte; gehienak, Errusiako armadakoak. Presidenteak atzo bideokonferentziaz iragarri zuenez, Sobietar Batasuna desegin ondoren sortutako erakundearen tropak bihar dira herrialdetik ateratzen hastekoak. Pixkanaka erretiratuko dira, eta aurreikusten dute ez duela hamar egun baino gehiago iraungo.

Berez erregaien prezioen igoerarengatik hasi ziren mobilizazioak, eta joan den asteazkenean, «mehatxu terroristaren» aurka egiteko, Tokaievek laguntza eskatu zien bazkideei. Iruditzen zaio Almatyn, protesten erdigunean, esku hartu izan ez balute, hiriaren kontrola galduko zuketeela estatuaren indarrek.

Manifestariak «prestatutako gaizkile armatuak» dira presidentearen hitzetan, «nazioarteko terroristak», eta, herenegun adierazi zuenez, «estatu kolpe bat» emateko asmoa zuten. Gehienak «Asia erdialdekoak, Afganistangoak eta Ekialdeko Hurbilekoak» dira. Ez du, ordea, hori baieztatu ahal izateko inongo frogarik aurkeztu. Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere «atzerriko esku sartzeak» salatu zituen, herenegun, ODKBko liderrek auziaz hitz egiteko egindako bilera telematikoan.

Egoeraren kontrola galtzen ari zela ikusita, manifestariei «hiltzeko» tiro egiteko agindu zien Tokaievek estatu indarrei eta bazkideen soldaduei, joan den ostiralean. Asia erdialdeko errepublikaren agintariek emandako datuen arabera, 160 pertsona baino gehiago hil dira liskarretan, zaurituak 1.300 inguru dira, eta ia 10.000 pertsona atxilotu dituzte.

Atxilotuen artean dago Karim Massimov herrialdeko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko buru ohia, azken bi hamarkadetan hainbat kargu publiko edukitakoa, manifestariei buruzko informazioa ezkutatzea leporatuta. Estatuko aparatuetan purga bat hasi du presidenteak; izan ere, ez dago pozik, ez, batzuen jokabidearekin. «Zenbait hiritan, nahiz eta armamentua sobran eduki, Segurtasun Nazionalerako Departamentuetako buruek egoitzetatik alde egin zuten borrokatu gabe, armamentua eta dokumentu sekretuak horietan utziz».

Egunak igaro ahala, gobernuaren eta ustelkeriaren aurkakoak bihurtu ziren protestak. Kazakhstan herrialde oparoa da baliabide naturalei dagokienean (uranioa, petrolioa eta gasa, batez ere), eta Tokaievek onartu zuen horiek salduz herrialdeak lortzen dituen etekinak ez direla behar bezala banatzen. «Oligarken taldeak izan dira hazkunde ekonomikoaren onuradun nagusiak. Oligopolioek merkatu librearen garapena mugatu zuten, eta herrialdearen lehiakortasuna murriztu», azpimarratu zuen atzoko diskurtsoan.

Mobilizazioak hasi eta gutxira, aurreko asteazkenean, gobernuak dimisioa eman zuen. Askar Mamin ordezkatuz, behin-behineko lehen ministroa Alijan Smailov izan da azkeneko astean, eta, atzo, Tokaiev presidenteak berak proposatuta, parlamentuak onartu zuen kargurako. 49 urte ditu Smailovek, eta, aurrez, Finantza ministroa izan zen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.