Errusiako Aire Garraioko Agentzia Federalak atzo baieztatu zuenez, Wagner talde paramilitarreko buruzagi Jevgeni Prigozhin hil egin zen haren hegazkin pribatuak lurra jota, Tver eskualdean, Mosku iparraldean. Hamar bidaiari zihoazen, eta guztiak hil dira, Errusiako Larrialdi Ministerioaren arabera. Hildakoen zerrendan, besteak beste, Dmitri Utkin ultraeskuindarra ageri da, Wagnerreko komandante eta armadako zerbitzu sekretuko agente ohia, zeinak parte hartu baitzuen Errusiak Donbass eskualdean eginiko erasoaldian, 2014an Krimea penintsula anexionatu ondoren. Hegazkinak lurra jo zuen eremutik gorpuak erretiratzen hasi dira gaur goizaldean agintari errusiarrak, eta Errusiako abiazio agentzia zer gertatu den ikertzen ari da. Vladimir Putin presidenteak arratsaldean hitz egin du, eta hitzeman du agintariek ikertuko dituztela ustezko hegazkin istripuaren inguruabarrak, zeinean hil baitzen Prigozhin. Doluminak eman dizkie hildakoen senideei.
TASS Errusiako berri agentziak Suediako Flightradar24 zerbitzuaren informazioa kaleratu du; zerbitzu horrek aire trafikoaren nondik norakoak jasotzen ditu, eta, haren arabera, Prigozhin eta gainerako bederatzi bidaiariak zeramatzan hegazkina Moskutik San Petersburgora zihoan. Txostenaren arabera, hegazkina aireratu ondoren, 8.500-9.000 metroko altueran egonkortu zen, harik eta bat-batean beherantz azkar egin zuen arte. Hegazkina 6.000 metroan zegoela jaso zituen Flightradar24 zerbitzuak hari buruzko azken datuak. Erregistraturiko altuera aldaketa guztiak 32 segundoan gertatu ziren. Errusiako abiazio agentziak zehaztu zuen hegazkinak 18:40an jo zuela lurra —Euskal Herrian 17:40an—, Kuzhenkino herrixkan.
Orain, galdera nagusia da halabeharrez gertatutako istripua izan den edo nahita eragindakoa. Azken horrekin lotuta, hain zuzen, enpresariaren alboko Grey Zone Telegram kontuak Defentsa Ministerioari egotzi dio Prigozhin zeraman hegazkina eraitsi izana, aireko defentsa sistemen bidez: «Wagner taldeko burua, Errusiako heroia, abertzalea, Yevgueni Viktorovitx Prigozhin, Errusiako traidoreen ekintzen ondorioz hil da. Baina infernuan ere onena izango da! Aintza Errusiari!».
Ikusi gehiago: Aliatuak desafio egin dio Putini
Prigozhin hitzontzi agertzen zen Telegramen zabaldutako bideoetan, eta usu jotzen zuen mehatxura. Errusiako armada Wagnerrekoekin borrokatu da Ukrainako gerra fronteko zenbait eremutan; esaterako, Bakhmuteko bataila amaigabean, Donetsk probintzian. Baina gudu zelaian izandako gorabeherak tarteko, paramilitarren buruak jopuntuan jarri zituen Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoigu eta Estatu Nagusiko buruzagi Valeri Gerasimov, Wagnerri behar beste munizio ez emateagatik, besteak beste.
Ikusi gehiago: Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek
Are, Prigozhinen eta Defentsa Ministerioaren arteko tentsioak gora egin zuen. Wagnerreko buruak altxamendu saiakera egin zuen ekainaren 23ko gauean —atzo bi hilabete bete ziren—, eta, biharamunean, Errusiako Rostov Don hiriaren kontrola hartu ondotik, Moskurako martxa abiatu zuen, harik eta operazioa gelditzea erabaki zuen arte, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkorekin negoziatu eta gero. Dena den, nazioari «traizio egitea» egotzi zion Putinek Prigozhini, eta ohartarazi zuen «gerra zibil bat» hastear egon zirela. Dena den, Kremlinek Wagnerrekoen aurkako zigor auzibidea artxibatu zuen.
«Arrazoizko zalantzak»
Atzoko ezbeharrak zalantza asko eragin ditu, eta erreakzioak ere halakoxeak izan dira, nazioartean gehiago etxean baino. Bere burua sozialdemokratatzat jotzen duen Errusia Justua alderdiko buru Sergei Mironovek Telegramen idatzi duenez, «Prigozhinek enbarazu egiten zien Errusiari, Ukrainari eta Mendebaldeari», eta, egunak aurrera joan ahala, Kremlinen aurkako etsai kopuruak «goia jo zuen». «Beraz, Prigozhinen kasuan, esaterako, kontua ez da ezbehar baten ondorioz hil zela, baizik gizatxar jakin batzuek egindako ekintza baten ondorioz». Mironovek ohartarazi du «dauden lekuan daudela», zigorra «saihetsezina» izango dela.
Nazioartean, berriz, Frantziak gaur adierazi du «arrazoizko zalantzak» dituztela atzoko ezbeharraren «inguruabarrei» buruz. Gobernuko eledun Olivier Verani gertatutakoaren inguruan galdetu diote France 2 telebista katean, eta hau erantzun du: «Oraindik ezbeharraren nondik norakoak ez dakizkigun arren, arrazoizko zalantza batzuk ditugu». Antzera mintzatu da Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden, eta, haren arabera, «Putin inplikatuta ez dagoen gauza gutxi» gertatzen dira Errusian. «Ez dakit zehazki zer gertatu den, baina, era berean, ez nau harritzen».
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ziurtatu du Errusiaren auzoko herrialdeak ez daukala «inolako loturarik» atzo Tver eskualdean gertatutakoarekin: «Badakigu nor izan den». Hori bai, erantsi du Prigozhinen heriotza «albiste ona» izan dela Ukrainarentzat.
«Operazio berezia» Krimean
Ukraina Independentzia Eguna ospatzen ari den honetan —duela 32 urte aldarrikatu zuen—, armadak «operazio berezia» egin du gaur goizaldean, Krimean, Errusiak 2014an anexionatu zuen penintsulan. Sinbolismoz betetako operazio batean, Ukrainako zerbitzu sekretuko militarreko agenteak penintsularen mendebaldeko muturrera heldu dira txalupa batean, eta Tarkhankut lurmuturrean zirela, Errusiaren ekipamendua kendu dute, Kieveko zerbitzu sekretuko militarrak kaleratutako bideo baten arabera. Lehorreratzean, iturriek azaldu dutenez, Errusiako indarrekin borrokak izan dituzte.
Operazioa Kieveko zerbitzu sekretuko militarrek antolatu dute, armadarekin lankidetzan, eta «arrakastatsutzat» jo dute, Kieveko iturrien arabera. Bideo horretan, talde armatu bat ageri da, ilunpean tiro egiten eta Ukrainako bandera haizatzen, identifikatu gabeko leku batean.