Atzo arratsaldean lurra jo zuen, Errusian, Wagner talde paramilitarreko buru Jevgeni Prigozhin zeraman hegazkin pribatuak. Hala baieztatu du Errusiako abiazio agentzia federalak. Hamar pertsona zihoazen hegazkinean denera, eskifaiako hiru kide eta zazpi bidaiari, eta herrialdeko Larrialdi Ministerioak adierazi du guztiak hil direla istripuan. RIA agentziaren erranetan, hegazkina erre egin zen lurra jo zuenean, eta ordu erdi baino gutxiago zeraman airean. Moskutik San Petersburgorakoa zen hegaldia, eta Kuzhenkino herriaren parean gertatu da ezbeharra. Gertatutakoa ikertzen ari dira.
Bestalde, Kremlinek kargugabetu egin du aire indarreko buruzagi Sergei Surovikin, atzo jakinarazi zuenez. Ukrainako inbasioaren testuinguruan, Errusiako indarren buruzagi nagusi ezarri zuten Surovikin iazko urrian, baina, urtarrilean, kargu hori Valeri Gerasimov jeneralaren esku geratu zen, eta Surovikin haren alboko izendatu zuten. Orain, Kremlinek kargutik kentzea erabaki du, Wagnerrek ekain amaieran egindako matxinada saiakerarekin ustez izandako loturagatik.
Ikusi gehiago:Jevgeni Prigozhin eta Wagnerren matxinada